• Gaur asteartea eta bihar asteazkena Kursaal Auditorioan emango dituen bi kontzertuak orkestraren titularra den Jaap van Zwedenek zuzenduko ditu.
• Bomsori Kim biolinaren izarra bakarlari gonbidatu ariko da gaur, Mendelssohnen Biolinerako Kontzertua interpretatzeko.
• Easo Abesbatzak eta nazioarteko lau abeslarik, tartean Matthias Goernek, parte hartuko dute bihar Beethovenen 9. Sinfonia ezagunean.
• Sarrerak: quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan.
Gaur asteartea, abuztuak 25, eta bihar, asteazkena, abuztuak 26, Musika Hamabostaldiak lehen aldiz hartuko du Seoul Philharmonic Orchestra, Asiako orkestra sinfoniko handienetako bat. Programa bikoitzean, Mozart eta Beethovenen vienar klasizismotik Hego Koreako eta Estatu Batuetako musika garaikidera doazen partiturak interpretatuko ditu, bere moldagarritasuna erakutsita. Jaap van Zweden musika-zuzendariaren gidaritzapean eta Bomsori Kim biolinista, Easo Abesbatza eta nazioarteko ahots-laukote bat lankide direla, bi kontzertuak aurtengo Hamabostaldiko mugarri sinfoniko-koraletako bat izango dira. Bi emanaldiak 20:00etan hasiko dira Kursaal Auditorioan. Sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.
1945ean sortua, Seoul Philharmonic Orchestra (SPO) Hego Koreako orkestrarik beteranoenetako eta ospetsuenetako bat, herrialdeko enbaxadore kultural gisa sendotu da, birei, konpositore garaikide korearren lana bultzatzeari, grabazioei eta estreinaldiei esker. 2005ean fundazio independente bihurtu zenean, modernizazio artistikoko eta nazioarteko hedapen-aro bati ekin zion, eta Deutsche Grammophonekin kontratu esklusiboa sinatu zuen, besteak beste; lehenbiziko aldia zen asiar orkestra batek halako akordio handi bat sinatzen zuela alemaniar zigiluarekin. Ordutik, SPOk munduko bakarlari eta zuzendari garrantzitsuenetako batzuekin lankidetzan dihardu eta programazio-ildo sendo bat garatu du, errepertorioko klasiko handiak enkargu eta musika garaikideko estreinaldiekin tartekatuta. Gauzak horrela, Seul mundu mailako mapa sinfoniko globalean kokatzea lortu du orkestrak. Hamabostaldian jardun ondoren, orkestra Meranon (Italia) eta Amsterdameko Concertgebouwen ariko da, Europan barrena egiten ari den biran.
Bi kontzertuetan Jaap van Zweden-ek zuzenduko du orkestra. Amsterdamgo Concertgebouw Orkestrako kontzertino gisa bikain hasi ondoren, zuzendari nederlandarra nazioartean ospe gehien duen batutatako bat bihurtu da azken hamarkadetan. Hong Kongeko Filarmonikoan (2018 – 2024) egon ondoren, Van Zweden New York Philharmonic orkestra ezagunaren musika-zuzendaria izan zen. 2024ko urtarrilean bere gain hartu zuen Seoul Philharmonic-en zuzendari titular izateko ardura eta egun gutxi batzuk falta ditu Radio France-ko Orchestre Philharmonique-ko musika-zuzendari bihurtzeko (irailaren 1etik aurrera). Bereziki ezaguna da maisu erromantiko handien bere irakurketen intentsitateagatik — Beethoven, Brahms, Mahler, Wagner… — eta baita musika garaikidearekiko konpromisoagatik ere. Seulen biziki jardun du orkestraren nazioartekotzean eta mundu osoko bira ugaritan, Koreako talentua bultzatu eta hedatzea helburu hartuta. Seoul Philharmonic Orchestraren proiektu diskografiko handienetako bat Gustav Mahlerren sinfonien ziklo osoa grabatzea izango da.
GAUR, abuztuaren 25a. Ilunpetik argirainoko ibilbidea proposatzen duen egitaraua Jung Jae il konpositore eta multiinstrumentistaren lehenbiziko obra sinfonikoarekin hasiko da, espreski kontzertu-aretoetarako sortua: Inferno. Jung Jae il Parasitoak filmerako eta Kalamarraren jokoa telesailerako idatzitako soinu-bandengatik da ezaguna. Ondoren, Jaap van Zwedenek Mozarten 40. Sinfonia sol minorrean ospetsuaren bere ikuspegia aurkeztuko du. Egitaraua Erromantizismoaren bi partitura nagusirekin osatuko da: Mendelssohnen Biolinerako kontzertua mi minorrean, op. 64, 1838 eta 1844 urteen arteko ernaldi prozesu luze baten emaitza, Leipzigen estreinatu zen 1845ean, Ferdinand David violinista bakarlari zela, eta, birtuosismoaren eta sakontasun lirikoaren orekari esker, Beethovenek finkatutako ereduaren ondorengo zuzen gisa agurtu zuten. Kontzertuan bakarlari ariko da Bomsori Kim biolinista, hegokorear interpreteen belaunaldi berriko izen ezagunenetako bat. Nazioarteko hamar bat lehiaketa handitan saritua — besteak beste, Moskuko Chaikovski, Bruselako Queen Elisabeth, Municheko ARD edo Helsinkiko Sibelius —, eta 2021az geroztik Deutsche Grammophonen artista esklusiboa, Bomsorik ibilbide oparoa egina du Europako, Ipar Amerikako eta Asiako areto nagusietan. Errepertorio erromantikoko bere grabazioak goraipatu ditu kritikak distira teknikoa, kolore-aberastasuna eta sentsibilitate lirikoa konbinatzeagatik, eta ezaugarri horiek ezin hobeto egokitzen dira guren interpretatuko duen Mendelssohnen kontzertuaren izaerarekin. Amaiera gisa, orkestrak Erromako pinuak interpretatuko du, Respighiren trilogia erromatar ospetsuaren bigarren poema sinfonikoa. Piezak gonbidapena luzatzen du betiereko hiriko lau tokitan barrena musikazko bidaia bat egitera.
Abuztuaren 26 asteazkena. Seoul Philharmonic Orchestra minimalismoan murgilduko da berriro The Wound Dresser, Walt Whitmanen bertsoak oinarri hartuta 1989an John Adamsek konposatu zuen baritono eta orkestrarako lana; obraren ahots-molde ia deklamatuak adierazpen-bide aparta aurkituko du Matthias Goerne baritonoaren ahotsean; alemaniar interpretea Lieder eta oratorioko errepertorioaren maisu ukaezina da gaur egun. Ondoren, Beethovenen 9. Sinfonia re minorrean op. 125, "Korala" izango da entzungai, mendebaldeko errepertorio sinfonikoaren monumentu eztabaidaezinetako bat eta obra enblematikoa anaitasun unibertsalaren aldeko mezua zabaltzeagatik. 9. Sinfonian nazioartean proiekzio handia duen ahots-laukote bat ariko da: Gloria Jieun Choi sopranoa, A Kyeong Lee mezzosopranoa, Ji Hoon Son tenorra eta lehen aipatutako Matthias Goerne. Atal koral ospetsua Easo Abesbatzak kantatuko du.
Kontzertu honetan Hamabostaldiak laguntzaile du SER – Radio San Sebastián.
