Kursaal Auditorioan hirutan agortu dira sarrerak eta 14.890 lagun bildu dira

Kursaal Auditorioko kontzertu handien zikloan 14.890 lagun bildu dira eta hirutan agortu dira sarrerak: Orquestra de la Comunitat Valenciana - Palau de les Arts orkestraren kontzertua, besteak beste Xabier Anduaga bakarlari zela eta Donostiako Orfeoiarekin, Rossiniren Stabat Mater obraren interpretazioan; Bernsteinen "West Side Story"ren interpretazio gogoangarria, Euskadiko Orkestrarekin, Miren-Urbieta Vega eta Caspar Singh buru zituen bakarlari taldearekin eta Easo Abesbatzarekin, Clark Rundellen zuzendaritzapean; eta Gewhausandorchester Leipzigek, Julia Kleiter eta Christian Geraher bakarlariek eta Donostiako Orfeoiak eskainiko duten amaierako kontzertua, denak Andris Nelsonsek zuzenduta.

Gogoangarria da, halaber, Hamabostaldiaren irekiera: Verdini Dantza Taldeak atariko gisa foyer-ean emandako erakustaldiaren ondoren, Ballet Preljocaj konpainiaren Requiem(s) ikuskizunak ireki zuen Hamabostaldia. Aretoa ia Beteta zegoela, Bach, Mozart eta Ligetirekin batera System of a Down musika-taldearen metal alternatiboa ekarri zuena jaialdira Angelin Preljocajen sorkuntzak. Horrez gain, izan dira beste hainbat une azpimarragarri: Guridiren Amayaren kontzertu bertsioaren berreskuratzea, erabat euskal musikariz osatutako talde artistikoaren eskutik (Diego Martin-Etxebarriaren zuzendaritzapean, Arantza Ezenarro eta Gillen Munguía buru zituen bakarlari-taldea, Euskadiko Orkestra eta Easo Abesbatza), tokiko talentua zer eskaintzeko gai den agerian utzita berriz ere; edo Jordi Savallen itzulera, Le Concert des Nations eta La Capella Nacional de Catalunyak lagunduta Mendelsohnn interpretatzeko.

Aipatzekoa da Auditorioan interpretatutako obretatik Guridiren Amayaren bertsio osoa, Bernsteinen West Side Story, Wagner/Maazel-en Hitzik gabeko eraztuna, Adèsen Piano eta orkestrarako kontzertua eta Pärten Benjamin Cantus in memoriam Benjamin Britten lehenbiziko aldiz entzun zirela Hamabostaldian.

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.