300 musikarik baino gehiagok interpretatuko dute Berliozen itzelezko "Hildakoen Meza Handia", Requiem-a

•    Bihar, abuztuaren 19, asteazkenarekin, 20:00etan.
•    Euskadiko Orkestra eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Orfeoia eta Easo Abesbatza elkarrekin ariko dira, guztiak Erik Nielsen maisuaren zuzendaritzapean.

•    John Matthew Myers tenor estatubatuarra, une honetan nazioartean proiekzio handienetakoa duen ahots gazteetako bat, bakarlari ariko da.
•    Sarrerak: quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan.

Bihar, abuztuaren 19, asteazkenarekin, (20:00), Kursaal Auditorioan izango da Musika Hamabostaldiaren 87. edizio honetako gaualdirik bikainenetako bat: Hector Berliozen Réquiem monumentala interpretatuko da, bi euskal orkestra sinfonikoak (Euskadiko Orkestra eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa) eta hiriko bi abesbatza handi (Donostiako Orfeoia eta Easo Abesbatza) bilduko dituena; John Matthew Myers tenorra bakarlari dela, guztira 300 musikari inguru izango dira, denak Erik Nielsenen gidaritzapean.

La Grande messe des morts, op. 5, Requiem izenez ere ezaguna, Hector Berliozen obrarik ospetsuenetako bat da, orkestra- eta koru-aparatu erraldoiagatik. Horretan, puntu ezberdinetan kokatutako lau metal-talde izaten dira, eta masa koral galanta (estreinaldian 440 interprete inguru izan ziren); izan ere, konpositoreak berak adierazi zuen, espazioak ahalbidetzen bazuen, ahotsak bikoiztea edo hirukoiztea eta instrumentuak proportzio berean handitzea komeni zela. Berliozek 1837an idatzi zuen, Adrien de Gasparin Frantziako Barne ministroaren aginduz; ministroak urtero formatu handiko lanak finantzatuz musika sakroa biziberritu nahi zuen. Meza, hasiera batean, 1830eko uztaileko iraultzan hildako soldaduak oroitzeko eskatu bazuen ere, zeremonia hura bertan behera geratu zen errezelo politikoak zirela-eta. Lehen interpretazioa 1837ko abenduaren 5ean egin zen, Parisko Saint Louis des Invalides elizan, Damrémont jeneralaren eta Konstantinako setioan (Aljeria) eroritako soldaduen omenezko hileta-zerbitzu batean. Hainbeste musikarirekin, estreinaldia konplexua eta tirabiratsua izan zen; Berliozek Mémoires delakoetan kontatzen duenez, Tuba mirum dramatikoan François Antoine Habeneck zuzendariak batuta jeitsi zuen rapé-a hartzeko eta konpositoreak berak podiumera jauzi egin behar izan zuen fanfarreen sarrera mailakatu erabakigarria salbatzeko.

Requiem-a hamar mugimendutan egituratzen da, hasi solemnea den Introitus et Kyrie solemnetik eta bukaerako Agnus Deiraino, eta gogeta espiritualerako uneak indar ia apokaliptikodun eztandekin tartekatzen dira, bereziki Dies irae ospetsuan eta Tuba mirum delakoan; horretan lau metal multzoek eta perkusio aberatsak efektu inguratzaile handia sortzen dute. Publikoaren harrera sutsua izan zen berehala, Berliozen ospea Frantziako konpositore handienetako bat bezala sendotzeraino hazi zen, eta obra hildakoen mezaren eredu erromantiko berri bihurtu zen. Berliozek berak baieztatu zuen, inork bere lan guztiak suntsitu nahiko balitu, bat izan ezik, bere Messe des morts handiarekiko bakarrik eskatuko lukeela errukia.

