Isabel Herguerak egin du 86. Musika Hamabostaldiko kartela

Isabel Herguera (Donostia, 1961) da 2025ko abuztuaren 1etik 29ra bitartean luzatuko den 86. Musika Hamabostaldiaren kartelaren egilea. Lau hamarkadatik gorako ibilbidea duen donostiar ikusizko artista, zuzendaria eta animazio-ekoizlea aitzindaria da ordenagailu bidezko animazioan eta animazioekin ikus-entzunezko instalazioak egiten. 80ko hamarkadan ekin zion bere ibilbideari, bideoartea ardatz hartuta, gero animazioa deskubritu zuen eta laurogeita hamarreko hamarkadatik diziplina horretan dihardu lanean; bere sorkuntza-lanak barne hartzen ditu marrazketa nahiz pintura eta bideo-instalazioa edo ikus-entzunezkoa, betiere narrazioa eta animazioa funtsezko elementutzat hartuta, eta artisautza eta teknologia baliatuta.

Bere ibilbide osoan, Isabel Herguerak oso presente izan du bere autobiografia, eta horrek pisu handia izan du, halaber, 86. Musika Hamabostaldiko kartelaren motiboaren aukeraketan: "Pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen zer objektu, zer elementu, nondik atera nezaken niretzat Donostiakoa den zerbaiten ideia, niretzat oso esanahi sakona duena. Eta horrela agertu ziren Kursaaleko zubiko kale-argiak. José Aranak diseinatutako kale-argiak betidanik egon dira nire bizitzan, Grosekoa izanik, eta eskolako autobusa hartzeko Bretxara etortzen nintzenez, zubia egunero zeharkatzen nuelako. Txikitan, ikusten nuen galdategiari zegokion tokian Luzuriaga jartzen zuela, eta aitak Luzuriagan egiten zuen lan; hortaz, iruditzen zitzaidan kale-argiak aitak eginak zirela eta are lotuago sentitzen nintzen haiekin". Kale-argi horiek eta zubiak berak Isabelentzat duten balioaren adierazle da El Sueño de la Sultana lanean ere agertzen direla: "eszena bat badago zubi berean, hau baita niretzat esanahia duen zubia, besteak ez, besteak jada urrun daude, baina hau Groseko zubia da, eta horretan agerten dira baita ere, nola ez, kale-argiak eta iraileko olatuak".

Kartelerako erabilitako teknikari dagokionez, Isabelek multiplanoa hartu du oinarritzat, animazioan bezala, mailak gainjarriz. "Kasu honetan, adibidez, hainbat maila sortu nuen kale-argiekin, horiek posizio desberdinetan jarrita; lehenenego esperimentuak egiterakoan planoak gainjartzen dira, gardentasunak erabilita, lortu nahi den irudia atzeman arte. Gero konturatu nintzen kale-argi horiek musika-notak ere bazirela, jartzen nituen moduaren arabera. Ideia garatu ahala sortzen diren ezustekoak dira horiek". Isabelek abuztuan hirian nagusi diren urdinekin, berdeekin ondo joango zen kolore-sorta erabiltzea pentsatu zuen eta horien osagarriak diren tonu gorriak zein laranjak hobekien nabarmendu zitezkeen koloreak zirela pentsatu zuen.

Kartel bat diseinatzearen esperientziari buruz, Isabelek honako hau dio: "beti egin izan ditut pelikuletarako kartelak, behar izan nuenerako, baina inoiz ez nuen aurkitu irudi bakar batean kontzeptu bat definitzeko plazera. Eta azken urteotan gauza pare baterako deitu didate eta oso ondo pasatu dut. Hasieran, urduritasun- eta antsietate-une bat izaten da beti, ez baitakizu oso ondo nondik jo, baina behin muina edo benetan irudikatu nahi duzuna deskubritzen duzunean, jolas bat da, oso dibertigarria, gero elaborazio prozesu bat eskatzen duena. Ideia aurkitu eta funtzionatzen duela ikusten duzuneko une hori plazer hutsa da”.

Musikak bere egunerokoan duen presentziaz ari garela, artistak dio bere bizitzaren parte dela ezinbestean. Denboraren joanean, askotariko musikak entzun ditu, baina orain klasikoa entzuten duoso maiz; Bach asko, baita Chopin ere, baina batez ere Bach; "boladak izaten ditut, orain Klabe ondo tenperatua entzuten dut obsesiboki; baina, adibidez, Aste Santuan Mozart entzuten dut beti; hau da, urteko garai batzuetan musika jakin bat entzuten dut". Musikarekin lan egiteari dagokionez, honako hau dio: "ideia bururatu bitartean isilean jardun behar dut, baina behin ideia zehaztu dudanean, orduan bai, orduan musikak laguntzen dit gogo-aldarteari eusten".

Isabel Herguerarentzat Hamabostaldiak bere bizitzan duen presentzia etengabea da haurtzarotik: "Oso txikitatik hazi naiz Hamabostaldiarekin, betidanik". "Grosekoa naiz, eta egun Hamabostaldiaren erdigune diren kuboak hemen daudenez geroztik, presentzia hori are handiagoa da; eta oso presentzia zabala da, hilabete osoan zehar, eta hiriko hainbat lekutan. Beraz, kuboetan bertan zein hiriko beste hainbat lekutan goza diateke, modu eta forma desberdinetan. Gogoan ditut, esaterako, Karmeldarren Komentuan [Santa Teresa] egindako kontzertu zoragarriak".

Isabel Herguera sartu berri da joan den mendeko 90eko hamarkadatik Hamabostaldiaren irudi ofiziala diseinatu duten euskal sortzaileen zerrendan.

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.