2021ean lehenengoz sinatutako hitzarmena lau urtez berritu dute orain museoak eta musika jaialdiak. Hitzarmen honen xedea da Musika Hamabostaldiko programazioaren baitan musika jarduerak antolatzeko lankidetza ezartzea eta bideratzea. Urtero San Telmo Museoan eskainiko den kontzertu, hitzaldi edo bestelako ekitaldi sorta adostuko da, kultur sustapena bultzatzeko, udako eskaintza aberasteko eta artista gazteei laguntzeko.
Horretarako, urtero, museoak bere ekitaldi aretoa, klaustroa eta eliza jarriko ditu erabilgarri jaialdiarentzat, eta Musika Hamabostaldiak obra baten dohaintza egingo dio museoari, azken honekin aldez aurretik adostuta, eta San Telmoren bildumako parte izatera pasako dena.
Ganbera Musikako eta Antzinako Musikako zikloak dira museoko klaustroan azken urteotan egin direnak.
Artelanei dagokienez, aurtengo artelana duela hilabete gutxi zendutako Jose Zugasti (Eibar, 1952 – Donostia, 2024) egilearen Formaren garapena eta hegaldia eskultura da (170 x 75 x 75 cm). 2003an sortutako lan hau alanbre, hagaxka eta pinturaz egina dago. Museoko klaustroan izango da ikusgai abuztuan zehar. Zugasti izan zen ere 2024ko Hamabostaldiko kartela egin zuen artista.
Artista eibartarrak bakarkako erakusketa ugari egin zituen, hauen artean Kutxaren Kubo aretoko 2009ko eta Eibarko Portaleako 2016ko atzerabegirakoak nabarmendu daitezkeelarik.
Bere obrari dagokionez, hein handi batean, Eibarri, jaioterri zuen hiri industrialari zor dio Jose Zugastik bere berezitasun estetikoa. Betea denaren irudikapen bisuala, gorputzen hauskortasuna eta ezegonkortasuna funtsezko ideiak dira bere lanen garapenean, horretarako zenbait lodieratako burdinak eta alanbreak landuta.
Zugastik iaz Hamabostaldirako sortutako kartelaren jatorria Itsas-dantza margo akrilikoen seriean dago, eta baditu dohaintzan ematen den eskulturarekin antzekotasun formalak. Eibarko eskultore eta margolariak berak honako hau zioen kartelari buruz: "Orkestra zuzendari batek bere batutarekin espazioan musika marrazten duen bezala, formak, kasu honetan pinturarenak, betea denaren izaeratik askatzeko borrokatzen dira, espazioan askotariko doinuak marraztuta, lasaitasunaren eta agresibitatearen arteko hegaldiak, baxu eta altuak, naturaren izaera anitza irudikatuta".
Hauek izan dira akordio honi esker 2021etik hona San Telmoren bilduman sartu diren lanak, museoak duen euskal artearen errepresentazioa aberastuz:
2021ean, Xabier Erkiziaren Zubiak dira zauriak, zauriak dira orbainak, orbainak dira izenak (2016-2020) ikus-entzunezko instalazioa.
2022an, Susana Talayero artistaren hiru lan izan ziren dohaintza osatzen dutenak: El grito (2014), Ser cráneo II (2020) eta Planta 1 (2020), hirurak tamaina handiko lanak.
2023an, María Paz Jiménezen Izenbururik gabe lana, 1960-62koa.
2024an, Néstor Basterretxearen Viento Oeste (1959) behe-erliebea.
