- 27.900 pertsona bertaratu dira ospatu diren 75 hitzorduetara, bataz besteko % 74ko okupazioarekin.
- Auditorioaren okupazioa % 90etik (2019 eta 2018ko datuak) % 80 pasa da.
- Ikuspegi artistikotik, nabarmentzekoa da Xabier Anduaga eta Elena Sancho-Pereg abeslariek La Fille du Régiment operan elkarrekin egin duten debuta, Hamabostaldiaren ekoizpen berrian. Errepertorio ezohikoagoari publikoak egindako harrera ere azpimarratzekoa da.
Bihar amaituko da 83. Donostiako Musika Hamabostaldia, larunbata, abuztuak 27, Txekiar Orkestra Filarmonikoak Semyon Bychkov zuzendariak gidatuta jaialdian emango duen bigarren kontzertuarekin. Lehenago, gaur, abuztuak 26, Kursaaleko agertokia hartuko du Mahlerren 7. Sinfonia interpretatzeko. Bihar, abuztuak 27, berriz igoko da oholtzara, Katia eta Marielle Labèque pianistekin, Evelina Dobračeva sopranoarekin, Lucie Hilscherová mezzoarekin, Aleš Briscein tenorrarekin, Jan Martiník baxuarekin, Daniela Valtová Kosinová organistarekin eta Donostiako Orfeoiarekin: 83. Musika Hamabostaldia itxiko dute, festa giroan, Dvorak eta Martinu bezalako egile bohemiarren obrekin, eta Leos Janacek konpositorearen Meza glagolitiko erraldoiarekin. Bi hitzorduak 20:00etan hasiko dira, Kursaal Auditorioan.
Pandemiaren eraginez tamaina txikiagoko bi edizio ospatu ostean, edukiera osoak berreskuratzea izan da edizio honen ezaugarri bereizgarrietako bat. Kontzertuetara bertaratutako ikusle kopuruak joera positiboa iragartzen du: Kursaal Auditorioan, jaialdia hasi baino lehen aurreikusi zen publikoaren jaitsiera % 10ekoa baino txikiagoa izan da. 28.200 pertsona bertaratu dira ospatutako 75 musika hitzorduetara eta leihatilan bildutako diru-kopurua 669.000 € gordinekoa izan da guztira. Urrun gelditu dira 2021eko datuak (385.000 €), baina ez dira 2019koak erdietsi: orduan 942.000 € bildu ziren leihatilan, kontzertu kopuru handiagorekin.
Kursaal Auditorioan ospatutako kontzertuen zikloak 14.481 ikusle izan ditu guztira. % 80ko okupazioa, hain zuzen ere. Jaialdira opera eszenifikatua itzuli izanaren lekuko izan da Hamabostaldiaren gune nagusi eta jaialdiko kontzertu sinfoniko-koralen agertoki dena. Elena Sancho Pereg eta Xabier Anduaga abeslariek, nazioartean etorkizun handia duten abeslari donostiarrak biak, elkarrekin interpretatu dute La Fille du Régiment. Eskainitako bi emanaldietan Xabier Anduagak lehen aldiz egin zuen bisa bere hirian, “Ah! Mes amis” aria ezaguna duen eszenarekin (“Ikusleek benetako pasioarekin erantzun zioten Xabier Anduagaren arrakastari”, E. Bert, Ritmo). Ekoizpen berriak urri diren garai honetan, ia bere osotasunean bertako abeslariekin osatutako abeslari-zerrenda izan duen proposamen berrian murgildu da Musika Hamabostaldia. Horrez gain, jaialdiaren ingurumen-politikaren arabera diseinatu eta eraikitako eszenografia izan du ikuskizunak. Kursaal, era berean, Hamabostaldiaren egitarauan ezohikoa den genero baten itzuleraren lekuko izan da: zarzuelarena, hain zuzen ere, edizio honetako hainbat kontzertu eta ikuskizunetan omendu duten Pablo Sorozabal konpositorearen jaiotzatik 125 urte betetzen diren honetan. La tabernera del puerto zarzuelaren kontzertu bertsioak Miren Urbieta-Vega eta Andeka Gorrotxategi izan ditu zerrendaburu, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta Landarbaso Abesbatzarekin batera, publikoaren harrera bikainarekin (“Zarzuela Musika Hamabostaldi donostiarrera itzuli da hainbat urteko hutsunearen ondoren. Eta arrakasta handiz egin du, leporaino betetako Kursaal horretan ikusi ahal izan genuen bezala”, A. García Urcola, Scherzo).
