Conductus Ensemble taldeak Senperera eramango du Musika Aitzaki zikloa eta Antzinako Musika Zikloan ariko da Bachen obrari eskainitako programa banarekin

  • Sortu zenetik, Musika Hamabostaldiarekin lotura estua du talde euskaldunak.
     
  • Johann Sebastian Bach konpositorearen obra landuko dute bi kontzertuetan.
     

 

 

Andoni Sierrak sortu eta zuzentzen duen Conductus Ensemble euskal ahots eta instrumentu taldea bitan ariko da aurtengo Donostiako Musika Hamabostaldian: batetik, Hamabostaldia Senperera (abuztuak 9) helaraziko duen taldea izango da; izan ere, azken urteotan, jaialdiaren ohiko topagune bihurtu da Senpere, Musika Aitzaki zikloaren eskutik. Eta, bestalde, Antzinako Musikako Zikloko publikoaren aurrean aurkeztuko da, ziklo horren baitan Donostiako Koruko Andre Mariaren Basilikan izango den kontzertu bakarrean (abuztuak 13).

Conductus Ensemble taldeak interpretazio historizistan oinarritzen du bere lana eta Errenazimendutik hasi eta XX. menderainoko errepertorioak jorratzen ditu. Horretarako, unean unean hautatutako programaren eskakizuei erantzuteko, taldea osatzen duen interpretatzaile plantilla egokitzen dute. Oraingoan, Musika Hamabostaldian emango dituzten bi kontzertuetarako Johann Sebastian Bachen hainbat obra aurkeztea erabaki dute. Horiek jotzeko, lankide izango dituzte Jone Martínez sopranoa, Gabriel Díaz kontratenorra, Ariel Hernández tenorra eta Jesús García Aréjula baritonoa.

Abuztuaren 9 astelehenean, Musika Aitzaki zikloaren programazioaren baitan, 21:00etan Senpereko San Pierre elizan, Eisenach-ko maisuaren katalogoan BWV 61, BWV 51 eta BWV 4 zenbakiz jasotako kantatak interpretatuko dituzte. Kontzertu horretarako sarrerak eros daitezke www.musikahamabostaldia.eus webgunean, Senpereko Turismo Bulegoan eta Terre et Côte Basques turismo bulegoetan; eta 20 €-ko prezioa dute (tarifa orokorra) eta 8 €-koa 16 urtetik beherakoentzat.

Ondoren, abuztuaren 13 astelehenean, Conductus Ensemble Antzinako Musika Ziklora itzuliko da. Taldea sortu zenetik sarritan aritzen da Hamabostaldiaren zikloan eta horren publikoak pozez hartu ohi ditu bere proposamenak. Kontzertua Koruko Andre Mariaren Basilikan izango da, 19:30ean. Conductus Ensemble abesbatza eta instrumentu talde gisa ariko da eta Bachen bi meza labur (BWV 233 eta BWV 235) interpretatatuko ditu; alemaniar ko npositorearen kantatak eta oratorioak bezain ezagunak ez badira ere, haren gai erlijiosodun ahotserako lan eder eta birtuosoenetakoak dira. Kontzertu horretarako sarrerak eros daitezke www.musikahamabostaldia.eus webgunean, Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta, sarrerarik balego, kontzertuaren egunean bertan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.

Musika Hamabostaldiak euskal artisten lana eta talentua beste eszenatokietara eramateko egiten duen ahaleginaren emaitza dira, bestalde, Conductus Ensemblek, jaialdian aritzearekin batera, abuztuaren 12an Torroellako Jaialdian, 15ean Santanderreko Nazioarteko Jaialdian eta irailaren 10ean Lizarrako Antzinako Musikaren Astean emango dituen kontzertuak.

 

BIOGRAFIA

Conductus Ensemble

Ogibideak eta bokazioak bat egiten duteneko gogo biziak, ongi egindako gauzenganako pasioak eta horiek garai zailenetan ere egiten jarraitzen saiatzeak definitzen dute duela ia 20 urtetik hona izen eta formazio ezberdinekin Andoni Sierrak bere fundaziotik zuzendu duen musika taldea. Conductus Ensemble 2002an sortutako talde bokal eta instrumentala da. Ordutik 150 kontzertutik gora eman ditu Madrilgo Auditorio Nazionalean, Bilboko Euskalduna Jauregian edo Kursaal Auditorioan; nazioarteko hainbat jaialditan, esaterako, Toulouse les Orgueseko Nazioarteko Jaialdian, Musika Hamabostaldian, Cuencako Erlijio Musikaren Astean, Santanderreko Jaialdian edo Torroella de Montgriko Jaialdian, besteak beste. Taldeak bere formazioa programa bakoitzera moldatzen du eta bi atal ditu: bat antzinako musikan espezializatua, eta bestea garai guztietako errepertorioa jotzen duena. Kritika espezializatuak eta entzuleek aho batez txalotu dute kontzertu bakoitza publikoarentzako eta bere musikarientzako esperientzia berezi bihurtzen duen taldea, Berpizkundetik XX. Menderainoko maisulanez betetako errepertorio zabal baten interpretazio historizista egiten duena.