[Translate to Euskera:]

[Translate to Euskera:]

200 musikarik baino gehiagok interpretatuko dute Gustav Mahlerren 3. Sinfonia Kursaaleko eszenatokian

  • Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) partitura erraldoi honi aurre egingo dio Kanarietako Orkestra Gaztearekin, Donostiako Orfeoiarekin eta Orfeoi Gaztearekin elkarlanean.
  • Victor Pablo Pérez izango da talde handi horren buru. Bera da JOCANeko zuzendari titularra eta lotura estua du Musika Hamabostaldiaren historiarekin.
  • Carmen Artaza mezzosopranoak egingo du debuta Kursaaleko kontzertu handien zikloan.

Monteverdi Abesbatzak eta English Baroque Soloists taldeak abuztuaren 5ean (ostirala) Kursaaleko kontzertu handiak inauguratu ondoren, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) hartuko du lekukoa. Euskal instrumentista gazte garrantzitsuenek osatzen duten taldeak sorreraren 25. urteurrena ospatuko du Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan, eta, horretarako, Gustav Mahlerren sorkuntza-lan handinahienetako bat aukeratu du, 3. Sinfonia. Lan hori interpretatzeko orkestra- eta koru-egitura izugarria behar da, eta horrexegatik bat egingo du EGOk Kanariar Uharteetako Gazte Orkestrarekin (JOCAN) eta Donostiako Orfeoiaren, Orfeoi Gaztearen eta Carmen Ataza mezzosopranoaren ahots zuriekin; horrela, 200 interprete baino gehiago elkartuko dira eszenatokian, eta lehen aldia izango da bi orkestra gazte estatu mailan elkarrekin jotzen arituko direna bira berean. Víctor Pablo Pérezek zuzenduko du kontzertua; lotura estua du Kanarietako bizitza musikalarekin eta bera da Hamabostaldiaren historian gehien jardun duen zuzendarietako bat. Ekitaldia arratsaldeko 20:00etan hasiko da Kursaal Auditorioan.

Euskal Herriko Gazte Orkestra 1997an sortu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Euskal Herriko instrumentista gazteei orkestrarako prestakuntza musikala eskaintzeko helburuarekin. Urtean bitan, udako eta neguko oporren inguruan, EGOko kideek nazioartean ospe handia duten irakasleekin lan egiteko aukera izaten dute, orkestraren zein ganbera-musikaren esparruan esperientzia hartzeko. Prestakuntza-aldiari amaiera emateko, taldeak kontzertu-programazioa bat prestatzen du, eta irakasle gonbidatuekin eta zuzendari artistikoarekin batera egindako lana erakusten du. 2020. urteaz geroztik, Ruben Gimeno valentziarra da EGOren zuzendari artistikoa. Esperientzia handia du orkestra gazteak zuzentzen, JONDE, JONC edo JORCAMen zuzendari izan baita, eta ibilbide luzea du zuzendari laguntzaile gisa estatuko zein nazioarteko orkestra ugaritan.

Abesbatzen atalean, Donostiako Orfeoia arituko da bi orkestrekin batera. Hain zuzen ere, aurten ospatzen du Orfeoiak 125 urte sortu zela. Orfeoiaren eta Musika Hamabostaldiaren arteko harremana oso estua izan da beti: Orfeoia jaialdiaren 73 ediziotan aritu da, eta arrakasta handia lortu du zuzendari-lanetan jardun duten guztiekin: Juan Gorostidi, Antxon Aiestaran eta, gaur egungoa, José Antonio Sáinz Alfaro. Urteurrena ospatzeko, Musika Hamabostaldiak leku garrantzitsua eskaini dio Orfeoiari udako programazioan: bi kontzertu sinfoniko-koraletan parte hartuko du, eta bakarka ere arituko da, Musika Aitzaki zikloaren barruan. Kursaaleko lehen emanaldi honetan, Orfeoiak bere haur taldea, Orfeoi Gaztea, izango du lagun.

Ahotsaren atala Carmen Artaza donostiar mezzosopranoak osatuko du. 2021eko Francesc Viñas Nazioarteko Tenor Kantu Lehiaketako errebelazio saria izan zen Artaza; lehen sari nagusia ez ezik, Mozarten Interprete Onenaren Saria, Publikoaren Saria eta beste hiru sari berezi irabazi zituen lehiaketa hartan. Arrakasta horren ondoren, bere karrerak gora egin du, distiratsu, eta duela bi hilabete eskas, ekainean, Artazak debuta egin zuen operan, Hannoverreko Estatu Operan, hain zuzen ere, Mozarten Così fan tutte laneko Dorabella pertsonaiarekin.

Musikari talde handi hori zuzentzeko, EGOk Victor Pablo Pérez zuzendariari utziko dio batuta. JOCANeko zuzendari titularra da eta oso ezaguna da Hamabostaldiko publikoarentzat, izan ere, askotan aritu izan da Donostiako jaialdian Tenerifeko Orkestra Sinfonikoaren eta Galiziako Orkestra Sinfonikoaren buru. Hamabostaldian egindako azken emanaldiak hauek izan ziren: 2013an, Víctor Pablo Pérezek OSGrekin egindako azken biran, Mahlerren 2. sinfonia “Piztuera” erraldoia interpretatu zuten, besteak beste; eta 2021ean, Euskadiko Orkestra eta Donostiako Orfeoia zuzendu zituen, Poulenc, Fauré eta Beethovenen hiru obra sinfoniko-koraletan.

Programa osoa Gustav Mahlerren 3. Sinfonia re minorrean lan monumentalak hartuko du. Mahlerren ekoizpenaren parte handi bat Atter aintziraren inguruko etxola batean sortu zen, Austriako Alpeetako txoko idiliko batean. Franz Löschen arabera, alegia 1894an txabola eraiki zionaren arabera, Mahlerrek beti esaten zuen “aintzirak bere hizkera zuela, aintzirak hitz egiten ziola. Ostatutik ezin zuen entzun, beraz etxe txiki bat behar zuen aintziraren ertzean. Lakua entzuten zuenean, errazago konposatzen zuen, eta obrak erabat osaturik irteten zitzaizkion burutik”. 3. sinfonia, 1896an amaitua, “erabat” aintziran sortutako lehen sorkuntza-lana izan zen. Uda hartan Bruno Walter bisitan joan zitzaionean eta inguruaren edertasuna miretsi zuenean, Mahlerrek denbora ez galtzeko gomendatu zion. “Alferrikakoa da; erabat jaso dut nire Hirugarrenean” esan zion.

“Imajinatu unibertso osoa islatuko duen obra handi bat”, idatzi zion Mahlerrek Anna von Mildenburg-i. 3. Sinfonia laneko sei mugimenduetako bakoitzak unibertso horren zati bati hitz egiten dio: naturaren indarrei, landareei, animaliei, gizakiari, espirituei... Eta azken mugimenduan, ikuskari panteista horren gailurrean, bere munduari zentzua ematen eta bateratzen duen materia horren gailurrean, Mahlerrek maitasunari eskaini zion kantu bat. Schoenbergek 1904an entzun zuen “3. Sinfonia” Vienan, eta, hunkituta, honako hau idatzi zuen: “Idealen aldeko borroka sentitu nuen; etsiturik dagoenaren mina sentitu nuen; ongiaren eta gaizkiaren indarrak elkarren aurka borrokatzen ikusi nituen; gizon bat ikusi nuen emozio-ekaitz batek astintzen, barne-harmonia konkistatzeko borrokan. Gizaki bat sentitu nuen, drama bat, egia, egiarik gupidagabeena!”.