Gaur aurkeztu berri dugu BI AHOTSETAN - A DOS VOCES, Hamabostaldiaren podcast-a, eta entzungai dago honezkero lehenbiziko atala. Sail honetako atal bakoitzean, historian zehar artearen inspirazio izan diren gai unibertsaletako hainbat jorratu ditugu, eta garai ezberdinetako musikari handiek nola landu dituzten ezagutuko dugu: zein doinu du maitasunak? nola abesten zaio heriotzari? eta nostalgiari?... atal bakoitzean, musika klasikoa aitzaki hartuta, horren inspirazio iturri izan diren gai unibertsalei buruz solasean ariko dira Joseina Etxeberria kazetaria eta euskal gizartean, eremu jakin batean bere jardunagatik (kultura, kirola…) ezaguna den gonbidatu bat. Sailean parte hartu dutenak dira: Harkaitz Cano, Edurne Pasaban, Iñaki Peña, Aitziber Garmendia, Lide Hernando eta Julen Martija. Musika klasikoa eta solasaldia uztartuta, lasai entzun eta gogoeta egiteko saioa.
Musika klasikoa publiko ororentzat, musika klasikoan aditua ez denarentzat, inoiz entzun ez duenarentzat ere badela zabaltzea dugu egun erronka nagusienetako bat. Izan ere, eguneroko bizitzan edonork entzuten dugu, askotan jabetu ere egin gabe, zinean, publizitatean… eta musika klasikoak mendez mende, eta egun ere gu guztiok arduratzen gaituzten gaiak ditu oinarri (maitasuna, heriotza, nostalgia, festa…); beraz, mugak hautsi eta musika klasikoa gertukoa, ororentzat hautemangarria denaren ideia zabaldu nahi dugu. Eta ariketa horretan tresna ezin hobea dugu podcast sail hau.
Modu informal eta desberdin batean murgildu gara, adibidez, Mozartek heriotzaren gaia bere Requiemean nola tratatzen duen edo Beethovenek Elisarentzat lanean nola hitz egiten duen; pasarte musikalak eta istorioak bereziki landu ditugu, ekoizpen erakargarri batez lagunduta. Zeharkako zatiak, musika-mozketak eta off ahotsezko narrazio-zatiak story telling freskoarekin eta diseinu landuarekin konbinatuz, audio-konprimitu denboragabeak sortuko ditugu, edozein unetan entzun eta entzun ahal izango direnak, nahaieran. Ildo horretan, ULU Mediak egindako beste zenbait ekoizpenen ubera jarraitu da: "Tabakalera Hotsak", "Orbita Laika"...
Podcast honen beste helburua da Musika Hamabostaldiak jaialdiak irauten duen hilabetetik haratago ere zeresana, presentzia izatea.
Sailak 6 kapitulu ditu, eta 30-35 minutuko iraupena du bakoitzak. Euskaraz ondutakoa da, eta gaztelaniazko bertsioa ere garatu da.
EITBrekin lankidetzan, BI AHOTSETAN saila Guau (Gure Audioa) plataforman izango da entzungai; gaurtik bertatik hasita, hamabost egunean behin atal berri bat plazaratuko da. Horretaz gain, beste hainbat audio plataformatan ere zabalduko da.
Fitxa teknikoa
Zuzendaritza: Oier Aranzabal
Soinu diseinua: Oier Aranzabal, Jon Gartzia eta Alai Ormazabal
Ekoizpena: Xabier Etxeberria
Artea: Aritz Trueba
Aurkezlea: Joseina Etxeberria
Ekoiztetxea: ULU Media
