86. Hamabostaldia, nazioarteko zein bertako onena biltzen duen musika klasikoz eta dantzaz betetako hilabetea

  • Sarreren salmenta orokorra maiatzaren 21ean, asteazkenean, abiatuko da, goizeko 11:30etan. Sarrerak online, webgune honetan, eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan erosi ahal izango dira.
  • Ahotsaren aldeko apustuak, errepertorio zorrotz baten bidez (“West Side Story, “Amaya”, “Stabat Mater”), proiekzio handiko bertako artisten aintzatespen gisa balio du (Xabier Anduaga, presentzia bikoitzarekin; Miren Urbieta-Vega, Arantza Ezenarro…) eta lurraldeko koru-sarearen sasoi bikainaren egiaztapen gisa.
  • Dantzak emango dio hasiera jaialdiari Angelin Preljocajen "Requiem(s)" lan berrienarekin, 14 beterekin bermatuta Parisko estreinaldian. Rafaela Carrascoren flamenkoa (2023ko Dantza Sari Nazionala) Victoria Eugenian izango da eta dantza garaikideak bere tokia izango du Tabakalera Dantzan-en. Beste ziklo batzuek ere, hala nola Organo Zikloak, Musika Aitzaki edo Inaugurazio Jardunaldiak, dantza eta zuzeneko musika uztartzen dituzten proposamenak eskainiko dituzte.
  • Jaialdiak orkestra handiak bilduko ditu, hala nola Leipzigeko Gewandhausorchester ospetsua, Orchestre de l 'Opera de Paris eta Espainiako Nazionala, eta baita izarrak ere:  Marc Elder, Jordi Savall, Thomas Adès, Andris Nelsons, David Afkham, Mitsuko Uchida, Hilary Hahn, Nelson Goerner, etab.
  • Hamabostaldiak sorkuntza berria sustatzen darrai "Nizugu" haurrentzako operaren estreinaldiarekin, Tabakalerarekin batera dantza garaikidea sortzeko egoitza berri batekin edota hainbat musika-piezaren enkarguarekin.
  • Maurice Ravelen jaiotzaren 150. urteurrena oroituko da.

Abuztuaren 1etik 29ra, Donostiako Musika Hamabostaldiak, Penintsulako musika-jaialdi zaharrenak, 86. edizioa izango du; laurogeita sei urte Donostia eta, ondorioz, lurralde osoa, etenik gabe, klasikoaren, kulturaren eta artearen gozamenaren epizentroan kokatuta; zortzi hamarkada baino gehiago zuzeneko musikaren eta dantzaren inguruan komunitatea sortzen.

Uda honetan, jaialdiak zuzeneko musika eta dantza eramango ditu berriz ere hiriko areto nagusietara, kultur guneetara eta beste hainbat lekutara, baita Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko zenbait herritara ere. 80 hitzordu izango dira, eskaintza anitza norberak bere Hamabostaldia diseinatu ahal izateko pentsatua, norberak gustukoen duen plana antola dezan, a zer plana!

Sarreren salmenta orokorra maiatzaren 21ean, asteazkena, hasiko da, 11:30ean. Aurtengo edizioko kontzertu guztietarako sarrerak www.quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan eskuratu ahal izango dira. Hamabostaldiaren Lagun izateak abantailak eta deskontuak dakartza, hala nola, sarrera solteak eta abonuak erostean, % 25erainoko deskontuarekin eserlekuak erostean.

AHOTS HANDIKO EDIZIOA: XABIER ANDUAGAREN PRESENTZIA BIKOITZETIK, "AMAYA", "WEST SIDE STORY" EDO ROSSINIREN "STABAT MATER"-ERA
Ahotsak, jaialdian beti oso presente, abesbatza tradizio horren handia duen gure lurraldean duen errotzeagatik, aurten pisu berezia izango du.

Xabier Anduaga tenore donostiarra bere jaioterrira itzuliko da munduko opera-plaza nagusienetan jardun ostean (Metropolitan Opera, Deutsche Oper Berlin, Royal Opera House, Gran Teatro del Liceu, Madrilgo Errege Antzokia, Bayerische Staatsoper, Wiener Staatsoper, ABAO, Teatro di San Carlo...). Oso urte gutxian, Xabier Anduaga mundu mailan gehien eskatzen eta errespetatzen den tenoreetako bat bihurtu da; 29 urte dituela, kontuan hartuta non eta norekin aritu den, Anduaga historian nazioartean proiekzio handien lortu duten euskal opera abeslarietako bat da jada.

