Bere ordez, Isabelle Faust biolinistak interpretatuko du orkestrarekin batera egitarauan aurreikusitako Dvořák-en Biolin kontzertua mi minorrean.
Hilary Hahn bilinistak jakinarazi duenez, osasun arrazoiak bitarte, Gewandhausorchester Leipzig orkestrarekin Grafenegg, Londres, Donostia, Santander, Paris eta Leipzigen zituen musika-konpromisoak bertan behera utzi behar izan ditu. Gauzak horrela, ez da alemaniar orkestrarekin Musika Hamabostaldian ariko horrek emango dituen bi kontzertuetatik lehenbizikoan, abuztuaren 28an, Kursaal Auditorioan. Hilary Hanhen ordez Isabelle Faust biolinista alemaniarrak interpretatuko du programan aurreikusitako Dvořáken Biolinerako kontzertua mi minorrean.
Hilary Hahnek bidalitako komunikatuaren arabera, bere musika-konpromisoak bertan behera uzteko erabakia bere mediku-taldearen gomendioz hartu du, eszenatokietan bere lana garatzea eragozten dion lesio iraunkor baten tratamenduaren baitan: "Aurreko denboraldian jasandako lesiotik erabat sendatu nintzela uste nuen arren, tamalez ez da horrela. Biziki tristatzen nau azarora arte aurreikusitako jarduerak bertan behera utzi behar ditudala iragartzeak”.
Isabelle Faust, Leopold Mozart lehiaketa eta Paganini Lehiaketa entzutetsuen irabazle, oso gaztetan hasi zen munduko orkestra nagusiekin batera lan egiten; besteak beste, Berliner Philharmoniker, Boston Symphony Orchestra, NHK Symphony Orchestra Tokyo, Chamber Orchestra of Europe, Les Siècles eta Barockorchester Freiburg eta abar. Horren ondorioz,estuko eta epe luzez lan egin izan du Andris Nelsons, Giovanni Antonini, François-Xavier Roth, Sir John Eliot Gardiner, Daniel Harding, Philippe Herreweghe, Jakub Hrque ša, Klaus Mäkelde, Robin Ticciati edo Sir Simon Rattle zuzendariekin. Isabelle Faust artistaren jakin-min artistikoa hain da zabala non biolinerako lanen garai eta modu guztiak hartzen ditu bere baitan: biolinerako kontzertu sinfoniko handiez gain, bere errepertorioak Schuberten Oktetoa (garaiko instrumentuekin), Igor Stravinskiren L 'Histoire du Soldat (Dominique Horwitzekin) eta György Kurtágen Kafka Fragments (Anna Prohaskarekin) biltzen ditu. Isabelle Faustek lotura handia du, halaber, musika garaikidearekin: mundu-mailan estreinatu dituen lanik berrienak Péter Eötvös, Brett Dean, Ondque ej Adámek eta Rune Glerupek konposatutakoak dira, eta 2026ko maiatzean Vito Кuraj esloveniar konpositorearen biolin eta orkestrarako obra berri bat joko du estreinakoz. Bakarlari gisa aritzearekin batera, ganbera-interpretea ere bada; arlo horretan, Alexander Melnikov eta Kristian Bezuidenhoutekin kolaboratzen du aspalditik, eta, era berean, nabarmentzekoa da Jean-Guihen Queyras, Jörg Widmann eta Pierre-Laurent Aimardekin batera egingo duen bira; Messiaenen Quatuor pour la fin du temps interpretatuko dute horretan.
2025/26 denboraldiko mugarrien artean ditu Lucerne Festival Orchestra, Orchestre Symphonique de Montréal, Orchestre de Paris, National Orchestra, Atlanta Symphony Orchestra, Sächsische Staatskapelle Dresden eta Münchner Philharmoniker-ekin kontzertuak, besteak beste; eta birak WDR Sinfonieorchester, Les Siècles eta Balthasar-Neumann-Ensemble taldeekin. Denboraldi honetan Erresidentzian artista da WDR Sinfonieorchester, Bergen Philharmonic Orchestra eta Muziekgebouw Amsterdam taldeekin.
