• Abuztuaren 29an, larunbata, Dvoraken lanari eskainiko zaion kontzertu monografikoan, Julia Hagen biolontxelista austriarra ariko da bakarlari gonbidatu.
• Amaiera kontzertuan (abuztuak 30, igandea) orkestrak Donostiako Orfeoia izango du lagun.
• Azken sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan salgai.
Azken egunotan Sir John Eliot Gardinerren The Constellation Choir & Orchestra eta Jaap van Zwedenek zuzendutako Seoul Philharmonic Orchestra gurean izan ondoren, 87. Donostiako Musika Hamabostaldia Milango Scalako Orkestra Filarmonikoak, Riccardo Chailly musika zuzendariaren gidaritzapean emango dituen bi kontzertuekin amaituko da. 2024ko udan jaialdira egindako lehen bisitan lortutako arrakasta itzelaren ostean, orkestra eta zuzendari italiarrek abuztuaren 29an, Julia Hagen biolontxelistarekin batera, Dvoráki eskainitako monografikoa aurkeztuko dute, eta 30eko amaiera kontzerturako, Verdi eta Tchaikovskyren lanak aukeratu dituzte; horretan Donostiako Orfeoia izango dute lankide. Bi hitzorduak 20:00etan hasiko dira Kursaal Auditorioan. Emanaldi horietarako azken sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.
Milango Scalako Orkestra Filarmonikoa 1982an sortu zen Claudio Abbadoren eskutik, Scala antzokiko orkestrako musikariek osatutako erakunde autonomo gisa, Milango koliseo historikoan operan jardutearekin batera arlo sinfonikoa jorratzeko. Antzerkiko orkestra titularra osatzen duten musikari berberek osatzen badute ere, xedea da errepertorio sinfonikoa lantzea. Orkestra filarmonikoak bere denboraldi sinfoniko propioa du, bere marka, bere programazioa eta bestelako hainbat ekimen sustatzen ditu, esaterako, urtero Piazza del Duomon milaka pertsona biltzen dituen Concerto per Milano. Claudio Abbadoz gain, lotura estua izan zuen Carlo Maria Giulinirekin eta Riccardo Mutirekin. Eta, jakina, baita Riccardo Chaillyrekin ere: 2015ean bere gain hartu ondoren, urte honen amaieran utziko du La Scalako eta Filarmonikako musika-zuzendari izatearen ardura; azken hamarkada honetan, Chaillyk orkestraren nazioarteko jarduna indartu du, bira eta disko-grabaketa ugarirekin, besteak beste, konpositore italiarrei eskainitako diskoena. Halaber, Scalako Filarmonikoak azken 40 urteetako zuzendari garrantzitsuenekin egin du lan: Georges Prêtre, Lorin Maazel, Wolfgang Sawallisch, Zubin Metha, Leonard Bernstein, Daniel Barenboim eta beste asko.
Riccardo Chailly, zuzendarien urrezko belaunaldi baten atzeneko ordezkarietako bat izateaz gain, azken hamarkadetako batutarik eraginkorrenetako bat ere bada. Milanen jaio zen 1953an, eta, Luciano Chailly konpositorearen seme, musika giroan hazi zen. Sienan, Franco Ferrararen tutoretzapean osatu zuen zuzendari prestakuntza; hogei urte besterik ez zituela Claudio Abbadoren laguntzaile bihurtu zen Milango Scala antzokian. Geroztik, Berlingo Irratiko Orkestra Sinfonikoaren, Amsterdamgo Royal Concertgebouw Orchestraren eta Leipzigeko Gewandhausorchesterren titular izan da, eta operaren alorrean ibilbide oparoa egin du agertoki nagusienetan: New Yorkeko Metropolitan Opera, Londresko Covent Garden, Vienako Estatu Opera edo Municheko Bayerische Staatsoper, besteak beste. Aldi berean, Chaillyk disko ugari grabatu du — asko Decca zigiluarentzat —, eta nazioarteko sari ugari jaso ditu horiei esker. Hamabostaldian, 1997 eta 2003 urteetan Amsterdamgo Concertgebouw Orkestraren zuzendari aritu zen, eta 2024an, aldiz, Scalako Orkestra Filarmonikoaren buru zela.