Abuztuaren 4an, emanaldi sinfoniko-koral itzel batean, Orquestra de la Comunitat Valenciana - Palau de les Arts, Donostiako Orfeoiarekin eta Federica Lombardi sopranoa eta Will Thomas baxua barne hartzen dituen bakarlari talde batekin batera, Rossiniren "Stabat Mater" interpretatuko du Xabier Anduagak; errepertorioko abesbatzarako obrarik garrantzitsuenetako bat da hori eta laukote bakarlari oso nabarmena eskatzen du, tenorraren papera bereziki azpimarragarria delarik; partiturak, gainera, Valentziako orkestraren esparru lirikoko lana nabarmenduko du, bere ezaugarri nabarmenetako bat. Eta abuztuaren 12an Victoria Eugenia Antzokiak Xabier Anduagaren bigarren emanaldia hartuko du, oraingoan errezital batean, Maciej Pikulski pianistak lagunduta. Bere seriotasuna, kalitatea eta konpromisoa presente egongo dira, zalantzarik gabe, lirikaren arloan nazioarteko ospea eman dioten obra eta egileek osatutako programa honetan: Verdi, Donizetti, Massenet eta Gounoden ariak interpretatuko ditu, eta Tosti, Bellini, Liszt eta Hahnen abestiak.

Ahots eskaintzarekin jarraituz, abuztuaren 9a mugarri izango da Hamabostaldiaren historian, Guridiren "Amaya" opera kontzertu bertsioan berreskuratuko baita. Gasteiztarraren lanik garrantzitsuenetako bat euskarazko opera bat da, kutsu historikoduna eta wagnertar ukituko musika duena; Navarro Villosladaren "Amaya o los vascos en el siglo VIII" lanean oinarritua, XX. mendeko euskal musikaren klasiko bat da. Diego Martin-Etxebarriaren zuzendaritzapean, berau interpretatuko dutenak dira: Euskadiko Orkestra, Easo Abesbatza eta Arantza Ezenarro (Amaya), Gillen Munguía (Teodosio), Marifé Nogales (Amagoya), Lucía Gómez (Plácida/Olalla), Juan Laborería (Asier/Ermitaño/Caballero) eta José Manuel Díaz (Miguel/Mensajero) bakarlariak. Orkestra, abesbatza eta bakarlariak bertakoak izateak Euskal Herrian azken urteotan musika klasikoaren arloan lortutako maila altuaren erakusle da.

Abuztuaren 20an, Hamabostaldiak Broadway-ra begiratuko du, musikalen mekara, alegia, Bernsteinen lanik ezagunenaren eta gaur egun musikal nagusitzat jotzen denaren "West Side Story" izango baita entzungai kontzertu bertsioan. XX. mendearen erdialdeko New Yorkeko Romeo eta Julieta dira, nolabait. Egileak berak esana da partiturak "operaren eta Broadwayren arteko ildo estutik ibili behar zuela", eta hala izan da: musikalak hartzen dituzten antzokiek nahiz operakoek programatzen dute, XX. mendeko obra liriko ezagunenetako eta ondoen idatzienetako bat delako. Miren Urbieta-Vega donostiarrak debuta egingo du Mariaren rolean; berarekin batera, Caspar Singh (Tony), Henry Neill (Riff), Nerea Berraondo (Anita) eta abarrek osatzen dute talde bakarlaria. Orkestra lana Euskadiko Orkestrak egingo du, eta Easo Abesbatzak interpretatuko ditu pasarte koralak; guztiak, Clark Rundell zuzendari britainiarraren zuzendaritzapean jardungo dute. Zuzendaria eskarmentu handiduna da XVIII. mendeko musikatik hasi eta gaur egungora arte, klasikotik musikalera genero ugari landuz.

Musika korala eta ahotsa errezital formatuan beste hainbatetan izango da jaialdian: Inaugurazio Egunean, Antzinako Musika, Organo eta Musika Aitzaki zikloetan zein Haur Hamabostaldian. Ahozko musika tradizionalagoa ere izango dira, Organo Zikloan bertsolariak ariko baitira, eta Arantzazun euskal folkaren eta poparen izen entzutetsuak ere.

