- Abuztuaren 4an estreinatuko da Getariako Salbatore Deunaren Elizan (20:45 h).
- Itsasoari eskainitako ikuskizuna da, lehenbiziko mundubiraren 500. urteurreneko ospakizunen ildotik.
Musika Aitzaki, jaialdiko ziklorik ibiltariena Donostiatik haratago joango da eta Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat tokitara helduko da. Zikloa bihar, abuztuaren 4an abiatuko da Getarian eta estreinako hitzordu horretan espreski Musika Hamabostaldirako diseinatu eta garatutako ikuskizun baten erabateko estreinaldiaz gozatzeko aukera izango da, gipuzkoar herri horrekin lotura estua duen ikuskizunaz, alegia.
“Arraun ta amets – Soñando el mar” ikuskizunaren euskarazko izenburuak Salbatore Mitxelenaren olerki batean du jatorria eta, gaztelaniazkoak, aldiz, Ángela Figueraren olerki batean. Frantxis López de Landatxe eta Javier Pérez de Azpeitia pianistaren jatorrizko ideian du oinarria; Pérez de Azpeitia da, izan ere, ikuskizunaren musika hautaketaren arduraduna. Musika eta olerkiak uztartzen dituen lan hau lehenbiziko mundubiraren 500. urteurrenari lotuta dago. Jone Martínez soprano gazteak eta Javier Pérez de Azpeitiak itsasoa gaitzat duten kantuak interpretatuko dituzte, horien F. Schuberten An Meer; G. Donizettiren Il barcaiolo, F. Liszten Ballade aus der fliegenden holländer, G. Fauréren Au bord de l’eau, F. Poulencen Les chemins de l’amour edo Crumben Night; eta baita euskal zein espainiar konpostoreenak: B. Ercillaren Arrantsalian cantian, T. Garbizuren Ilunabarra, J. García Leozen El mar lejano eta A. García-Abrilen Rumor de mar y viento, esaterako.
Pianoarekin eta ahotsarekin batera, errezitatutako olerkiak dira ikuskizun honen ardatzetako bat. Kantuen artean, Iñaki Beraetxe aktoreak Frantxis López de Landatxek hautatutako olerkiak errezitatuko ditu. Itsasoari begiratzen dion muntaia honetarako zenbait belaunalditako idazleen poesiak aukeratu ditu: Salbatore Mitxelena, Miguel de Unamuno, Ángela Figuera Aymerich, Gabriel Celaya, Joseba Sarrionandia, José Angel Valente, Santi Onaindia, Jon Gerediaga, Leire Bilbao, Kirmen Uribe, Itxaro Borda, Joaquín Gurruchaga eta Mikel eta Amaia Lasa getariarrenak.
Kontzertua Getariako San Salbador elizan izango da, abuztuaren 4 asteazkenean, iluntzeko 20:45etan. Horretara bertaratzeko beharrezkoa da aurrez gonbidapena jasotzea.
Biografiak
Jone Martínez
Sopelan jaioak Olatz Saituarekin hasi zuen bere prestakuntza Bilboko Kontserbatorioan. Musika Hizkuntza eta Musika Hezkuntzako Pedagogian lizentziaduna da eta Kantuan graduatu zen Maite Arruabarrena eta Maciej Pikulski irakasleekin, Musikenen, non Kutxaren Ikasketa Amaierako saria jaso zuen interpretazio klasikoan espediente onena izateagatik. Capilla Santa María, Conductus Ensemble, Pasamezzo Antico eta Soinuaren Bidaia taldeetan abesten du sarri. Bakarlari bezala Galizia, Burgos, Nafarroa, RTVE eta Kordobako orkestra sinfonikoekin, Granada Hiria Orkestrarekin, Sevillako Orkestra Barrokoarekin eta La Cetra Barockorchester Basel-ekin kolaboratu du. Hainbat areto eta jaialditan aritu da, Musika Hamabostaldia, Cuencako Musika Erlijiosoaren Astea, Ziortzako Antzinako Musika Zikloa, Madrilgo Festival Internacional de Arte Sacro, Madrilgo Antzinako Musika Festibala, Santanderko Antzinako Musika Elkartea, Bilboko Musika-Música, Sevillako Turina Espazioa, Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia, Manuel de Falla Auditorioa, Madrilgo Auditorio Nazionala, Baluarte, Coruñako Palacio de la Ópera, eta abar.
