Pianoa, ahotsa, dantza eta organoa Inaugurazio Egunean

• Goizean Jon Urdapilleta pianistak Manuel de Falla konpositoreari omenaldia egingo dio hiriko Donostiako Udaletxeko Batzar Aretoan.

• Verdini Dantza Taldeak "Verdiniren distira" ikuskizuna aurkeztuko du, hori ere Donostiako Udaletxeko Batzar Aretoan.

• Ignacio Arakistain organistak eta Andoni Salamero errezitatzaileak kontzertu bat emango dute Atotxako Aita Frantziskotarren Parrokian; besteak beste, Bachen zein Francken obrak joko dituzte.

• Kresala Dantza Taldeak "Zure barnean: Hidraren mitoa" dantza-proposamena aurkeztuko du arratsaldean Zuloaga Plazan, San Telmo Museoaren ondoan.

• Hamabostaldi Solidarioaren baitan, Julia Blasco eta Nerea González sopranoak eta Lara Martínez pianista arik dira Ategorrietako Villa Sacramento egoitzan eta Zorroaga egoitzan.
 
Donostiako Musika Hamabostaldiaren 87. edizioa igande honetan (abuztuak 2) hasiko da eta Inaugurazio Egunaren baitan, hiriko hainbat gunetan musika eta arte eszenikoen sei proposamen izango dira. Hamabostaldi Solidarioko kontzertuak izan ezik, jarduera guztiek doako sarrera izango dute, edukiera bete arte. 

12:00etan, Donostiako Udaletxeko Batzar Aretoan, Jon Urdapilleta pianistak Manuel de Falla konpositorea omenduko du, Cadizko konpositorearen obra Larrea, Scarlatti, Chopin, Debussy eta Ravelen lanekin uztatuko du. Fallaren sormen-unibertsoari bereziki lotuta egonda, Urdapilleta pianorako errepertorioaren baitan proiekzio handieneko pianistetako bat da. Bere jarduera artistikoan zehar, erreferentziazko agertokietan aritu da, hala nola Madrilgo Auditorio Nazionalean zein Teatro Real-en, Kataluniako Musika Jauregian, Donostiako Kursaal Auditorioan, Bilboko Euskalduna Jauregian, Frankfurteko Alte Opere-n eta Londreseko Steinway Hallen zein St. John 's Smith Square-en. Besteak beste, Euskadiko Orkestrarekin eta Santa Cecilia Orkestra Klasikoarekin ere lan egin du bakarlari gisa, eta, aldi berean, harreman artistiko estua du Donostiako Orfeoiarekin; horren zuzendari gonbidatua izan zen 84. Musika hamabostaldian, Beethovenen bederatzigarren sinfoniaren eta Mahlerren zortzigarren sinfoniaren interpretazioan. Aldi berean, irakaskuntza-lan garrantzitsua egin zuen Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan, Forum Musikae-n eta Madrilgo Reina Sofía Goi Mailako Musika Eskolan.

18:00etan, Donostiako Udaletxeko Batzar Aretoan, Isabel Verdini zuzendari duen Verdini Dantza Taldeak "Verdiniren distira" ikuskizuna aurkeztuko du. Verdini proiektuaren baitan sortutako taldeak, hasieratik aniztasun funtzionala duten pertsonen gaitasun artistikoan eta adierazpen-gaitasunean oinarritutako lana garatzen du. Mugimendua komunikaziorako eta ingurunearekiko harremanerako bide gisa ulertzen dute. Aurkeztuko duten ikuskizunean, gorputzak emoziozko eta ikus-entzunezko esperientziaren protagonista bihurtzen dira eszenan; argiak, erritmoak eta interprete bakoitzaren nortasunak funtsezko zeregina daukate. Montaiak konpainiaren esentzia islatzen du: begirada berrietatik abiatutako inklusiorako, sormenerako eta artearen ospakizunerako espazio irekia izatea, alegia. Jesús Murua eta Aizpea Múgica dira zuzendari laguntzaileak eta Rosi Mirásek arduratu da jantziak diseinatzeaz. 

