Bach, Haydn, ahots-musika eta errepertorio iberiarra Musika Hamabostaldiko Antzinako Musikako Zikloan

  • Antzinako Musika Zikloak bost kontzertu eskainiko ditu aurtengo udan, abuztuaren 3tik 16ra bitartean, estatuko eta nazioarteko gonbidatuekin.
     
  • Urtero ia sarrera guztiak agortzeak argi erakusten du ziklo hau musika-jaialdiko arrakalatsuenetako bat dela. Aurtengo edizioan, San Telmo Museoan eta Koruko Santa Maria basilikan egingo dira kontzertuak.

 

Antzinako Musika Zikloa ─Musika Hamabostaldiak lehen aldiz 1991n eskainia─ jaialdiko hitzordu arrakastatsu eta karismatikoenetako bat da. Hainbat musikazale biltzen ditu urtero-urtero, hutsik egin gabe, Espainiako eta Europako antzinako musikako bakarlari eta talde onenak eta errepertorio horretako euskal interpreterik nabarmenenak entzuteko prest denak. Aurten, bertan sortutako talentuak ordezkaritza aipagarria izango du: Conductus Ensemble, bere musika-ibilbidearen hasieratik Zikloarekin lotura estua izan duen talde bat.

Antzinako Musika Zikloa, orain arte aste bakar batean bildua eskainia izan dena, aurten 15 egunetan zehar luzatuko da, abuztuaren 3tik 16ra bitartean. Gainera, hiru hamarkadatan egoitza paregabea izan duen Santa Teresa komentua utzi eta San Telmo Museora eta Koruko Santa Maria basilikara aldatuko da. Aparteko agertoki horietan, XV. mendetik XVIII. mendera bitarteko musika-altxorrak dituzten bost proposamen aurkeztuko ditu.

Johann Sebastian Bachen musikak protagonismo berezia izango du aurten, Seldom Sene (abuztuak 6) eta Conductus Ensemble (abuztuak 13) taldeek eskainiko dituzten bi kontzertu monografikoren bidez: lehenak Bachen Goldberg Bariazioak ospetsuak interpretatuko ditu, flautaz; bigarrenak, bi meza labur. Bestalde, Forma Antiqva taldea (abuztuak 10) XVIII. mendean Madrilgo gortean entzuten zen jai-giroko musikan zentratuko da, eta Cappella Mariana ahots-talde txekiarrak (abuztuak 16) Errenazimentuko goi polifonia handia interpretatuko du. Baina horien guztien aurretik, Anacronía Ensemblek abuztuaren 3 asteartean irekiko du Zikloa, Klasizismoaren aitatzat jotzen den Haydn musikari handiaren sustrai barrokoetan sakontzen duen proposamen original batekin: “Haydn abarrocado?" (“Haydn barrokoa?”).

Antzinako Musika Zikloaren egoitza San Telmo Museora aldatzea beste urrats bat gehiago da bi erakunde horien artean azken urteotan eraikitzen ari den lankidetza estuan. Harreman on horren baitan, Musika Hamabostaldiak obra artistiko bat erosiko du urtero, museoari dohaintzan emateko. Aurten Xabier Erkiziaren “Zubiak dira zauriak, zauriak dira orbainak, orbainak dira izenak” izenburudun ikus-entzunezko instalazioa izan da dohaintzan emandako obra.

 

Hauek dira Antzinako Musika Zikloko 5 kontzertuak:

Anacronía Ensemble – Abuztuak 3, 19:30 – San Telmo Museoa

Joseph Haydn klasizismoko musika-hizkuntza taxutu zuten musikari nagusietako bat izan zen, baina bera jaio zenean, 1732an, estilo barrokoa erabat indarrean zegoen oraindik. Anacronía Ensemblek aurkezten duen proposamenak, “Haydn abarrocado?" (“Haydn barrokoa?”) izenekoak, artean klasizismorako behin betiko urratsa eman gabea zuen Haydn hura du ikergai, hark bere gaztaroan flauta eta sokarako konposatutako bi kuarteto interpretatuz erakutsiko digunez. Taldeak Haydnen pieza horien ezaugarri barrokoak nabarmenduko ditu, musika-tresna barrokoak erabiliz, eta haren garai bereko beste bi egileren musika ere interpretatuko du: Karl Friedich Abelen Flautarako kuartetoa re maiorrean eta Juan Oliver Astorga murtziar musikagilearen Bi biolin eta baxurako trioa.

Anacronía Ensemble musika-tresna historikoetan espezializatutako musika-talde gazte bat da, Herbehereetako, Frantziako, Austriako eta Espainiako kontserbatorio ospetsuenetako batzuetan ikasitako musikariez osatua. Taldea 2019an sendotu zen, bere kideak hainbat urtez Murtziako Unibertsitateko orkestran jardun ondoren. Gaur egun, Early Music Projecteko talde egoiliarra da eta 2021eko Espainiako Gaztedi Musikalen lehiaketan parte hartzeko aukeratua izan da.

 

Seldom Sene – Abuztuak 6, 19:30 – San Telmo Museoa

Seldom Sene flauta ezti jotzaile boskoteak ─Musika Garaikidearen Zikloan ere joko du hurrengo egunean─ musika barrokoaren lanik ezagunenetako bat interpretatuko du San Telmon: "Goldberg Bariazioak", Johann Sebastian Bachek Carl von Keyserlingk kondea bere insomnio-gauetan entretenitzeko idatzi omen zuen ziklo zabala (aria bat eta 30 bariazio). Obra hau, jatorriz klaberako idatzia, oso ospetsua egin zen Glenn Goulden grabazioei esker, eta haren bertsio asko eta askotarikoak egin dira, era guztietako instrumentu-konbinazioetarako. Oraingo honetan, flauta eztien soinu garbien bidez emango da entzutera, taldeko kide Maria Martinez Ayerza espainiar flauta-jotzaileak egindako moldaketa baten arabera interpretatua.

