Abuztuaren 12an, Xabier Anduaga donostiarrak, gaur egun nazioartean proiekzio handiena duen tenorretako bat denak, errezital bat emango du Victoria Eugenia Antzokian. Bigarren eskuhartzea izango du aurtengo Hamabostaldian, hilaren 4an Orquestra de la Comunitat Valenciana eta Donostiako Orfeoiarekin aritu ostean. Xabier Anduagak opera-aria eta abesti italiar, alemaniar, frantziar eta espainiar sorta bat aurkeztuko du, Maciej Pikulskik pianoan lagunduta.
Gaztea izan arren (30 urte bete berri ditu), Xabier Anduagaren ibilbideak maila estratosferikoa lortu du dagoeneko, eta bere presentzia ohikoa bihurtu da munduko antzoki garrantzitsuenetan, hala nola New Yorkeko Metropolitan, Vienako Staatsoper, Berlingo Deutsche Oper eta Londresko Royal Opera House antzokietan. Azken konpromezuen artean nabarmentzekoak dira, besteak bete, “La Traviata”-n Alfredoren paperean Gran Teatro del Liceu-n egindako debuta (2025eko urtarrilean), eta Madrilgo Errege Antzokian eta Las Palmas-ko Operan. Era berean, Bayerische Staatsoper-era itzuli da Edgardo "Lucia di Lamermoor" operan antzezteko, eta Tonio "La Fille du Regiment" operaren ekoizpen berrian; eta Vienako Staatsoper-era, "L 'Elisir d' amore" (Nemorino) abesteko, eta Gran Teatre del Liceu-ra "La Sonnambula" operan Elvinoren papera egiteko. Xabier Anduaga Donostian jaio zen 1995ean; haurtzaroan, abesbatzetan abestu zuen, eta bakarlari gisa aritu zen, opera eta musika sakratuko emanaldietan. Musikenen ikasi zuen eta, gaur egun, Maciej Pikulski eta Elena Barbéren ditu aholkulari. Honako hauen eskolak ere jaso ditu: Ernesto Palacio, Alberto Zedda, Ana Luisa Chova eta bere karreraren hasiera bultzatu zuen Juan Diego Flórez. 2016an, Pésaroko Rossini Jaialdiko Accademia Rossinianako kide izateko hautatua izan zen. Bertan, Cavalier Belfiore bezala nazioarteko debuta egin zuen "Il Viaggio a Reims" operan, baina behin betiko aintzatespena bi kantu-lehiaketa garrantzitsu irabazi ondoren lortu zuen: Tenor Viñas lehiaketa, non bost sari jaso zituen eta publikoak eta kritikak goretsi zuten, eta, 2019an, Operalia nazioarteko kantu-lehiaketako lehen saria lortu zuenean. 2014an egin zuen debuta Musika Hamabostaldian, 2018an itzuli zen jaialdira, Mozarten "Konfesorearen bezpera solemne”etan tenor bakarlariaren zatia abesteko, eta 2020an opera eta zarzuela ariak interpretatu zituen Euskadiko Orkestrarekin batera, pandemiak markatutako edizio hartako gaualdi gogoangarrienetako bat bezala gogoratzen den hartan. Baina Anduagak Hamabostaldian lortu duen arrakastarik handienetako bat bi urte geroago gertatu zen, 2022ko udan, Donizettiren "La fille du regiment" obraren bi antzezpenetan Tonio rola kantatu zuenean. 9 do gainakutu dituen "Ah, mes amis" aria ospetsuaren bere interpretazioa hain izan zen bikaina, non, Kursaalen bildutako publikoaren txalo zaparrada amaigabeen ondoren. Anduagak aria hura berriz kantatu behar izan zuen.
2025eko edizio honetan, eta Victoria Eugenia Antzokian emango duen bakarkako errezitalaren aurretik, joan zen astelehenean, abuztuaren 4an, Anduagak tenor bakarlari gisa jardun zuen Orquestra de la Comunitat Valenciana eta Donostiako Orfeoiarekin batera, Rossiniren "Stabat Mater" obraren interpretazioan.
Formatu intimoagoa duen errezital honetarako, Maciej Pikulski pianista izango du lagun; donostiar tenorrak beti oso gertuko izan du lankide gisa eta baita ahots-mentore moduan ere. Izan ere, bakarlari aritzeaz gain, Maciej Pikulskik ibilbide oparoa du munduko abeslari ospetsuenetako batzuen laguntzaile gisa. Besteak beste, José van Dam, Renée Fleming, Thomas Hampson, Natalie Dessay, Diana Damrau, Elina Garanca, Felicity Lott eta Luca Pisaronirekin aritu da nazioarteko agertokietan. Bien arteko harremana Musikenetik dator, Pikulski, Parisko Alfred Cortot Musika Eskola Normalean ez ezik, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian ere irakasle baita.