Ordu berean, Atotxako Aita Frantziskotarren Parrokian Inaugurazio Eguneko beste kontzertu bat izango da: Ignacio Arakistain organistak eta Andoni Salamero errezitatzaileak musika eta hitzaren bidez omenaldia egingo diote Bitoriano Gandiaga poetari, Johann Sebastian Bach, César Franck, Lili Boulanger, Jesús Guridi eta beste konpositore batzuen lanek osatzen duten programa baliatuta. Ignacio Arakistainek Francisco Escudero Kontserbatorioan eta Musikenen ikasi zuen, eta bertan amaitu zituen organo ikasketak, kalifikazio gorenarekin. Gerora, Vienako Musika eta Arte Dramatikoko Unibertsitatean zein Toulouseko Conservatoire à Rayonnement Regulional Xavier Darasse Kontserbatorioan osatu du bere prestakuntza. Andoni Salamero, aldiz, Euskal Filologian lizentziatua da; musika, pintura edo kantu korala bezalako diziplinei esker, bere lan-jarduerak sorkuntza poetikoarekin eta literaturaren zabalkundearekin lotura estua dauka. Salamero euskal musikari eta sortzaile askoren ohiko kolaboratzailea da; bere poeta eta errezitatzaile izaera erakutsiko du musika, literatura eta memoria biltzen dituen proposamen honetan.

20:30ean, Zuloaga plazan, San Telmo Museoaren ondoan, Kresala Dantza Taldeak “Zure barnean: Hidraren mitoa” Faustino Aranzabalen koreografia eta Angel Illarramendiren musika dituen ikuskizuna aurkeztuko du. Hidraren mitoan oinarritutako obrak dantza erabiltzen du gatazkak modu arrazionalean lantzen ez direnean nola larriagotzen diren aztertzeko. Modu berean, metafora unibertsal horren bitartez, dantza-emanaldiak giza izaerari buruz hausnartzeko gonbidapena luzatzen duen ibilbide eszenikoa proposatzen du. Kresala Dantza Taldea Gene Yurrek sortu zuen Donostian 1968. urtean eta 1993tik Faustino Aranzabal da taldearen zuzendari artistikoa; tradizioan, poesia bisualean eta beste arlo artistiko batzuekiko elkarrizketan oinarritutako dantza-taldearen unibertso sortzaileak Hostoak, Soka, Bestaberri, Sehaska, Amoria & Dolore edo Aztarnak ikuskizunak ekarri ditu, besteak beste; bere jardun artistikoan zehar, nazioarteko eszenatokietan aritu da eta erakunde kulturalek zein arte-zentroek sustatutako proiektuetan parte hartu du. 

Hamabostaldi Solidarioaren baitan, 11:30ean Ategorrietako Villa Sacramento Egoitzan eta 17:30ean Zorroaga Egoitzan, Julia Blasco eta Nerea González sopranoek eta Lara Martínez pianistak kontzertu bana emango dute, Mozart, Rossini, Massenet, Chapí, Guridi, Torroba eta Sorozabalen sinfoniak atriletan dituztela; bi kontzertu horiek egoitzetako egoiliarrentzat, horien familiartekoentzat eta langileentzat dira. Bi sopranoek hasieratik izan dute abesbatza kantuari loturiko ibilbidea, eta, ondoren, bakarlari gisa aritu dira Donostiako Kursaal Auditorioan, Bilboko Arriaga Antzokian eta Madrilgo Musika Auditorio Nazionalean, besteak beste. Judith Pezoa eta Elías Romero maisuekin Goi Mailako Kantu Eskolan ikasi zuten eta hainbat ekoizpen lirikotan zein ahots-errepertorioari lotutako proiektuetan parte hartu dute. Lara Martínez pianistak ahots-laguntzan eta konposizio lirikoetan oinarritu du bere formakuntza eta Utrechts Conservatorium zein Musikene bezalako zentroetan ikasten jarraitu du. Era berean, hainbat orkestra-taldeetan eta ganbera-musikako proiektuetan lan egiteaz gain, Teatro Real-ean, Musika-Auditorio Nazionalean eta TivoliVredenburg aretoetan aritu da, esaterako. 

Bestalde, Juan Diego Flórez, egungo lirikako nazioarteko tenor handienetarikoa, Musika Hamabostaldiaren 87. edizioko Kursaal Auditorioko lehenbiziko kontzertuko protagonista izango da. Peruko abeslariak, munduko opera eta antzoki garrantzitsuenetan egindako interpretazioengatik ezaguna denak Salzburgoko Jaialdiari amaiera emango dion programa bera interpretatuko du Hamabostaldian. 

Horrez gain, Andres Cea organista eta Ane Labaka zein Julio Soto bertsolariek Organo Zikloa abian jarriko dute Ataungo Tourseko San Martin elizan (12:30ean). Eta iluntzeko 20:00etan, Wolfgang Seifen organistak Donostiako Artzain Onaren Katedralean kontzertua emango du. 

Igandeko programazioa Haurren Hamabostaldiaren hitzorduak osotuko du. Eguerdian, 12:00etan Kursaal Auditorioko Foyerrean, Ander Edo narratzaileak "Giltzak eta hitzak" ipuin-kontaketa saioa aurkeztuko du, saxofoi laukote batek lagunduta. 
 

Ikus programa

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.