Berliozen nahiak bete eta hain muturreko soinu kontrasteak lortzeko, bi euskal orkestrak, Euskadiko Orkestrak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak bat egingo dute Kursaalean azkenekoz elkartu zirenetik hamar urte igaro direnean; orduan ere, 2026an, Berliozen beste partitura erraldoi bat interpretatu zuten elkarrekin, Te Deum, jaialdiaren 77. edizioari amaiera emateko. 1982an sortu zenetik, Euskadiko Orkestra beti egon da Musika Hamabostaldiaren programazioan. Estatu mailan erreferentziazko orkestra sinfonikoa da, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean jarduera finkoa duena; Hamabostaldi honetan, hizpide dugun kontzertuan izateaz gain, beste bitan aritu da: abuztuaren 7an Senperen musika barrokoko programa bat aurkeztu zuen eta hilaren 12an, Juano Menaren zuzendaritzapean, Juan Crisostomo Arriagaren omenez, kontzertu monografiko bat eskaini zuen, haren heriotzaren 200. urteurrenean.

2022an bere sorreraren mendeurrena ospatu zuen Bilbao Orkestra Sinfonikoa ere oso presente egon da Hamabostaldiaren historian. Bizkaitar hiriburuan musikaren ikur nagusienetakoa izanik, kontzertu-jarduera propioa du Euskalduna Jauregian eta OLBEren emanaldi ugaritan parte hartzen du. Hamabostaldian orkestraren azken esku-hartzeak izan dira Sorozabalen La tabernera del Puerto zarzuela (2022) eta Stravinskyren Oedipus Rex opera-oratorioa (2023).

2016ko Te Deumean bezala, bi orkestrak Donostian erreferentziazkoak diren bi abesbatzekin jardungo dira: Donostiako Orfeoiarekin eta Easo Abesbatzarekin, hain zuzen. Donostiako Orfeoia protagonista izan da Hamabostaldiko kontzertu sinfoniko-koral askotan, eta jaialdiaren 76 ediziotan baino gehiagotan parte hartu du; nazioartean oihartzun handiena duen euskal taldeetako bat da eta mundu mailako sona duten agertoki ugaritan aritu da, esaterako, Berlingo Philharmonie edo Salzburgoko Jaialdia. Bere errepertorioak ehun bat obra sinfoniko-koral, berrogeita hamar opera eta zarzuela baino gehiago eta folklore zein polifonia obra asko biltzen ditu. Easo Abesbatzak ere oso maiz izaten da jaialdiaren programazioan, bai ahots baxuen ohiko formazioan (1940koa), bai ahots mistoen formatu berrienean. Azken horrek, 2006an sortua, ehun kantari inguru biltzen ditu, eta polifonia, folklorea – bereziki euskal folklorea – eta obra sinfoniko-koral handiak ditu errepertorioan; azken urteotan, Easoren haurren abesbatzek ere une gogoangarriak eman dizkiote Hamabostaldiari, haurrentzako berariazko operen estreinaldiei esker, aurten, esaterako, Zomozorroak kontzertu pedagogiko dramatizatuarekin.

Ahotsen atala John Matthew Myers tenor estatubatuarrak osatuko du. Gaztea izan arren, tenorra New Yorkeko Metropolitan Opera edo Milango alla Scala antzokietan aritu da. Opera News-ek "jarraitu beharreko artista" gisa definitu du, eta kritikak bere ahots-kolore ilunaren aberastasunagatik goraipatzen du. Requiemaren azken minutuetan, Myersek bere gain hartuko du Sanctuseko bakarlari-rol zaila. 

Erik Nielsenek zuzenduko du kontzrtua. Nielsen Bilbao 2015 eta 2024 artean Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular izanagatik bereziki ezaguna da gure artean, eta aditua da operan eta errepertorio sinfoniko-koral handian. Profil bereziko musikaria da berau, zuzendari izateaz gain oboe- eta harpa-jotzaile trebea baita. New Yorkeko Juilliard School-en ikasi eta, ondoren, Alemaniara joatea erabaki zuen, Berlingo Orkestra Filarmonikoaren baitan alemaniar hizkuntza eta musikarekin ohitzeko. Handik Frankfurteko Opera zuzentzera igaro zen eta antzokiko Kapellmeister bezala operaren eremuan eskarmentu ugari bereganatu zuen. Ibilbide horri esker, orkestra barrutik ongi ezagutzen duen zuzendaria da eta hark munduko orkestra onenetako askorekin ondutako bertsioak famatuak dira horien sendotasun eta musikaltasunagatik.

Kontzertu honetarako sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.

Kontzertuak Antiguo Berri enpresaren babesa du.

Ikus programa

Prentsa-oharra

 

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.