• Bihar asteazkenean izango da kontzertua, eta horretan orkestrak omenaldia egingo dio Raveli, haren jaiotzaren 150. urteurrenean.
• Euskal konpositorearen musikaz gain, Kirill Gersteinek Thomas Adèsek idatzitako Piano kontzertua estreinatuko du Euskadin, Adès bera zuzendari duela.
Donostiako Musika Hamabostaldiak bere azken txanpa hasiko du bi europar orkestra garrantzitsuekin. Asteazkenean, abuztuak 27an, Kursaal Auditorioaren eszenatokian Parisko Opera nazionaleko Orkestra izango da, Thomas Adès britainiarraren zuzendaritzapean, Kirill Gerstein errusiar-amerikar pianista bakarlari dela. Aurkeztuko duten programa Maurice Raveli omenezkoa izango da, haren jaiotzaren 150 urte betetzen diren honetan: euskal konpositorearen hiru lan izango dira programan, eta horiekin batera Adèsek konposatutako Piano kontzertua izango da entzungai; 2019an Bostonen estreinatua, lehen aldiz entzungo da Euskadin. Arrazoi teknikoengatik kontzertua 20:30tan hasiko da, 20:00etan hasi ordez. Kontzertu horretarako sarrerak eros daitezke Kursaal zein Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean.
Parisko Opera nazionaleko Orkestra Europako lehenengo orkestra sinfonikoetakoa izan zen. 1672an sortu zen, urte horretan bertan Jean-Baptiste Lullyk sortu zuen Acedémie Royale de Musique delakoaren produkzioak laguntzeko. Hasieratik musikari profesionalek osatzen dute eta Frantziako musika historiaren zati oso garrantzitsuaren zati da; izan ere, ehundaka opera estreinaldi, ballet eta kontzertuetan parte hartu du eta, mendeak aurrera joan ahala, errepertorio eta musika estiloen bilakaerara moldatu da. XVII eta XVIII. mendeen artean, orkestra ospetsua zen errege ikuskizunei eta emanaldi lirikoei dirdira ematen zieten instrumentista bikainengatik. Gainera, orkestrako kideek aukera zuten Europan zehar birak egiteko, horrela euren jarduera profesionala askotariko bilakatuta, eta horri esker, orkestrak eta artistek are ospe handiagoa lortu zuten. XIX. mendean, orkestrak Parisko izen handiko aretoetan aurkezten ziren frantses opera-maisulanak lagundu zituen orkestrak, 1875en inauguratu berria zen Garnier Opèran gelditu zen arte. XX. mende amaieran, 1990an Opéra Bastille aretoa ireki zutenetik aurrera, orkestrak bi toki berezi horietan burutzen ditu ekitaldiak, eta barrokoko klasikoetatik abiatu eta konposizio garaikideetaraino hartzen duen errepertorio zabala interpretatzen du. Produkzio liriko eta koreografikoetan parte hartzeaz gain, kontzertu sinfonikoak ere ematen ditu eta, horri esker, sortu eta 350 urtera, orkestrak Parisko denboraldi artistikoaren mugarri izaten darrai egun ere.
Frantziar orkestra konpositore eta pianista den Thomas Adès britaniarraren zuzendaritzapean dator jaialdira. Adèsek Guildhall School eta Londresko King’s College-en ikasketak egin eta György Kurtágen eskola partikularrak jaso zituen; Adès oso gaztetik hasi zen konpositore bezala bereizten eta bere behin betiko arrakasta 24 urte zituela heldu zitzaion, Powder Her Face operari esker; bere musika-heldutasunak harrituta utzi zuen entzulegoa, eta ordutik dagoeneko 200 aldiz baino gehiagotan antzeztu da opera hura. Geroztik, genero guztiak aurki daitezke bere katalogoan; eragin handia izan duten Asyla bezalako lan sinfonikoekin batera, Ekaitza eta Aingeru sarraskitzailea operak ditu, besteak beste, eta baita ganbara nahiz pianoko lan bikainak ere; sarritan Adèsek berak interpretatzen ditu horiek, pianista birtuosoa ere badelako.
Adès egungo konpositore garrantzitsuenetakotzat jotzen bada, zuzendari bezala bere curriculuma ez da eskasagoa. Erregularki jotzen du Los Angeles, San Frantzisko, eta Londresko orkestrekin, Boston, Londres, BBC eta City of Birmingham sinfonikoekin, edo Amsterdamgo Concertgebouweko Orkestrarekin, Leipzigeko Gewandhausekin eta Txekiar Filarmonikoarekin. Operan, bere sorkuntzez gain, Londresko Royal Opera Housen eta Zuricheko Operan, New Yorkeko Metropolitan antzokian eta Vienako Estatu Operan zuzendu ditu ekoizpenak.
