Txomin Badiola (Bilbo, 1957) da 2023ko abuztuaren 3tik irailaren 1era luzatuko den 84. Musika Hamabostaldiaren kartelaren egilea. Artista horren ibilbide luzeak (80ko hamarkadaren hasieran abiatu zuen) aitrotza ugari merezi izan du, horien artean, besteak beste, Gure Artea saria, 2015ean, eta Bilboko Arte Ederren Museoak eta Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalak eskaini dizkioten atzera begirako erakusketak.
Musika Hamabostaldiak Txomin Badiolari 84. edizioko kartela egiteko gonbidapena egin zion. Gonbidapenarekin batera, bere gaia Jorge Oteiza eskultorearekin lotzeko iradokizuna ere egin zion, hura hil zenetik 20 urte betetzen direnean, eta bi artistek harreman estua izan zutela jakinda.
Hamabostaldirako kartela sortzearen inguruan, Txomin Badiolak honako hau dio: "Horrelako lanen bat proposatzen didatenean, nire lanetatik aldentzen saiatzen naiz, nire lan plastikoek komunikazioaz oso bestelako ideiekin jarduten baitute. Izan ere, lotura dute nolabaiteko inkomunikazio mailarekin, kontra egiten diote mezu gisa kontsumitua izateari. Eta kartel batek, definizioz, hori lortu behar du, hau da, mezu bat dugu eskuartean eta hori erraz jasoa izan dadin ahalbidetu behar du kartelak”. Kartelaren sortze prozesuan hainbat hurbilketa egin zuen horretarako Oteizaren beraren iruditik abiatzea edo eskultorearen obra oso esanguratsu bat erabiltzea ideia kreatibo gisa landuz. Azkenean artista bilbotarrak musikarekin lotura zuzenagoa zuen Oteizaren obra batera jotzea erabaki zuen, Horrela, Txomin Badiolak gai grafiko bat sortu du, Oteizak 1956an Relieve directo. Homenaje a Bach izeneko murala egiteko landutako zirriborroetatik abiatuta; mural hori bizileku pribatu batean egon zen eta egun Nafarroako Unibertsitatea Museoaren bilduma osatzen duten piezatako bat da.
Txomin Badiolaren eskultore ibilbidea 80ko hamarkadaren hasieran abiatu eta gaur egunera arte luzatzen da. Estatuko zein nazioarteko galeria eta erakunde askotan erakutsi ditu bere lanak eta beren lanaren atzera begirako erakusketak egin dituzte Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoak (2002), Bilboko Arte Ederren Museoak (2002), Frantziako Musée d 'Art Moderne. Saint Etienne-Lourpole museoak (2007) eta Reina Sofia Arte Zentroa Museo Nazionalak (2016-2017). 2010ean, Jon Mikel Euba eta Sergio Pregorekin, eta 15 boluntariorekin batera, PRIMER PROFORMA 2010. 30 ejercicios. 40 días. 8 horas al día proiektua planteatu eta garatu zuen MUSAC erakundearentzat, erakusketari eta pedagogiari buruzko ohiko nozioak gainditzen saiatzen zen egitasmoa. 2000. urtean Arteen CEOE Fundazioa Saria eman zioten, eta 2015ean Eusko Jaurlaritzak babestutako Gure Artea saria jaso zuen, bere ibilbide artistikoa aitortzen zuena. 2019an, Caniche argitaletxeak Malformalismo izenburudun bere liburua argitaratu zuen, saiakera, fikzioa eta autobiografia nahasten dituena. Propósito Experimental, Jorge Oteiza eskultorearen lehenbiziko erakusketa antologikoaren komisarioa izan zen, La Caixa-rentzat 1988an; eta, Margit Rowellekin batera, Oteiza. Mito y Modernidad erakusketaren komisarioa, Guggenheim Museoarentzat, Bilbon (2004) eta New Yorken (2005); eta Reina Sofia Arte Zentroa Museo Nazionalarentzat, Madrilen (2005). Berak egina da, halaber, Nerea argitaletxeak eta Jorge Oteiza Museo Fundazioak bi liburukitan argitaratutako Oteizaren eskulturaren katalogo arrazoitua. Gaur egun Bilbon bizi da eta bertan egiten du lan.
Musikarekin duen harremanari buruz galdetuta, Txomin Badiolak dio bere gustu musikalak ez direla inoiz erabat definitu; musika modu ezberdinetan erabili duela unearen edo egoeraren arabera… aldi bakoitzean behar duen musika erabiltzen duela. Musika klasikoari dagokionez, opera barrokoa interesatu izan zaio bereziki, esaterako Monteverdi, Gluck edo Mozart.
Kartel honekin, Txomin Badiolak bat egin du urteotan Hamabostaldiaren irudi ofiziala sortu duten artistekin.
HAMABOSTALDIA KARTELETAN:
Honako hauek dira azken urteotako sortzaileak:
69 QM: Ricardo Ugarte (2008)
70 QM: Cállate la Boca (2009)
71 QM: Maider López (2010)
72 QM: Esther Ferrer (2011)
73 QM: Asier Mendizabal (2012)
74 QM: Koldobika Jauregi (2013)
75 QM: Txema G. Amiano, TGA + Asociados (2014)
76 QM: Jesús Mª Lazkano (2015)
77 QM: Elena Odriozola (2016)
78 QM: Manu Muniategiandikoetxea (2017)
79 QM: Juan Luis Goenaga (2018)
80 QM: Itziar Okariz (2019)
81 QM: Pello Irazu (2020)
82 QM:Ibon Aranberri (2021)
83 QM: Azucena Vieites (2022)
84 QM: Txomin Badiola (2023)