Seldom Sene taldeak antzinako musika zein abangoardiakoa interpretatzen du, flauta eztien familiaren erregistro ugariak erakusten dituzten programetan. Seldom Senek erabiltzen dituen instrumentuen artean, Errenazimenduko eta Barrokoko modeloetan oinarritutako hirurogei flauta baino gehiago daude, baita diseinu garaikidekoak ere. Taldeak Europako hainbat agertokitan eta jaialditan jo du, hala nola Brujasko Antzinako Musika Jaialdian, Amsterdameko Concertgebouwen eta Utrechteko Antzinako Musika Jaialdian. 2014tik Holandako Brilliant Classics etxerako ari da grabaketak egiten.

 

Forma Antiqva – Abuztuak 10, 18:00 – San Telmo Museoa

Forma Antiqva taldeak hainbat aldiz hartu du parte, orain baino lehen, Antzinako Musika Zikloan, eta oraingo honetan Jorge Jiménez eta Daniel Pinteño biolin-jotzaileak eta Ruth Verona biolontxelo-jotzailea dakartza laguntzaile, energiaz beteriko ikuskizun bikaina eskaintzeko: "Farandula castiza" (“Antzerki giro petoa”). Taldearen errepertorioak fandangoak, minuetak, cumbiak eta gisako jai-piezak biltzen ditu, bai eta Madrilgo gortera lotutako konpositore barrokoen sinfonia eta obertura eder batzuk ere. Konpositore (espainiar zein atzerritar) horien izenak: José de Nebra, Bernardo Álvarez Acero, José Castel, Vicente Baset, Santiago de Murcia, Nicolás Conforto, Juan Bautista Mele, Francisco Corselli eta Luigi Boccherini.

Forma Antiqva taldea Aaron, Daniel eta Pablo Zapico anaien proiektu artistikoa da. Taldea Asturiasen sortu zen, duela bi hamarkada baino gehiago, eta Espainiako musika klasikoko talde garrantzitsu eta eragingarrienetako bat da gaur egun. Taldeak ─izan hirukotea edo izan orkestra barrokoa, eta ibilbide interesgarriko musikariz lagundua─ originaltasunez eta ausardiaz heltzen dio beti XVII eta XVIII. mendeetako errepertorio ia osoari. Gainera, taldekideak oso inplikatuta daude irakaskuntzan eta dibulgazioan, sektorearen bilakaerarekin konprometituta egoteaz gain.

Conductus Ensemble – Abuztuak 13, 19:30 – Koruko Santa Maria Basilika

Conductus Ensemble euskal taldea askotan aritua da Antzinako Musika Ziklo honetan, eta ikusmin handia sortu du beti bertako entzuleen artean; izan ere, bertako zalegoak behar bezala preziatu du beti musikari hauen bikaintasuna. Aurten, taldeak ─abesbatza eta instrumentu-taldea─ Bachen bi meza labur interpretatuko ditu, Koruko Santa Maria Basilikan: BWV 233 eta BWV 235. Bachen mezok oratorioak edo kantatak baino ezezagunagoak dira, baina haren ahots-ekoizpen erlijiosoaren pieza inspiratuenetakoak eta birtuosoenetakoak dira. Mezan, abeslari hauek arituko dira bakarlari gisa: Jone Martinez (sopranoa), Gabriel Diaz (kontra-tenorra), Ariel Hernandez (tenorra) eta Jesus Garcia Arejula (baritonoa).

Conductus Ensemble taldea 2002an sortu zen, eta Andoni Sierra du zuzendari. Tadeak 150 kontzertu baino gehiago eskaini ditu, garrantzi handiko agertokietan, hala nola Madrilgo Auditorio Nazionalean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Kursaal Auditorioan, eta garrantzi handiko jaialdietan, hala nola Toulouse les Orguesen, Musika Hamabostaldian edo Cuencako Musika Erlijiosoaren Astean. Taldeak programa bakoitzaren beharretara egokitzen du bere plantilla, eta bi atal ditu: bata antzinako musikan espezializatua, eta bestea garai guztietako errepertorioan.

 

Cappella Mariana – Abuztuak 16, 19:30 –San Telmo Museoa

Antzinako Musika Zikloa abuztuaren 16an amaituko da, duela 13 urte sortu zenetik Europa erdialdean ospe handia lortu duen ahots-talde txekiar batek San Telmo Museoan emango duen emanaldiarekin. Cappella Mariana taldea goi ahots-polifonia interpretatzeko xedez sortu zen, eta Italiako eta Flandriako Errenazimentuko musikan espezializatu da. Hain zuzen, errepertorio hori aurkeztuko du taldeak Musika Hamabostaldian, Grudencz, Isaac, Tourout, Palestrina, Gobert eta Desprezen motete eta meza zatiak emanaz.

Cappella Mariana ahots-taldea Erdi Aroko eta Errenazimentuko musika polifonikoan dago espezializatua, baita Barroko Goiztiarrean ere. Taldea, Vojtěch Semerád Semeráden zuzendaritzapean, Garizumako ostiraletako kontzertu-zikloaren transmititzaile artistiko bat da; Pragako Izar Gorriaren Gurutzeko Zaldunen Monasterioan egiten ziren musika-emanaldien tradizio historikoa berpiztea du helburu ziklo horrek. Europa osoko jaialdi eta agertokietan jarduten dute, hala nola hauetan: Oude Muziek (Utrecht), MA Festival (Brujas), Musikfest (Bremen), Prague Spring (Praga), Muziekgebouw (Amsterdam). 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.