Abuztuaren 9an, larunbatarekin, Donostiako Kursaal Auditorioan izango da Musika Hamabostaldiaren 86. edizioan kontzertu bertsioan interpretatuko diren bi operatatik lehena. Gainera, oso proposamen berezia da, euskaraz idatzitako opera bakarrenetarikoa izango baita entzungai: Jesus Guridiren Amaya. Hori interpretatzeko, Musika Hamabostaldiak ehuneko ehunean euskalduna den musikari taldea bildu du. Arantza Ezenarro sopranoa, Gillen Munguía tenorra eta Marifé Nogales mezzosopranoa buru direla, Euskadiko Orkestrak eta Easo Abesbatzak osatzen dute Diego Martin-Etxebarriak zuzenduko duen kontzertu bertsioaren ardatza. Musika Hamabostaldiaren historian lehen aldiz interpretatzen den heinean berezia izango den Amayaren emanaldi , 20:00etan hasiko da, eta sarrerak 12 eta 64 euro arteko prezioan daude eskuragarri, Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean.
1920ko maiatzaren 22an, Bilbo Amaya drama lirikoaren jaiotzaren lekuko bihurtu zen. Jesus Guridi konpositore gasteiztarraren epopeia musikal horrek Francisco Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII (1879) eleberria du oinarri; hiru ekitalditan eta epilogoa ditu, azken hori libretoaren egile José M.ª Arroita Jaureguik idatzia. Bilboko Koral Elkarteak eta Bartzelonako Orkestra Sinfonikoak estreinatu zuten, Albia Koliseoan, Lamote de Grignonen gidaritzapean.
Hamarkada bat lehenago Mirentxu euskarazko bere aurreko opera estreinatu zenetik Guridi euskarazko lan berri bat sortzea zebilkien buruan. Amayaren konposizio prozesua konplexua izan zen; izan ere, epopeia kutsuko partitura bat ondu nahi zuen, pertsonaien dimentsio emozionala atzemateaz gain, problematika zabalago bat adieraziko zuena: bi zibilizazioren arteko talka, paganoa eta kristaua, alegia. Dualtasun horrek Espainiako panorama lirikoan berezi bihurtzen duen dimentsio epikoa eman zion obrari, eta Guridik drama musikalaren maisu gisa zuen ospea sendotu zuen horrekin. Baina, Amayaren arrakasta gorabehera, 1886an Gasteizen jaio eta 1962an Madrilen hil zen konpositoreak ez zuen berriro operarik idatzi, aurrerantzean zarzuela landu zuen.
VIII. mendearen hasieran girotua, trantsizioan dagoen euskal herri baten erretratua egiten du Amayak. Teodosio Goñikoa errege berri aukeratu ondoren, istorioak Amaya aurkezten du, Aitor patriarka mitikoaren azken ondorengoa. Herriak ziurtzat jotzen du Amaya errege izango denarekin ezkonduko dela baina, maitasuna elkarrenganakoa den arren, Amaya bere izeba Amagoyaren babespean dago. Lurraldeko eremu handi batean nagusitzen den kristautasunaren aurrean, sinesmen paganoen defendatzaile sutsua da Amagoya. Maitasunaren, familiaren eta tradizioen zamak harrapatutako pertsonaia horien trama wagnertar ezaugarriak dituen musika indartsuz jantzi zuen Guridik.
