[Translate to Euskera:]

[Translate to Euskera:]

Musika Aitzaki zikloaren bigarren zatiak hamar emanaldi izango ditu abuztuaren 19tik 28ra

  • Aitzaki zikloa Hernani, Arantzazu, Errenteria eta herri arabarretara helduko da.
  • Abuztuaren 20an Ignaziotar Ibilbideko hitzordua berreskuratuko da: aurtengoan Gesaltza eta Arantzaruren artekoa izango da txangoa.

Musika Aitzaki zikloak, jaialdiko egitarau bidaiaria, aurrera jarraituko du abuztuko bigarren hamabostaldian zehar, eta musika klasikoko hainbat hitzordu izango ditu Gipuzkoan eta Araban, estilo eta mota ezberdinetakoak: ganberako musika, korala, dantza, kantu errezitalak eta poesia eta musika uztartzen dituzten ikuskizunak.

Proposamenen artean nabarmentzekoa da Kukai Dantzaren emanaldia. Konpainiak abuztuaren 28an aurkeztuko du, Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin (EGO) batera, Jon Mayaren “Eta orain zer?” koreografia berriaren erabateko estreinaldia. Lehen aldia izango da, gainera, Musika Hamabostaldiak Errenteriako Lekuona Fabrika berriarekin kolaboratuko duena.

Festibalak, era berean, ez dio hutsik egingo bere ohiko Arantzazuko hitzorduari. Oñatiko santutegian, abuztuaren 25ean, hainbat euskal artistak omenaldia egingo diote Pablo Sorozabal konpositoreari: abeslariak, pianistak, txistulariak, dantzariak… Easo Abesbatzarekin eta Oñatiko Ganbara Abesbatzarekin arituko dira. Elkarrekin Sorozabal gogora ekarriko dute eta euskal folklorean sustrai sakonak dituzten bere kantuetako batzuk emango dituzte. Bestetik, 2021ean jaialdiko egoitzen artera itzuli zen Chillida-Lekun iaz abiatutako erronkari egingo zaio aurre: Cuarteto Gerhardek Shostakovich konpositorearen hari kuarteto guztiak ematea, abuztuaren 19ko eta abuztuaren 21eko gaualdietan.

Abuztuaren 20an jaialdiak Ignaziotar ibilbideko txango musikatuak berreskuratuko ditu. 2020tik ez da egin halakorik pandemia dela eta. Oraingoan, txangoan izena ematen dutenek Gesaltza eta Arantzazu arteko ibilbidea egingo dute, Egeria taldearen eta Janitz Enparantza Euskal Herriko Txistulari Gazteen Lehiaketako txapeldunaren musikaz lagunduta.

Zikloaren bigarren zati honetan, abuztuaren 19tik 28ra, bederatzi izango dira hitzorduak guztira, ondoko herrietan: Hernani, Oñati, Errenteria, Bilar, Kanpezu, Artziniega, Zalduondo eta Murgia.

Ikuskizunotarako sarrerak Kursaal eta Victoria Eugeniako leihatiletan nahiz www.musikahamabostaldia.eus webgunean eskuratu daitezke. Arabako kontzertuek doako sarrera dute.

Hauek dira bederatzi kontzertuoi buruzko xehetasunak:

Cuarteto Gerhard – Abuztuak 19 eta 21, 20:00 – Chillida Leku (Hernani)

Musika Hamabostaldiarekin iazko udan lankidetza berreskuratu ondoren, Chillida-Lekuk jaialdiko egoitzen artean bere lekua berretsiko du aurtengo udan. Eta 2021ean hasitako proiektuarekin jarraituz egingo du: Dmitri Shostakovich konpositorearen 15 hari kuartetoak interpretatzea, Cuarteto Gerhard-en eskutik. Azken Hamabostaldietan Musika Garaikideko zikloan nahiz Ganberako Musika Zikloan aritutako kataluniar hari kuarteto paregabe honek iaz Chillida-Lekun Shostakovich konpositorearen 2. eta 3. kuartetoak eman zituen. Orain Hernaniko museora itzuliko da konpositore errusiarraren beste lau kuartetori bi egunetan aurre egiteko: abuztuaren 19an 1950eko hamarkadan konposatutako 5. eta 6. kuartetoak emango dituzte; bi egun beranduago, abuztuaren 21ean, saio trinko baten protagonista izango dira 1. kuartetoarekin, 1938an konposatutakoa, eta 7. eta 9. kuartetoarekin, 1960ko hamarkada hasieran idatzitakoak.