Ohikoa den bezala, nazioarteko hainbat taldek parte hartu dute zikloan: Monteverdi Choir eta English Baroque Soloists, John Eliot Gardiner zuzendariaren batutapean; Frankfurteko Irrati Orkestra, Alain Altinogluk zuzenduta eta Bomsori Kim biolinistarekin; Collegium 1704, Václav Luks maisuarekin; eta dagoeneko aipatutako Txekiar Orkestra Filarmonikoa, Semyon Bychkov zuzendariarekin. Bertako taldeek ere garrantzia handia izan dute: Hamabostaldian ezohikoa den musika amerikarrari eskainitako kontzertuan Wayne Marshall zuzendariak Euskadiko Orkestra eta Andra Mari Abesbatza zuzendu zituen Gershwin konpositorearen obrak interpretatzeko. Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) eta Kanariar Uharteetako Gazte Orkestrak (JOCAN) agertokia partekatu zuten: aitzindaria izan da gazte orkestren arteko topaketa hau. Guzti honi euskal abesbatzen parte-hartzea gehitu behar zaio: Donostiako orfeoia, Donostiako Orfeoi Gaztea, eta Landarbaso, Easo, Andra Mari eta Vocalia Taldea abesbatzak. Nazioartekoen artean izan dira Monteverdi eta Collegium Vocale 1704. Koruen parte-hartze handiak musika mota honek jaialdian duen nagusitasuna berresten du eta abesbatzek inguru honetan dituzten sustrai sakonen isla da.
Victoria Eugenia Antzokian Ballet Flamenco de Andalucía konpainiak “El Maleficio de la Mariposa” ikuskizuna aurkeztu du, sarrerak agortuta eta ikusleen harrera beroarekin (“ikusleak zutik eta bost minutuko txalo-zaparrada Musika Hamabostaldiaren 83. edizioko dantza apustu handienarentzat”, I. de Arantzibia, DV). Antzokiak Víkingur Ólafsson pianistaren errezitala ere hartu du. Islandiarrak Mozarten obrari egin dio aurre, konpositorearen garai bereko beste egile batzuen lanekin. Ohi bezala, Haurren Hamabostaldiaren egoitza ere izan da Victoria Eugenia: Itsasotik lana estreinatu da, haurrentzat eta haurrek sortutako Hamabostaldiaren ekoizpen berria. Easo Abesbatzaren eta Aila Laredo Eskolaniaren arteko lankidetzaren bidez garatutako proiektuak Gorka Miranda izan du gidari, eta Mafalda Saloio izan da zuzendari artistikoa. Guztira 1.481 pertsona bertaratu dira Victoria Eugeniara.
Asteotan publikoak gozatu ahal izan duen errepertorioari dagokionez, kanonean ezarritako obrez gain, ezohiko programen eta errepertorio berritzaileen aldeko apustua egin du jaialdiak, baita obra berrien aldekoa ere. Ildo horretan, nabarmentzekoa da publikoak Weinberg, Martinů, Gershwin, Janáček, Zelenka, Gallupi edo Cimarosa bezalako konpositoreekiko izandako erantzuna. Musika Garaikideko Zikloan Gabriel Erkorekaren Ametsak 3, Egemen Kurten Loquela Codex eta Núria Giménez Comasen Clairobscur obrak estreinatu dira; Ganberako Musika Zikloan, David del Puertoren 2. Kuartetoa; eta Organo Zikloan, “Agur jesusen ama”-ri buruzko fantasia, David Briggsek idatzi duena Hamabostaldiak enkargatuta. Jaialdian zehar dantza ikuskizun berriak ere plazaratu dira lehen aldiz: Jone San Martínen Aditu, Tabakalera Dantzan zikloan, eta Kukai Dantzaren Eta orain zer?, bihar estreinatuko dena Errenterian, Musika Aitzaki zikloaren baitan. Azken ikuskizun horrek, gainera, Pascal Gaigne konpositorearen musika original berria izango du, eta EGOk interpretatuko du, eszenaratze ezohiko batekin.
