Sei kontzertu Donostiako beste hainbeste txokotan, Musika Hamabostaldiari hasiera emateko

  • Abuztuaren 1eko Inaugurazio Eguneko egitaraua doako sei kontzertuk osatuko dute Musika Hamabostaldiaren 82. edizioaren hasieran.
     
  • Abuztuaren 1ean ekingo zaie, era berean, Organo Zikloari eta Kursaal Auditorioko kontzertu handiei, Orchestre Philharmonique du Luxembourg, Yuja Wang eta Gustavo Gimenoren emanaldiarekin.

 

Hamabostaldiaren Inaugurazio Egunean, Donostiako hainbat txokotara helduko da musika. Doako kontzertuekin gozatzeko aukera izango da han eta hemen, kantu koralaren protagonismo handiarekin, iazko egitarauan Covid-19a dela eta horrelako taldeen presentzia murriztu ondoren.

 

Musika Hamabostaldiak ohiko Inaugurazio Egunarekin abiaraziko du bere 82. edizioa. Igandean, abuztuak 1, Donostiako hainbat txokotan izango diren sei hitzordurekin hasiko da aurtengo Musika Hamabostaldia. Askotariko proposamenak izango dira Inaugurazio Egunean eta jaialdiaren lehen musika notak Udaletxera, Kursaalera, Karmeliten Elizara, San Bizente Elizara eta Miramar Jauregira helduko dira.

 

Eguneko lehen bi hitzorduak eguerdiko 12:00etan hasiko dira, Udaletxeko Batzar Aretoan eta Kursaal-eko Foyerran. Udaletxean Iagoba Fanlo biolontxelistak eta María José Barandiaran pianistak Beltrán Pagola konpositore donostiarraren Sonata para cantos vascos eta Brahmsen Sonata Op.38 interpretatuko dituzte. Pagolaren obra berriki berreskuratua izan da, eta 1919an idatzitako lanak publikoaren eta kritikaren harrera bikaina izan zuen orduan. Kursaal-eko Foyerran Kup taldeak euskal konpositoreen hainbat lan (Sarasola, Eguiguren, Aramburu) Britten bezalako nazioarteko egileen lanekin uztartuko ditu, Gabriel Baltés zuzendariaren gidaritzapean.

 

Eguerdiko kontzertuei Suhar Koruak hartuko die lekukoa arratsaldeko 17:30ean, Karmeliten Elizan. Esteban Urzelaik zuzendutako gizon koruak Amaia Zipitria eta Ander Simal pianistak izango ditu lagun. “Ánima” izeneko saioa emango dute nazioarteko eta bertako konpositoreen obrak uztartuz.

 

18:00etan, Udaletxeko Batzar Aretoan oso bestelakoa den kontzertua emango dute Jose Ignazio Ansorena txistulari eta danbolin-jotzaileak eta Joserra Senperena pianistak. “Euskal danbolinaren aroak” aurkeztuko dute, txistuak eta haren lagun den danborrak osatzen duten tresna bikoteari, alegia danbolinari buruzkoa. XVII. mende inguruan asmatu eta Europan zabaldu ondotik Euskal Herrian gaur arte iraun duen tradizioaren ezagutza egungo belarrietara hurbildu nahi dute sortze lan horren bidez, pianoaz lagunduta.

 

Ordu berean, 18:00etan Koruko Andre Mariaren Basilikan Andra Mari Abesbatza ematekoa zen kontzertua bertan behera geratu da, antolatzaileari ez dagozkion arrazoiengatik.

 

19:30ean, ahots gazte bikainenak entzun ahal izango dira San Bizente Elizan Euskal Herriko Gazte Abesbatzaren eskutik. Basilio Astulezek eta Aitor Biainek zuzendutako koruak askotariko programa emango du, abesbatza errepertorioa eta hainbat euskal kantu emanez, Oier Etxaburu pianistak lagunduta. 2021 honetan, Gazte Abesbatzak UNESCOren Bakearen Nazioarteko Egunean parte hartuko du, Kolonbia, Japonia, Hego Afrika eta Madrilgo hainbat korurekin batera.

 

Inaugurazio Eguneko ekitaldietatik azkena “Itsas urradurak” izango da, Joxan Goikoetxea eta Euskamerataren kontzertua. 20:00etan ariko dira Miramar Jauregian eta kontzertu honetan, Done Jakueren Urtearen ildotik, kostaldeko erromes bideari lotutako kantuak interpretatuko dituzte. Itsasoa gogoan, erromesek kantatutako historiaren eta istorioen lekuko izan dira euskaldunak urte luzetan. Hala, garai ezberdinetan zehar bidaia proposatuko dute Joxan Goikoetxeak eta Euskameratak, Xabier Letek itsasoari eskainitako poema nahiz kantuetara heldu arte, programa mardula eta askotarikoa emanez.

 

Aipagarria da, halaber, abuztuaren 1ean abiatuko direla, batetik, Organo Zikloa (egun horretan emanaldiak izango dira Ataun, Usurbil eta Donostian) eta, bestetik, Kursaal Auditorioko kontzertu handiak; igandean izango da Orchestre Philharmonique du Luxembourg-k, bere titular Gustavo Gimenok zuzenduta eta Yuja Wang pianista bakarlari dela, aurtengo edizioan emango dituen bi kontzertuetatik lehena.

 

 

INAUGURAZIO EGUNEKO PROGRAMA

 

Iagoba Fanlo, biolontxeloa

María José Barandiarán, pianoa

Udaletxeko Batzar Aretoa (12:00)

 

Kup Taldea

Gabriel Baltés, zuzendaria

Kursaal-eko Foyerra (12:00)

 

Suhar Korua

Esteban Urzelai, zuzendaria

Karmeliten Eliza (17:30)

 

Jose Ignazio Ansorena, txistua

Joserra Senperena, pianoa

Udaletxeko Batzar Aretoa (17:00)

 

Euskal Herriko Gazte Abesbatza

Basilio Astúlez, Aitor Biain, zuzendariak

Itxaso Sáinz de la Maza, pianoa

San Bizente Eliza (19:30)

 

Joxan Goikoetxea eta Euskamerata

Joxan Goikoetxea, zuzendaritza, konponketak, akordeoia eta soinu girotzea
Klara Mendizabal, sopranoa
Agustín Aguirre, marinba eta perkusioak
Juanjo Otxandorena, bouzoukia eta gitarra

Miramar Jauregia (20:00)

 


Oharra: Ikuskizun guztiak doakoak dira. Gonbidapenak Musika Hamabostaldiko bulegoetan eskuratu ahal izango dira.

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.