Javier Pérez de Azpeitia
Donostiako, Madrilgo eta Liejako (Belgika) Kontserbatorioetan egin zituen bere musika ikasketak. Euskadiko Orkestrarekin maiz kolaboratzen du eta Luis Mariano Nazioarteko Kantu Lehiaketako pianista ofiziala da bere sorreratik. Bere jardun artistikoa irakaskuntzarekin uztartzen du, Musikenen Kantu eta Biolin irakasle izateaz gain, Tekla Instrumentuen eta Kantu Sailaren Arduraduna baita. Aldi berean, zinemaren munduarekin harreman estua du The Silent Band taldearen kolaboratzaile baita pianista nahiz zuzendari bezala. Hainbatetan lagundu ditu film mutuak Donostiako Zinemaldian, Berlinale, Toronto, Lorca, Madrid Imagen, Filmoteca Española, Galiziako CGAI, Cine y Patrimonio de Murcia, Boloniako Cinema Ritrovato eta Festival Berlin Babylon festibalean, besteak beste. Musika grabatu du Ana Boleyn, La Mujer en la Luna, El abuelo, Pilar Guerra, La Aldea maldita, Diario de una descarriada, Sumurun edo Downhill filmeetarako. Maiz kolaboratzen du Paula Olaz, Pascal Gaigne eta Alberto Iglesias konpositoreekin nazioartean ezagun diren filmeetako piano bakarlari zatietan: Azul oscuro casi negro, Siete mesas de billar francés, Le Cou de la Girafe, Castillos de cartón eta abar.
Iñaki Beraetxe
Iñaki Beraetxek, bikoizketa munduan hasi zuen bere ibilbide artistikoa,1984an. Film eta serie askotan parte hartu du harrezkero eta aktore ospetsu askori jarri die bere ahotsa, batez ere, euskarazko bertsioetan: Tom Sheleck, Jack Nicholson, Richard Gere, Hugh Jackman, Clint Eastwood…1992an telebista aurkezle moduan hasi zen. Zazpi saio aurkeztu ditu ETBn. 1995.an interpretazioaren mundua ezagutu zuen. Goenkaleren 1. kapituluan hasi zen lanean eta hamar urtez interpretatu zuen “Tximas” pertsonaia. Gerora, hainbat serie eta filmetan ikusi izan dugu aktore lanetan. Antzerkia eta literatura errezitalak ere jorratu izan ditu. Zuzendari bezala ere aritua da berak idatzitako gidoiekin laburmetraiak eginez.
Musika Aitzaki
Getariakoa da aurten Musika Aitzaki zikloa osatzen duten estilo zein molde anitzetako 15 kontzertuetatik lehena: bakarlariak, ganbera-taldeak, abesbatza musika, antzinako musika nahiz garaikidea eta baita proposamen originalak ere, Carlos Núñezek abuztuaren 20an Arantzazun aurkeztuko duen “Celtic Beethoven” emanaldia, esaterako. Zikloaren lehenbiziko atalean, abuztuaren 4tik 12ra, Getarian izango den “Arraun ta amets – Soñando el mar” ikuskizunaz gain, beste bost emanaldi izango dira Zumaian, Agurainen, Eltziegon, Senperen eta Artziniegan. Emanaldi horiek doakoak dira, Senperen abuztuaren 9an Conductus Ensemble taldeak emango duen kontzertua izan ezik; eta Getaria eta Zumaiako emanaldietarako ezinbesteako da aurrez gonbidapena jasotzea.