“Haritza eta ihia. Sorozabali omenaldia” – Abuztuak 25, 19:00 – Arantzazuko Santutegia (Oñati)

Arantzazuko Santutegia Hamabostaldiko Musika Aitzaki zikloko agertoki enblematikoenetako bat da eta maiz hartzen ditu diziplina artistikoen eta musika generoen arteko zubiak eraiki ohi dituzten ikuskizunak. Ildo horretan, eta Pablo Sorozabalen 125. jaiotza-urteurrena dela eta, Ganbara eta Easo abesbatzek, Aitor Biain eta Gorka Mirandak gidatuta, konpositore donostiarraren errepertorio euskaldunena interpretatuko dute: euskal folklorearen ondare bihurtu diren kantuen hautaketa bat emango dute. Horretarako, diziplina ezberdinetako artistak gonbidatu dituzte, besteak beste, Iñaki Salvador eta David de Oliveira pianistak, Zerizan Txistu Taldea, Axolar Gero Dantza Taldea, DAB konpainia, eta ikuskizuna gidatuko duen Eider Pérez aurkezle eta idazlea.

Kukai Dantza – Abuztuak 27, 20:00 – Lekuona Fabrika (Errenteria)

Errenteriako Kukai Dantza konpainiak Jon Maya dantzariaren “Eta orain zer?” koreografia berria estreinatuko du. Era berean, Musika Hamabostaldiaren eta Errenteriako Lekuona Fabrikaren arteko lehen kolaborazioa izango da. Mayaren lanak egungo gizarteko balioetan sakontzea proposatzen du: transbertsalitatean, kultur aniztasunean eta bizikidetzan. Izan ere, euskal dantzariaren arabera, dantza “gizarte kohesioaren, errespetuaren eta komunitate bereko kideen arteko elkar-ulertzearen ikur da”. Hainbat dantzarirekin batera, Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) arituko da, Pascal Gaignek ikuskizunerako konposatutako musika ematen, David Bernuésen diseinu eszenikoarekin eta Rubén Gimeno musika zuzendari dela.

 

Hamabostaldia Araban

Abuztuko bigarren hamabostaldian zehar, Musika Hamabostaldiaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker, Musika Aitzaki zikloko kontzertuetako sei Arabara helduko dira, zehatzago dagoeneko igaro den Trebiñura eta Bilar, Kanpezu, Artziniega, Zalduondo eta Murgiara. Kontzertuok doako sarrera izango dute.

Luis Fernández Castelló / David Apellániz / Carlos Apellániz – Abuztuak 19, 20:00 – Jasokundeko Andre Mariaren Eliza (Bilar)

Fernández klarinetistak, David Apellániz biolontxelistak eta Carlos Apellániz pianistak osatutako trioak ondokoak interpretatuko ditu: Ludwig van Beethovenen Trioa si bemol maiorrean, op. 11, Robert Schumannen Fantasiestücke klarinete eta pianorako op 73 eta Johannes Brahmsen Trioa la minorrean, op. 114.

Concerto 1700 – Abuztuak 20, 20:00 – Jasokundeko Andre Mariaren Eliza (Artziniega)

Concerto 1700 Daniel Pinteño eta Isabel Juárez biolinistek eta Ester Domingo biolontxelistak osatzen dute. “Divertimenti: Gaetano Brunettiren garaiko harietarako trioak” izeneko proposamenean, berriki berreskuratu diren Klasizismoko egile italiar honen obrekin batera, Brunettiren garaikide izandako Joseph Haydn eta Ligi Boccherini konpositoreen hari hirukoteak aurkeztuko dituzte.

Jone Martínez / Carmen Santamaría – Abuztuak 21, 20:00 – Jasokundeko Andre Mariaren Eliza (Kanpezu)

Pablo Sorozabal omenduko dute Jone Martínez sopranoak eta Carmen Santamaría pianistak. “Los viajes del alma” errezitalean Karol Szymanowski, Alban Berg, Emiliana de Zubeldia, Henri Duparc, Viktor Ullmann eta Lorenzo Palomo konpositoreen kantuez gain, Pablo Sorozabalen Siete Lieder con poemas de Heine interpretatuko dute.

Quartetto Adorno – Abuztuak 26, 20:00 – San Saturnino Eliza (Zalduondo)

Ganberako Musika Zikloan kontzertua eman ondoren, Cuartetto Adorno laukote italiarrak bigarren kontzertu bat emango du Zalduondon Klasizismoaren eta lehen Erromantizismoaren artean kokatzen diren bi obra handi eskainiz: Ludwig van Beethoven konpositorearen “Razumovsky”, 2. op. 5 bigarren kuartetoa, eta Franz Schuberten 14. kuarteto ezaguna: “Heriotza eta dontzeila”.

Gregorio Solabarrieta Ganbera Orkestra – Abuztuak 28, 19:30 – San Miguel Eliza (Murgia)

Asier Pugak zuzendutako Gregorio Solabarrieta Ganbera Orkestrak, José Miguel Baena aktorearekin eta Jorge Durana perkusionistarekin, XX. mendeko bi obrari buruzko proposamen originala emango du: Kevin Volans konpositore hegoamerikarraren She Who Sleeps With a Small Blanket eta William Walton-en Façade, poesia eta musikadun entretenimendua.

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.