Datorren asteazkenean, abuztuaren 20an, musika sinfoniko-korala 86. Donostiako Musika Hamabostaldiaren programaziora itzuliko da: entzungai izango da garai guztietako musikalik ospetsuenetako bat, West Side Story, Leonard Bernsteinek 1957an Washington D.C.n estreinatu zuena. Kontzertu bertsioan interpretatzeko, Musika Hamabostaldiak Miren Urbieta-Vega sopranoa (Maria) eta Caspar Singh tenorra (Tony, bere maitalea) bildu ditu; horiekin batera, izaera koralarekin, dozena bat abeslarik (gehienak euskaldunak) emango diete bizia istorio honetan arerio diren bi taldeetako kideei. Euskadiko Orkestrak eta Easo Abesbatzak ere esku hartuko dute, guztiak Clark Rundell britainiarraren zuzendaritzapean. Emanaldia 20:00etan hasiko da Kursaal Auditorioan; sarrerek 12 eta 66 euro bitarteko salneurria dute, eta Kursaal zein Victoria Eugenia Antzokietako leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean eros daitezke.
Leonard Bernstein funtsezko figura izan zen XX. mendeko musika estatubatuarraren bilakaeran, eta zuzendari, pianista eta dibulgatzaile gisa nabarmendu zen, baina batez ere konpositore bezala. Bere lanak oraindik hastapenetan zegoen iparramerikar musika eratzen lagundu zuen, originaltasun eta kutsu herrikoi handiko sorkuntzekin, bereziki musikalekin; musikagile oparo eta eklektikoa, Amerikako herri-musika edo dodekafonismoa bezalako musika-joera kontrajarriekiko interesa agertu zuen. 50eko hamarkadan, antzerki musikalean oinarritu zuen bere sormena, orduan berrikuntzarako eremu emankorra baitzen. On the Town, Wonderful Town, Candide eta West Side Story lanetan, Europako opera-tradizioaren eta komedia musikal amerikarraren arteko sintesia landu zuen; elementu klasikoak konbinatu zituen, hala nola garapen motibista eta leitmotivak, eragin modernoekin, hala nola jazza eta erritmo latinoekin uztartu zituen.
West Side Story 1957an estreinatu zen musikal gisa Washington D.C.n, zulogunean talde instrumental txiki bat zela; hortik Broadwayra mugitu zen eta han lortu zuen arrakasta izugarriak Robert Wisek eta Jerome Robbinsek zuzendutako film ospetsuaren ekoizpena bideratu zuen. Gauza jakina denez, West Side Story Shakespeareren Romeo eta Julieta tragediaren berrikuspen bat da, New Yorkeko Upper West Side auzora eramana; bi talde gazteren arteko lehia ikaragarriak Kapuletoen eta Monteskoen arteko gatazka dakar gogora.
Manhattango Mendebaldeko kale nahasietan, bi gazte taldek talka egiten dute lurraldearen kontrolagatik: Jetstarrak, Estatu Batuetan jaiotako etorkin europarren ondorengoak, eta Sharktarrak, Puerto Ricotik iritsi berriak. Bi taldeen arteko tentsioak ezinezko egiten du auzo-bizitza lasaia. Bernardok, Sharkstarren liderrak, Jetstar bati eraso egitean, iraindu egiten du. Riff, Jetstarren buruzagia, Tonyrengana zuzentzen da orduan, borroka erabakigarriaren buru izan dadin — lagun mina du eta, erretiratua badago ere, taldearen sortzaileetako bat da. Tonyk, indarkeriatik aldentzen saiatu arren, onartu egiten du deia. Egun horretan bertan, Maria, Bernardoren arreba, ilusioz beterik dator Puerto Ricotik, gimnasioko eskola-dantzan gau magiko bat biziko duelakoan. Han, Tonyrekin ustekabean topo egiteak betirako aldatuko du bere bizitza, eta ezinbestean amaiera tragikoa izango du euren arteko istorioak.