Parisko Operako Orkestrak Le tombeau de Couperin lanarekin irekiko du emanaldia; barroko frantsesari begirada nostalgikoa den eta orkestrazio arin bezain dotoredun obra horrekin Ravelek Lehen Mundu Gerran hildako bere hainbat lagun oroitu nahi izan zituen. Ondoren, Thomas Adèsen Piano eta orkestrarako kontzertua izango da entzungai, Boston Symphony Orchestrak eskatutakoa; 2019ko martxoan estreinatu ondoren, kritikoek Adès txalotu zuten, orkestrazio bikaindun kontzertu koloretsu hartan, iraganeko musika tradizionalaren baliabideak originaltasunez janzteko erakutsitako maisutasunagatik; Rachmaninov bezalako autoreen pianismo erromantikoaren kutsua gordetzen duen aberastasun eta konplexutasun handiko piano-idazkera da harena.
Bostongo estreinaldian Kirill Gerstein izan zen bakarlari (partitura hari eskaini baitzion Adèsek), eta Hamabostaldian ere bera izango da obra hau interpretatuko duena. 1979an Voronezh-en (Sobietar Batasun ohia) jaioa, Gerstein herrialdeko haur gaindotatuen musika eskola berezietako batean ikasi zuen eta bere gurasoen disko bilduma entzunez ikasi zuen jazza jotzen. 14 urte zituela, San Petersburgon Gary Burton jazz mitoarekin kasualitatez topo egin ondoren, hark inoiz izandako ikasle gazteena bihurtu zen eta Bostongo Berklee College of Music-n ikastera gonbidatu zuten; jazz pianoa eta piano klasikoko ikasketak egin zituen bertan. 16 urterekin, Gersteinek buru-belarri musika klasikoan jardutea erabaki zuen; New Yorkeko Manhattan School of Music eskolan gradu eta graduondoko ikasketak Solomon Mikowskyrekin osatu zituen, eta ondoren Madrilen ikasi zuen Dmitri Bashkirov-ekin, eta Budapesten Ferenc Radosekin. Ororen gainetik, pianista malgu eta polifazetikoa da Gerstein; Bachen musikatik sorkuntza garaikideraino hartzen du bere errepertorioak eta bere nazioarteko ibilbidean Chicago, Boston, Leipzigeko Gewandhaus eta Amsterdameko Concertgeboweko orkestrekin eta Viena eta Berlingo filarmonikoekin eman ditu kontzertuak eta Londres, Berlin, Viena, Paris eta New Yorkeko aretoetan aritu da bakarkako errezitalean.
Adèsen lanarekin batera, erabat Maurice Raveli eskainita dagoen kontzertuaren bigarren zatian haren Ezker eskurako kontzertua ere joko du Gersteinek. Ravelek Paul Wittgensteinek hala eskatuta idatzi zuen; austriarrak Lehen Mundu Gerran bere eskuineko besoa galdu ostean, ez zuen bere ibilbide profesionala alde batera uzteko asmorik, eta bere ahalmen fisikoak sortutako berriei moldatzen ziren lanak eskatu zizkien hainbat musikagileri. Ravelek beste partitura batean lan egin zuen aldi berean, bere piano kontzertu argitsuan: Kontzertua solen. “Ezker eskurako kontzertua oso bestelakoa da”, idatzi zuen Ravelek bere editoreari bidalitako gutun batean. “Jazz efektu asko ditu eta idazkera ez da horren arina. Gainera, horrelako obra batean, funtsezkoa da entzuleek ez ustea bi eskuentzat idatzita egongo balitz mamitsuagoa litzatekeela. Hori dela eta, kontzertu solemnearen tradiziotik hurbilago dagoen estilora jo dut”.
Kontzertua La Valse olerki koreografikoak itxiko du. Hori ere Gerra Handira lotuta dago: berez Diaghileven Ballet Errusiarrek estreinatu behar zuten; proiektua 1906koa da jatorriz, izan ere, garai hartan errusiar enpresariak eta euskal konpositoreak bals vienarrari eta Johann Strauss-i omenaldi bat egiteko aukerari buruz hitz egin zuten; baina proiektu hura atzeratu egin zen eta, geroago, gerra hasi zenean, testuinguru hartan Ravelek balsarekiko zuen ikuspuntua guztiz aldatu zen, glamour eta distiraren irudi izateari utzi eta iraganeko garai distiratsuak eta autokonplazentzia errudunaren ikur bihurtu zen. “Dantzaezina” zela egotzita, Errusiar Balletek hura estreinatzeari uko egin eta 1920ko abenduan pieza sinfoniko gisa estreinatu zuten La Valse; ondoren, azkar zabaldu zen nazioarteko errepertorioetara.