DANTZA GERO ETA PRESENTEAGO: JAIALDIA IREKIKO DU KURSAALEN, ETA BESTE ZIKLO BATZUETARA HEDATUKO DA
Kursaal Auditorioko zikloa, ohi ez bezala, "Requiem (s)" dantza ikuskizunak irekiko du. Angelin Preljocajen ekoizpen berriena da, bizitzaren miraria ospatzera deitzen duena, baita requiem eta dolu-uneetan ere. Bertan, hileta-musikaren konnotazio emozionalak aztertzen dira, Mozart, Ligeti, Bach, Messiaen, Haas, Johannsson edo Erdi Aroko kantuen musikaren bidez, eta samurtasunez arakatzen dira maite den pertsona baten galerarekin lotutako zirrara konplexu eta intimoak, bizi-erritua ere izan daitekeen larritasun-unea, une partekatuen ospakizuna. Koreografoak -lagun min eta familiako kide batzuen heriotzak markatuta- obra «tribal» bat asmatzea erabaki du, non taldea bat eginda mantentzen den desagerpenaren ideiaren aurrean [...]. " Laura Cappelle (The New York Times egunkariko dantza kritikaria). 2024an, Parisko Philharmonie delakoan egindako estreinaldian, bi astetik gora eman zituen aretoa beteta. Horrela, Preljocaj Balleta Hamabostaldira itzuliko da, 2023an "Beltxargen Aintzira" lanarekin lortutako arrakastaren ondoren. Aurretik, Inaugurazio Jardunaldiaren programazioaren barruan, Lasala Dantza Konpainiak eta Verdini Dantza Taldeak emanaldi bana eskainiko dute San Telmo Museoan eta Kursaaleko foyerrean, hurrenez hurren.

Flamenkoa Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan izango da “Nocturna. Arquitectura del Insomnio” lanari esker (abuztuak 5). Bere ikuskizun berrian, Rafaela Carrasco koreografoak (2023ko Dantzako Sari Nazionala), Álvaro Tato poeta eta antzerkigilearekin batera, pertsonek gauaren munduarekin duten harremana aztertzen du, baita Urrezko Mendeko egileen inspirazio-gaitasuna ere. Horien lanen zatiak Aitana Sánchez-Gijón aktorearen off-eko ahotsean entzungo dira. Hori guztia Bach bezalako egileen lanekin eta Gema Caballero cantaoraren zuzeneko ahotsarekin sortuta fresko musikalaren gainean eraikiko da.

Tabakalera ere dantza eskaintzaren erreferentziazko toki izango da. Egile-dantzak eraikineko hainbat txoko hartuko ditu, hala nola Patioa, Plaza edo Prisma, musikak eta soinuak garrantzi berezia duten formatu desberdinetako proposamenak konbinatuta. Hamabostaldiak eta Tabakalerak babestutako sorkuntza egonaldia Idoia Zabaletak egingo du eta zikloa osatuko dutenak dira Laida Aldaz, LaCerda, Melania Olcina, eta Jesús Rubio eta Luz Prado. Egite koreografikoari eta mugimenduaren arteari begira egindako proposamen bereziak dira, eta piezetako hiru zuzeneko musikarekin interpretatuko dira.

Gainera, dantzak hainbat formatutan zeharkatzen ditu beste ziklo batzuk, hala nola Organo Zikloa (Gure Kai Dantza Taldea, Verdini Dantza Taldea) eta Musika Aitzaki (Haatik Dantza Konpainia Hondarribian, Amaiur Luluaga Cristóbal Balenciaga Museoan).

NAZIOARTEKO ORKESTRA ETA FIGURA HANDIAK: LEIPZIGEKO GEWANDHAUS, ORCHESTRE DE L’OPERA DE PARIS, JORDI SAVALL, MITSUKO UCHIDA, HILARY HAHN...
Edizio honetako mugarri garrantzitsuenetako bat, zalantzarik gabe, Leipzigeko Gewandhausorchester historikoaren lehen bisita izango da. 1743an sortua, munduko orkestra zibil zaharrena da, egun mundu mailako erreferente; Mozart, Brahms edo Mendelssohnek zuzendua, besteak beste, bere soinua eta kalitatea ospetsuak dira eta gaur egun ere maila paregabea du. Gainera, bita gozatu ahal izango ditugu, Andris Nelsonsen gidaritzapean (Gewandhausorchester-ko Gewandhauskapellmeister-a 2018tik eta Boston Symphony Orchestrako musika zuzendaria 2014tik). Beti bakarlari handienekin batera, abuztuaren 28an, Hilary Hahn biolinista ospetsuarekin batera ariko da. Hamabostaldira bueltan, Dvoraken Biolin eta orkestrarako kontzertua interpretatuko du. Eta abuztuaren 29an, jaialdiaren 86. edizioari amaiera emango dio orkestrak; Donostiako Orfeoiarekin eta Julia Kleiter eta Christian Gerhaherrekin batera, Mendelssohnen 5. Sinfonia, "Erreforma", eta Brahmsen "Requiem alemaniarra" interpretatuko ditu publikoaren oroimenean kateatuta geratuko den kontzertuan.