Honako hauek dira Musika Aitzakia zikloaren lehenbiziko zatian gozatu ahalko diren sei kontzertuak:
“Arraun ta amets – Soñando el mar” – abuztuak 4 de agosto, 20:45 – San Salbador eliza (Getaria)
Judith Jáuregui / Jesús Reina – abuztuak 6, 20:30 - San Pedro eliza (Zumaia)
Bezperan Ganbera Musikako Zikloaren baitan aritu ostean, Judith Jáuregui donostiar pianista eta Jesús Reina biolinista Zumaian jardungo dira abuztuaren 6an. San Telmon interpretatuko duten egitaraua aurkeztuko dute: Jáuregui bakarka hasiko da, Schumannen Kinderszenen haurrentzako piezen ziklo ezagunarekin, eta ondoren duoak frantziar Erromantizismoko biolin eta pianorako sonata garrantzitsuenak interpretatuko ditu; ia batera konposatuak izan ziren arren, oso ezberdinak dira: Camille Saint-Saënsen Biolinerako 1. sonata (1885) distiratsu eta grinaz betea eta César Francken Biolinerako sonata (1886) konplexu eta sakona.
Conductus Ensemble - 9 de agosto, 21:00 – Saint Pierre eliza (Senpere)
Conductus Ensemble euskal taldea ere bitan ariko da aurtengo Musika Hamabostaldian eta Musika Aitzakia zikloan izango da Antzinako Musika Zikloan aurkeztu baino egun batzuk lehenago. Honezkero Musika Hambostaldiaren ohiko topagune bihurtu den Senperen du hitzordua; Saint Pierre elizan Antzinako Musika Zikloan interpretatuko duen programaz bestelako joko du, baina Johann Sebastian Bachen musika hizpide izango du berriz ere. Eisenbacheko maisuaren hiru kantata joko dituzte: BWV 61, BWV 51 y BWV 4. Andoni Sierra buru duen ahots eta instrumentu taldeak lagun izango ditu Jone Martínez (sopranoa), Gabriel Díaz (kontratenorra), Ariel Hernández (tenorra) eta Jesús García Aréjula (baxua) bakarlariak.
Hamabostaldia Araban
Musika Hamabostaldiaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari jarraiki, Musika Aitzaki Arabako hainbat tokitara helduko da. Emanaldiak izango dira Agurainen, Eltziegon, Artziniegan, Lantaronen, Kanpezun, Kuartangon eta Zalduondon, eta guztiak doakoak dira. Hauek dira Araban izango diren lehenengo hiru kontzertuak:
Landarbaso Abesbatza – abuztuak 7, 19:00 - Santa Maria eliza (Agurain)
Agurainen egingo den lehenengo kontzertuan Euskadiko abesbatza ospetsuenetariko bat ariko da: Errenteriako Landarbaso Abesbatza. Bere zuzendari titular Iñaki Tolaretxipik gidatuta eta Iker González organista eta Maite Vicuña txistularia lagun dituela, abesbatza-musika garaikidearen ikuspegi zabal bat aurkeztuko du, Desmond, Labarr, Esenvalds, Jecabsone, González eta Xabier Sarasolaren lanen bidez; eta oso ezagunak diren hainbat klasiko ere kantatuko ditu taldeak: Mozarten Ave verum edo Rachmaninoven Bogoroditsie dievo himnoa, esaterako.
Kairos Project Ensemble – abuztuak 8, 20:30 – San Andres eliza (Eltziego)
Kairos Project Ensemble instrumentu laukotea osatzen dutenak dira Paco Varoch txirula-jotzailea, Olatz Ruiz biolinista, Salvador Bolon biolontxelo-jotzailea eta Ander Perrino kontsabaxu-jotzailea. Eltziegoko San Andres elizan “Loving Rossini” izenburudun programa aurkeztuko dute, Gioacchino Rossini eta Federigo Fiorillo musikagileen obrekin.
Marta Zabaleta / Josep Colomé / Laia Puig – abuztuak 12, 19:30 - Jasokundeko Andre Mariaren eliza (Artziniega)
Artziniegako Jasokundeko Andre Mariaren elizak ongietorria emango dio euskal zein kataluniar bakarlari gorenek osatutako hirukoteari: Marta Zabaleta pianista, Josep Colomé biolinista eta Laia Puig biolontxelo-jotzailea. Asmo handiko programa erromantikoa aurkeztuko dute, Franz Schubert, Ludwig van Beethoven eta Fritz Kreisleren lanez osatua.