Abuztuaren 29 larunbata. Egitaraua Antonín Dvorak konpositore bohemiarraren lanari eskainitakoa izango da: bere bi obra ezagun izango dira entzungai. Batetik, Biolontxelorako kontzertua, 1894 eta 1895 artean, New Yorkeko National Conservatory of Music-eko zuzendari izan zen azken urtean idatzi zuena; biolontxelorako idatzitako garai guztietako kontzertu handienetakotzat jotzen da eta oso miretsia da bere orkestra-idazkeraren aberastasunagatik eta bakarlariaren distira zein lirismoagatik; bakarlariarentzako pasarte hori Julia Hagen austriar biolontxelista gazteak interpretatuko du. 1995ean Salzburgon, Hagen Quartett taldeko musikari-familia ospetsuaren baitan jaioa, bere belaunaldiko promesa handienetako bat bihurtu da eta sarri aritzen da Salzburgo, Verbier edo Gstaad jaialdietan, eta Zuricheko Tonhalle, Berlingo Konzerthausorchester edo Linzeko Bruckner Orchester orkestren lankide izana da. 1684ko Francesco Ruggieri biolontxelo aparta du Hagenek, eta horren soinu bero eta sakona ezin hobeto egokitzen zaio Dvoraken kontzertuaren unibertso liriko eta nostalgikoari.
Kontzertuaren bigarren zatian, 9. Sinfonia mi minorrean, op. 95, "Mundu Berriarena" ospetsuaz gozatzeko aukera izango da. Hori ere Estatu Batuetan egon zen garaian idatzi zuen Dvorakek, 1893an. Bere jaioterri Bohemiarekiko nostalgia eta Amerikako soinu-paisaiarekiko lilura islatzen ditu aldi berean.
Abuztuaren 30 igandea – ITXIERA KONTZERTUA. Abuztuaren 30ean jaialdiari amaiera emango dio Milango Scalako Orkestra Filarmonikoak eta Riccardo Chaillyk emango duten kontzertuak. Egitarauan, Chaillyren bi berezitasun nabarmen: Giuseppe Verdi eta Piotr Ilich Tchaikovsky. Verdiren "La forza del destino" operako Oberturak irekiko du emanaldia; 1869an operari txertatua, benetako poema sinfoniko independente gisa dago ondua: patuaren gaia iragartzen duten hiru akorde sendorekin hasi eta Allegro agitato e presto urdurira igarotzen da; horretan operaren tentsioa kondentsatzen duten gertakari lirikoak eta leherketa dramatikoak tartekatzen dira. Ondoren, Verdik 1886 eta 1897 bitartean, italieraz eta latinez, askotariko ahots eta orkestra taldeentzat konposatu zituen Lau pieza sakratuetako bi entzuteko aukera izango da (gerora erabaki zuen horiek multzo homogeneo batean biltzea); Stabat Mater koru misto eta orkestrarako idazkeragatik nabarmentzen da; Ama Birjinak gurutzearen oinean bertan pairatutako sufrimenduari buruzko testuaren dramatismoa espresibitate ia operistiko batek areagotzen du, dinamika, kolore eta testurako kontrasteekin, koruari zehaztasun eta ñabardurarako gaitasun izugarria eskatzen duena. Koru bikoitzerako eta orkestrarako Te Deum Verdiren azken lorpen handienetakotzat jotzen da; otoitz soileko uneak eta gorazarre handiko uneak konbinatzen ditu, koru- eta orkestra-masa egitura monumental batean gainjarrita. Horiek interpretatzeko, Scalako Orkestra Filarmonikoak Donostiako Orfeoia izango du lagun. Hamabostaldiak Orfeoia bidaide izan du bere historia osoan zehar (jaialdiaren 70 ediziotan baino gehiagotan parte hartu du), eta sarritan gonbidatua izaten da jaialdiaren amaierako kontzertuetan.
Bigarren zatian, eta berriro ere patuaren gaiari helduta, Riccardo Chaillyk XIX. mende amaierako sinfoniarik originalenetako bat zuzenduko du, Piotr Ilich Tchaikovsky-ren 4. Sinfonia, op. 36, non sinfonismoak eta baletaren espirituak elkarri laguntzen dioten orkestra-birtuosismoaren, lirismoaren eta pasio erromantikoaren erakustaldi paregabean.
Kontzertu honek Laboral Kutxaren babesa du.