Orquestra de la Comunitat Valenciana – Palau de las Arts, Lorin Maazelek sortua eta Zubin Mehtak babestua, lehen aldiz izango da jaialdian. Mark Elder zuzendari titular berriaren agindupean, berariaz diseinatutako bi programa aurkeztuko ditu: abuztuaren 3an, errusiar programa bat interpretatuko du: Tchaikovskyren Piano eta orkestrarako 1. kontzertua, Nelson Goerner pianista argentinarrarekin, eta Shostakovichen sinfoniarik ezagunena, amaiera apoteosikodun Bosgarrena; eta abuztuaren 4an, ahotsari eskainitako atalean aipatu dugun kontzertu sinfoniko-korala.

Abuztuaren 22an, Espainiako Orkestra Nazionalak, David Afkham zuzendari titular eta artistikoak gidatuta, "Hitzi gabeko eraztuna" aurkeztuko du, Lorin Maazelek Wagnerren “Nibelungoaren eraztuna” tetralogia ospetsuaren gainean egindako moldaketa. Laurogei minutuko orkestra-suite batean kondentsatzen ditu Maazelek Wagnerren ziklo handia osatzen duten lau operetako pasarte gogoangarrienetako batzuk: Rhingo urrea, Walkiria, Sigfrido eta Jainkoen gainbehera.

Abuztuaren 24an, Jordi Savall, historizistaren figura eztabaidaezina, eta azken urteotan XIX. mendeko musikan barneratzen ari dena, Hamabostaldira itzuliko da. Haren emanaldia jaialdiko beste mugarrietako bat izango da. Berak sortutako Le Concert des Nations talde instrumentalarekin eta La Capella Nacional de Catalunyarekin batera iritsiko da Kursaalera. Savallek Walpurgisen lehen gaua eta Mendelssohnen 3. Sinfonia, "Eskoziarra", interpretatuko ditu. Aipatzekoa da, klasikoaren eremuko artista eta erakundeen lana sustatzea eta laguntzea ardatz dituen Hamabostaldiaren babespean, Savallek, Le Concert des Nations eta La Cappella Nacional de Catalunyak Gasteizen astebeteko egonaldian prestatuko dutela programa hau, eta Kursaaleko kontzertuaren ondoren, urrian Pariseko Philharmonie-n eta Bartzelonako L 'Auditori-n joko dutela.

Orchestre de l 'Opéra National de Parisek, Thomas Adès zuzendari eta konpositorearen zuzendaritzapean, Ravelen jaiotzaren 150. urteurrena (abuztuak 27) ospatzeko programa bat interpretatuko du; entzingai izango dira haren Le Tombeau de Couperin, Ezkerreko eskurako kontzertua eta La Valse. Gainera, Ravelen pianorako kontzertuaren eta Thomas Adèsen pianorako kontzertuaren arteko kontrastearekin jolasten du programak. Bere modernitate minimalistarekin, ez hain abangoardista eta ikusgarritasun handikoa, mende honetan pianorako egin den kontzerturik nabarmenetakoa bihurtu da Adèsena. Biak Kirill Gernsteinek interpretatuko ditu.

Abuztuaren 18an, Mitsuko Uchida, garai guztietako pianoaren mitoa, Donostiara itzuliko da beste behin. Azken urteotan, bakarka, bikotean edo Mahler Chamber Orchestraren buru dela etorri da gurera eta oraingoan Kursaal Auditoriotik Victoria Eugenia Antzokira aldatuko da. Ekialdeko kulturak berezkoak dituen soiltasuna, dotoretasuna eta irmotasuna ezaugarri dituela, Beethovenen hiru soinu-monumenturi helduko die: 32 sonatetatik azken hirurak (30., 31. eta 32.), interpretea muturrera daramatenak bere eskakizun teknikoagatik eta estilo ugaritasunagatik; eta horiek interpretatzen pareko askorik ez du Uchidak.