Miren Urbieta-Vega publikoak gehien maite duen euskal sopranoetako bat da eta Mariaren papera hartuko du. Donostiarraren karrera 2010. urtean hasi zen, Maite Arruabarrenarekin Musikenen kantu ikasketak amaitu ondoren, Valentziako Plácido Domingo Hobekuntza Zentroan onartu zutenean. Bertan, Alberto Zeddarekin edo Roger Vignolesekin lan egiteko aukera izan zuen. Besteak beste, Jaime Aragallek, Montserrat Caballék edo Mirella Frenik ere maisu-eskolak eman zizkioten. Bere ibilbideko mugarrietako bat 2014an iritsi zen: Viñas lehiaketa entzutetsuan Espainiako Abeslari Onenaren Saria irabazi zuen; eta urtebete geroago, Oviedoko Campoamor Sari Lirikoetako Abeslari Berri Onenaren Saria. Orduz geroztik, ohiko izena bihurtu da Espainiako antzoki lirikoetan, eta azken bi urteetan behin baino gehiagotan aritu da Madrilgo antzokietan: Teatro Real eta Teatro de la Zarzuelan, hain zuzen. Gainera, garai guztietako euskal konpositoreak interpretatzen ditu, eta haien musika pasioz lantzen du. Izan ere, 2022ko Musika Hamabostaldian kontzertu bertsioan programatutako Pablo Sorozabalen La tabernera del puerto zarzuelan parte hartu zuen, eta Mariola protagonistaren rola egin zuen.
Caspar Singh Tony izango da, Mariaren maitalea. Britainiar-indiar tenore gaztea, ohorez graduatu zen Londresko Guildhall School of Music and Drama-n, eta azken denboraldietan Mozarten lanetan berezitutako tenor nagusienetakoa izan da Berlingo Komische Oper-en, Bayerische Staatsoperreko bakarlari-talde egonkorrean parte hartu ondoren. 2024-25 denboraldian, Malmöko Operan eta Norvegiako Operan debutatu du (Ferrando Così fan tutte-n), eta Grange Park Operan, Indiako Nishat Khan sitaristaren Taj Mahal lanaren munsu-mailako estreinaldiaren protagonista izan da, eta BBC Proms zikloan Lysander izan zen A Midsummer Night 's Dream-en; Carl Orffen Carmina Burana ere interpretatu du Herbehereetako Orkestra Filarmonikoarekin, Mozarten Requiema Berlingo Rundfunkchor delakoarekin, eta Londresko Wigmore Hall ospetsuan debuta egin du errezital formatuan.
Kontzertu bertsio honetan ariko dira, halaber, Henry Neill (Riff), Nerea Berraondo (Anita), Jorge Ruvalcaba (Bernardo) eta Arantza Ezenarro, Lucía Gómez, Juan Laborería, Lorea López, Ainhoa López de Munain, Luken Munguira, Julen García, Dario Maya, Ibai Murillo, Juan Quiroga, Iñigo Casis eta Izei Múgica.
Musika Hamabostaldiaren edizio honetan bertan, aurrez Guridiren Amaya-n gertatu bezala, orkestrarako zatiak Euskadiko Orkestraren esku egongo dira; Musika Hamabostaldiaren funtsezko kolaboratzailea 1982an sortu zenetik, ordutik Euskadiko Orkestrak jaialdiaren edizio guztietan parte hartu du. Abesbatzarako atalak, berriz, Donostiako Easo Abesbatzaren burutuko ditu; 1940an sortu zen ahots baxuen formazio tradizionalean zein 2006an sortutako ahots mistoen formatu berrienean, Donostiako abesbatzak presentzia zabala izan du beti jaialdiaren programazioan.
Guztiak Clark Rundellen zuzendaritzapean jardungo dira. XX. eta XXI. mendeetako opera anglosaxoien zuzendaritzan berezitua dago britainiarra, baina baita Leonard Bernsteinen musika zuzentzen; izan ere bere errepertorio zabala XVIII. mendetik gaur egunera artekoa da. BBC edo Britten Sinfonia bezalako orkestra britainiarrekin lan egiten du maiz, eta Herbehereekin ere lotura handia du, Asko/Schoenberg Ensemble delakoa zuzendu du eta Louis Andriessen konpositore handiarekin estuki kolaboratu zuen Amsterdamgo Concertgebouw delakoan aurkeztutako proiektuetan. Operan, James MacMillen eta Orlando Goughen estreinaldiak zuzendu ditu; eta baita Carmen, Kat’a Kabanova o L’Enfant et les sortilèges obra ezagunak; horretaz gain, beste musika generoetako artista nabarmenen lankidea ere bada: Elvis Costello, Esperanza Spalding, Toumani Diabaté, Brad Mehldau eta abar.
