Sir John Eliot Gardinerrek The Constellation Choir & Orchestra, bere proiektu berria aurkeztuko du

•    Abuztuaren 22an, larunbatarekin, 20:00etan, Kursaal Auditorioan.

•    John Eliot Gardinerrek berebiziko garrantzia izan du hazken hamarkadetan antzinako musikak izan duen garapenean, eta 2024an sortu zuen taldeak helburu du iraganeko musika-errepertorioa egungo ikuspegitik aztertzea.

•    Alemaniar erromantizismoko bi partitura sinfoniko-koral gailen interpretatuko dituzte: Johannes Brahmsen Patuaren kanta eta Felix Mendelssohnen 2. Sinfonia, "Lobgesang".

•    Sarrerak: quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan.

Datozen egunotan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren 87. edizioak nazioarteko hiru orkestra handi hartuko ditu, abuztuaren 22tik 30era bost kontzertu emango dituzte guztira: The Constellation Choir & Orchestra, Seoul Philharmonic Orchestra eta Milango Scalako Orkestra Filarmonikoa. Larunbatean, hilak 22, Sir John Eliot Gardiner zuzendari britainiar ospetsuaren proiektu berrienaren, The Constellation Choir & Orchestra txanda izango da. Brahms eta Mendelssohni eskainitako programa erromantikoa interpretatuko dute. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerak Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean eros daitezke.

2024ko abuztuan sortua, The Constellation Choir & Orchestrak garaiko musika lantzen duten europar abeslari eta instrumentista nabarmenetako batzuk biltzen ditu. Bi taldeak egoitza Dorset-en duen Springhead Constellation plataformaren baitan sortu ziren, XXI. mendeko artea birdefinitzeko konpromisoa duten musika talde, artista eta sortzaileek osatutako talde zirraragarria, diziplina artistikoen arteko lankidetza bultzatzea xedetzat duena. The Constellation Orchestra eta The Constellation Choir dira plataforma horretako talde nagusiak; talde hostorizisten buru gisa, Gardinerrek hamarkada luzeetan egindako lanaren gailurra izateaz gain, koru- eta orkestra-errepertorioa ikuspegi berritzaile batetik aztertzeko laborategi artistikoak ere badira horiek. Gardinerren gidaritzapean, taldearen ezaugarri dira zorroztasun estilistikoa, adierazpen-indarra eta baita publikoarekiko hurbiltasuna ere; izan ere, aldizka publiko ororentzako irisgarriak eta hezitzaileak diren egitasmoak burutzen dituzte, arteekin edo filosofiarekin lotuta.

Sir John Eliot Gardiner (Erresuma Batua, 1943) gure garaiko antzinako musika-zuzendari garrantzitsuenetako bat da. Historikoki informatutako musika-mugimenduaren aitzindarietako bat izan zen, Leppard, Harnoncourt edo Pinnock-ekin batera, eta interpretazioan leialtasun historikoaren bide horretan aurrera egiteko, Monteverdi abesbatza eta English Baroque Soloists taldeak sortu zituen. Talde horiekin hainbat aldiz aritu da Musika Hamabostaldian, azkenezkoz 2016an eta 2022an. Europako disko-etxe nagusientzat (Deutsche Grammophon eta Philips Classics, batik bat) egindako 250 grabaziotan jasotako errepertorioaren bidez, Gardinerrek iragan urruneko musika zentzu filologikoarekin landu baino, ikuspegi garaikide batetik lantzearen alde egin zuen laster, garaiko instrumentuak erabiltzearen aldeko apustu sendoa eginda, betiere. "Gaur-gaurkoz ezin dut imajinatu obra horiek garaiko instrumenturik gabe interpretatzea", adierazi du musikari britainiarrak. "Horien bidez, urteekin galdutako adierazkortasuna eta bizitasuna aurkitzea da garrantzitsuena. Baina ez dugu inoiz ahaztu behar hogeita batgarren mendeko izakiak garela, gure garairako berebizikoak diren estilo, keinu eta emozioen bila. Musikari bakoitzak emozionalki garaikideak direla sinetsita interpretatu behar ditu pieza horiek".

Oraingo honetan, Gardinerrek programa erromantiko bat dakar gurera, eta horretan lagun izango ditu  Hilary Cronin, Sam Cobb eta Jonathan Hanley kantariak. Hilary Cronin sopranoa, BBC Music Magazine aldizkariak 2022ko Rising Star gisa saritua, 2021ean Londresko Handel International Singing Competition saria irabazi zuenetik gailentzen joan den kanataria da. Sam Cobb soprano gaztea, Londresen eta Hagan ikasi eta Monteverdi abesbatzaren harrobitik ateratakoa, azken denboraldietan bakarlari dihardu, besteak beste, Armonico Consort eta Oxford Bach Soloists taldeekin batera. Kantari britainiarren hirukoa osatzeko, bertan izango da Jonathan Hanley tenorra. Abesbatzako haur gisa hasi zen kantuan eta Monteverdi Abesbatzako harrobitik dator hori ere. Gaur egun, bakarlari dihardu zona handiko hainbat talderekin: English Baroque Soloists, La Grande Chapelle, Royal Northern Sinfonia…

Egitarauari dagokionez, larunbatean alemaniar errepertorio sinfoniko-koralaren gailurrean dauden bi obra izango dira entzungai. Johannes Brahmsen Patuaren abestia, op. 54 laburra da, baina adierazpen-gaitasun mardulekoa; Friedrich Hölderlinen poema bat oinarri hartuta, Brahmsek "jenio dohatsuen" munduaren lasaitasun argitsua kontrajartzen du sufrimenduaren eta iheskortasunaren artean harrapatuta dagoen gizakiaren egoera asaldatuarekin. Felix Mendelssohnek Gutenbergek tipo mugikorreko inprenta asmatu zueneko laugarren mendeurrena ospatzeko idatzi zuen 2. Sinfonia si bemol maiorrean, "Lobgesang" (laudoriozko kantua). Hasierako sail sinfoniko zabala, sinfonia oso bat, oratorio batekin konbinatzen du; oratorioan, testu biblikoetatik abiatuta, abesbatzarako mugimenduek zein bakarlarienek "laudoriozko ereserki" bat osatzen dute, inprimatutako hitzak fede, ezagutza eta berrikuntza espiritualaren bitarteko gisa duen ahalmena azpimarratzeko.

Kontzertu honetan Hamabostadiak lankide du Fundación Banco Sabadell erakundea.

Ikus programa

Nota de prensa

 

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.