Jaialdia osatzen duten ziklo ezberdinei dagokienez, San Telmo Museoko klaustroa, beste behin, Antzinako Musika Zikloaren eta Ganberako Musika Zikloaren agertokia izan da. 2.216 pertsona bertaratu dira kontzertu horietara eta hainbat kontzertu erabat bete dira.
Aipatutako estreinaldiez gain, Musika Garaikideko Zikloan proposamen berritzaileak aurkeztu dira, besteak beste “Gaur! Iruñeko Topaketen 50. urteurrena” diziplina anitzeko ikuskizuna SIGMA Project taldearen eskutik.
Bere hirugarren urtean, dantza garaikideari eskainitako Tabakalera Dantzan zikloak aurrerapauso arrakastatsua egin du Hamabostaldia bestelako publikoei zabaltzeko helbururantz. Hala berresten du sarrera mugatuko ikuskizunetan edukiera agortu izanak: “Aditu”-ren bi saioetan eta Lasalaren Dead ikuskizunean. Lökke konpainiaren doako hiru kapsulaz gozatzeko aukera ere izan dute Tabakalerako bisitariek.
Organo Zikloak, Ana Belén García koordinatzaile berriaren lehen edizioan, 15 kontzertu eskaini ditu bere egitarauan, Gipuzkoako organo ondare aberatsaren erakusgarri. 4.255 pertsona bertaratu dira kontzertuotara eta nazioartean ibilbide nabarmena egin duten organistak erakarri ditu: Michel Bouvard, Jon Laukvik, François Espinasse, Brett Leighton, Masaaki Suzuki, Gunnar Idenstam eta Wayne Marshall (“Emanaldi paregabeak izan dira bi astean zehar, azken urteotan ikusi ez direnak, nazioarteko eskuetan gure organo ondareaz gozatzeko hitzordu bereziak”, M. Garcia, Berria).
Miramar Jauregian eman dituzte Interprete Gazteen Zikloko kontzertuak Musikeneko ikasleek. Musikeler zikloak ere goi-mailako ikastegiko ikasleak izan ditu protagonista, Kutxa Kulturren udako egitarauan, Tabakaleran.
Musika Aitzaki jaialdiko ziklo ibiltariak Donostiako oholtzetatik harago eraman du musika, hainbat udal eta erakunderen lankidetzari esker. Kulturaren inguruko topaleku bihurtu dira Leire eta Senperen emandako kontzertuak, Sorozabali Arantzazun eskainitako omenaldia, Chillida Lekun bigarren urtez Gerhard laukoteak Shostakovich konpositoreari eskainitako kontzertuak, Elkanoren mundu-biraren bosgarren mendeurrenaren ospakizunak, Ignaziotar ibilbideko txangoa (Gesaltza eta Arantzazu artean oraingoan) edo herri arabarretan egindako ganbera kontzertu txikiak. 3.165 pertsona izan dira Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Arabako (Arabako Foru Aldundiaren kolaborazioarekin) hitzorduetan.
Azkenik, Hamabostaldia publiko berriengana gerturatzeko #SOLasean ekimena berreskuratu du aurten jaialdiak, eraberrituta: musika klasikoko kontzertu batera edo operara lehen aldiz joateko aukera emateaz gain, Tabakalerako dantza garaikideko ikuskizunetara joateko aukera ere eman die herritarrei Musika Hamabostaldiak.