EKOIZPEN PROPIOA: “NIZUGU” HAURRENTZAKO OPERA, DANTZA GARAIKIDEAREN SORKUNTZA ETA ENKARGUZ EGINDAKO HAINBAT LANEN ESTREINALDIA
Haurren Hamabostaldiaren ekitaldi nagusia "Nizugu" ekoizpen propioko haurrentzako operaren erabateko estreinaldia izango da (abuztuaren 26a). Opera horrek jarraipena ematen dio Easo Abesbatzarekin elkarlanari, haur eta gazteentzat opera-ekoizpen berriak garatu eta funtsezko elementutzat iraunkortasuna, gizarteratzea eta gazteenen artean zuzeneko musika sustatzea funtsa dituen elkarlanari, hain zuzen. David de Oliveiraren gidaritzapean, Iñaki Carcavillaren musika eta Marta Garciaren libretoak, ikastetxea, lagunak, familia eta norbera kokatzen ditu erdigunean. Haur-opera berri honen jatorria ez da kasualitatea, nola pasatzen gara honetatik harantzagokora? nola hitz egiten dugu, nola mugitzen gara, nola onartzen ditugu gauzak? pertsona bera al gara lekua aldatu arren? Opera honek bilatzeko eta galdetzeko balioko du. Proiektuan esku hartzen dute, halaber, Emaus Gizarte Fundazioak eta IED Kunsthal Bilbao ikastetxeak.

Aldi berean, Hamabostaldiaren enkarguz sortutako lanak estreinatuko dira Musika Garaikideko Zikloan, eta, Tabakalerarekin batera, jaialdiak dantza-sorkuntza egonaldi berri bat sustatuko du (Idoia Zabaleta).
 
MAURICE RAVEL GOGOAN, HAREN JAIOTZAREN 150. URTEURRENEAN
Ciboureko konpositorearen urteurrena jaialdian zehar ospatuko da. Bereziki nabarmentzekoa da Orchestre de l 'Opera de Paris-ren omenaldia Kursaalean. Halaber, Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastrek ere gogoan izango dute Ravel Inaugurazio Jardunaldian; baita Ángel Luis Quintana eta Miguel Ángel Castro Ganbera Zikloan; eta Ensemble Bayonak Musika Aitzakin (Senpere) ere.

HAMABOSTALDIKO BESTE ZIKLOETAN, 60 HITZORDU BAINO GEHIAGO PUBLIKO ORORENTZAT
Ziklo espezializatuetan, publikoak, Hamabostaldian adituenak zein jaialdira lehen aldiz joaten denak, garai eta estilo guztietako errepertorioak hartzen dituzten proposamen bereziak aurkituko ditu, espazio berezietan: ganbera- eta antzina-musika San Telmo Museoan eta Donostiako Orfeoiaren egoitzan, dantza garaikidea Tabakalera Dantzan-en; organo-musika Gipuzkoako organo erromantiko handietan; talentu gazteak Miramar Jauregian, familia osoarentzako proposamenak Haurren Hamabostaldian, musika garaikidea Kursaalen eta Musika Aitzakiren hitzorduak, jaialdiaren arrastoan Donostiatik haratago eramango dutenak, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian barrena; ziklo horretako ikurra Arantzazuko kontzertua da eta, aurten, emanaldi horretan Alos Quartet taldearen inguruan bilduko dira Natxo de Felipe, Gorka Urbizu, Olaia Inziarte, Amorante eta Iñar Sastre, horretarako propio diseinatutako programa bat interpretatzeko (abuztuaren 21a).

ESKAINTZA IRISGARRIA
Musika Hamabostaldiaren konpromisorik handiena Hamabostaldia bera sostengatzen duten herritarrekiko konpromisoa da. Horregatik, bere ahalegin handienetako bat da edizio bakoitzean biltzen duen eskaintza anitza eta kalitate handiakoa irisgarria izatea. Prezio oso lehiakorrak izateaz gain (Kursaaleko ziklo sinfonikorako sarrerak 11,60 eurotik eros daitezke), Hamabostaldiaren eskaintzaren zati bat doakoa da: Inaugurazio Eguneko kontzertuak (Kursaal Auditorioko kontzertua izan ezik), organo zikloko kontzertu guztiak eta Tabakalera Dantzan eta Musika Aitzakiko hitzordu batzuk.

Gainera, 30 urtetik beherakoek Ordu Gazteaz baliatu daitezke: 3 euroko sarrerak erosi ahal izango dituzte Kursaal Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzokian ("Nizugu" haurrentzako operarako izan ezik), ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik aurrera, dagozkien leihatiletan, bertan eserlekuak izatearen baldintzapean eta adina egiaztatu ondoren. 30 urtetik gorako langabeek ere auekra hori baliatu ahal izango dute, Izena Emateko Aldien Ziurtagiri eguneratua aurkeztu ondoren.

 

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.