“Haritza eta ihia. Sorozabali omenaldia”, Arantzazun, abuztuaren 25ean

  • Pablo Sorozabal omenduko dute Arantzazun bere kantu euskaldun eta herrikoienekin, bere jaiotzaren 125. urteurrenean.
  • Kantua, musika eta dantza tradizionala nahiz garaikidea uztartuko dituen ikuskizunean arituko dira Easo Abesbatza eta Oñatiko Ganbara Abesbatza.

Musika Aitzaki zikloaren baitan, Donostiako Musika Hamabostaldiak ez dio hutsik egingo aurten ere bere ohiko Arantzazuko hitzorduari. Oñatiko santutegian, abuztuaren 25ean, 19:00etan hainbat euskal artistak omenaldia egingo diote Pablo Sorozabal konpositoreari: abeslariak, pianistak, txistulariak, dantzariak… Easo Abesbatzarekin eta Oñatiko Ganbara Abesbatzarekin ariko dira. Elkarrekin Sorozabal gogora ekarriko dute eta euskal folklorean sustrai sakonak dituzten bere kantuetako batzuk emango dituzte. Izan ere, Pablo Sorozabal konpositore donostiarra izan zen, zalantzarik gabe, XX. mendeko musika sinfonikoko eta lirikoko konpositorerik nabarmenenetako bat. Espainiar genero lirikoari ekarpen erabakigarria egin zion, batez ere zarzuelaren esparruan.

Arantzazuko Santutegia Hamabostaldiko Musika Aitzaki zikloko agertoki enblematikoenetako bat da eta maiz hartzen ditu diziplina artistikoen eta musika generoen arteko zubiak eraiki ohi dituzten ikuskizunak. Ildo horretan, eta Pablo Sorozabalen 125. jaiotza-urteurrena dela eta, Easo Abesbatzak eta Oñatiko Ganbara Abesbatzak konpositore donostiarraren errepertorio euskaldunena interpretatuko dute. Gorka Mirandaren zuzendaritza artistikopean, euskal folklorearen ondare bihurtu diren kantuen hautaketa bat aurkezteko, diziplina ezberdinetako artistak izango dira: besteak beste, Iñaki Salvador eta David de Oliveira pianistak, Zerizan Txistu Taldea, Axular Gero Dantza Taldea, DAB konpainia, María Jaunarena eta Lorea López sopranoa, Luken Munguira tenorra eta ikuskizuna gidatuko duen Eider Pérez aurkezle eta idazlea.