• Gaur astelehena (abuztuak 17), Victoria Eugenia Antzokian, 20:00etan.
• Ikuskizun honetan, bere ibilbideko hemeretzigarrenean, kontrakoen artean mugitzen da: zurruntasun erabatekoaren eta malgutasun irmoaren artean, baretasunaren eta mugimenduaren artean, argia eta iluntasunaren artean, cantearen eta dantzaren artean, klasizismoaren eta abangoardiaren artean, artisautzaren eta teknologiaren artean.
• Sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan.
Gaur astelehena, abuztuaren 17an, Victoria Eugenia Antzokian (20:00etan), Eva Yerbabuena dantzari eta koreografo ospetsua (2001eko Dantza Sari Nazionala) lehen aldiz ariko da Donostiako Musika Hamabostaldian. Jaialdiak, urtero, flamenko dantza onenaren lagin bat jasotzen du bere programazioan, eta, horrela, diziplina honetan azken hamarkadetan izandako artista handienetako bat jaialdian izan diren flamenko dantzaien zerrendara gehituko du. Ia hogeita hamar urteko ibilbidea duen Compañía Eva Yerbabuena bere konpainiaren buru, dantzariak Yerbagüena (oscuro brillante) aurkeztuko du gurean. Hemeretzigarren ikuskizuna duen horrek Dantzako Lorpen Bikainari Olivier saria jaso zuen 2025ean (Laurence Olivier Award for Outstanding Achievement in Dance); Society of London Theatre erakundeak emandako sari hori Londresko West End zirkuituko antzerki eta dantza arloko aintzatespen nagusia da, Erresuma Batuko arte eszenikoen artean ospetsuenetakoa.
Muntaia honetan, Eva Yerbabuenak (dantzari ameslari eta maisua, The Guardian; handitasunak ukitua, The Times; belaunaldi batean behin bakarrik agertzen den artista mota, The Independent) dualtasunera jotzen du berriz ere adierazpen-modu gisa, baina, batez ere, gogoeta gisa. Funtsean kontrajarriak izanda ere elkarri lotuta dauden bi indar osagarritan barrena, dantzari eta koreografoak bere sorkuntzetan gero eta agerikoagoa den maxima bati eusten dio honetan ere: ezer ez da bere horretan existitzen, ezta erabateko baretasunean ere. Yerbagüena (oscuro brillante) osatzen duten ataletan garatzen den etengabeko bihurketan, beti uste izan duen hori egiaztatzen du: "etengabeko eraldaketa probokazio morbosoa da, ez existitzen dena bakarrik, guztiari zentzua ematen diona baizik". Sorkuntza zurruntasun erabatekoaren eta malgutasun irmoaren artean mugitzen da, lasaitasunaren eta mugimenduaren artean, argiaren eta iluntasunaren artean, kantaren eta dantzaren artean, klasizismoaren eta abangoardiaren artean, artisautzaren eta teknologiaren artean... eta, horrela, jada absolutua eta mugiezina zela uste zuena birplanteatu egiten du. Modernitateari uko egiten dio horretan murgiltzeko, egiturak zapaltzen ditu horiek balioan jartzeko, zurruntasun eraldatu eta malgu bihurtzen du.
Ikuskizunaren inguruan, Eva Yerbabuenak honako hau azaltzen du: "Etengabeko eraldaketan egoteak kontzientzia bektorizatzea eskatzen du, kontzientzia handituz edo are murriztuz; nahiz eta min eman, kalitatea ez galtzen saiatzen da. Oreka bilatzea nire jainko bihurtu da, eszenan eta baita eszenatik at ere. Zer da distiratsua eta zer iluna? Argi izugarri indartsu batek itsutu egiten zaitu, eta geldik geratzera jotzen duzu; iluntasunetik irteterakoan itsu senti zaitezke. Ez dago argirik iluntasunik gabe, ez iluntasunik argirik gabe; ez dago heriotzarik bizitzarik izan ez bada; eta heriotzarik izan ez bada, zer aukera dut bizitzeko? Edozein txokotatik begiratzea da helburua, baita iluntasun distiratsuenetik ere. Etengabe bizitzea, zentzumenak zorroztea, bere baitan galdutakoa, ahaztutakoa. Funtsezkoena bezain ona ez dena mugatzea. Bilatzen dugun guztia definitzea, baita ametsa ere. Ez dagokiguna ahanztura bihurtzea, inoiz lortuko ez duguna desira bihurtzea. Sentiaraztea, pentsatzea, sendatzea, behar izatea, sinestea, sortzea, deskubritzea, maitatzea, eta, horrela, desagertzen denean bizia galtzea. Neure buruari erantzun ahal izateko eta sosegu hori ulertzen laguntzeko, nolabait elkartzen eta bereizten laguntzen duten mintz guztiekin estali behar dut neure burua, hirugarren begi bat bezalaxe, sormena bateratzeko, babila beste puntu batzuetara piztuta mantentzeko".
Ikuskizun honetan Eva Yerbabuenak honako hauek izan ditu lankide: Paco Jarana (musika, musika zuzendaritza eta gitarra), Miguel Ortega, Segundo Falcón, Manuel de Gines (cantea), Daniel Suárez (perkusioa eta elektronika) eta José Manuel Ramos "El Oruco" (perkusioa eta dantza). Eta muntaian parte hartu Fernando Martín (argiztapen diseinua), Ángel Olalla (soinu diseinua), López de Santos (jantziak), Gabriel Portillo (jostuna) eta Manuela Franco (ekoizpena).
Ikuskizunerako sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaal eta Teatro Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.
