- Hiru kontzertu egingo dira ziklo honen barruan, abuztuaren 4an, 7an eta 11n, Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoetan.
- Musika Hamabostaldiak Zuriñe F. Gerenabarrenari eta Félix Ibarrondori eskatutako bi obra estreinatuko dira.
Musika Garaikideko Zikloa Musika Hamabostaldiaren proposamen musikal berrienen eta publiko egongaitzenaren topagunea da. Ziklo horretan Espainiako nahiz Europako artista eta talde espezializatu nagusietako batzuek parte hartu ohi dute, munduko gaur egungo sorkuntzaren joera berrienen lekukotasuna emanez eta, betiere, euskal musikagileek tarte berezia dutela. Aurtengo udan, hiru proposamen dakartza zikloak, abuztuaren 4, 7 eta 11rako, zehazki. Zikloaren ohiko agertokian izango dira hirurak, Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoetan.
Zikloaren programazioak zubi-lana egingo du iraganaren eta orainaren artean, XX. mendeko modernismo musikala –hari eskainiko zaio kontzertuetako bat– eta berriki konposatutako estilo askotako piezak uztartuko baititu. Era berean, instrumentu-konbinazio biziki originalak proposatuko ditu, hala nola abuztuaren 4an zikloari hasiera emango dion kontzertuan. Kontzertu horretan, espainiar musika garaikidean azken urteetan nabarmendutako taldeetako bat arituko da, Trío Zukan, txistua, akordeoia eta perkusioa konbinatuz. Abuztuaren 7an, beste talde berezi bat izango da protagonista: Seldom Sene flauta gozoen boskotea. Bezperan Antzinako Musikako Zikloan aritu ondoren, Europa erdiko musikagileek taldearentzat idatzitako obra sorta bat aurkeztuko du ziklo honetan. Zikloko azken kontzertua abuztuaren 11n egingo da; emanaldi horretan, XX. mendeko maisulan handienetakoa interpretatuko du L’oiseau bleu taldeak: Olivier Messiaenen Denboren amaierarako kuartetoa.
Musika Hamabostaldiak euskal sorkuntzarekin duen konpromisoari jarraituz, euskal musikagileei eskatutako bi obra berri aurkeztuko dira aurtengo zikloan. Trío Zukan taldeak Zuriñe F. Gerenabarrena gasteiztar musikariaren Harri, Haize, Harea interpretatuko du, eta Seldom Sene boskoteak, berriz, Félix Ibarrondo oñatiarraren azken lanetako bat, Au-delà. Estreinaldi horiez gainera, beste zenbait euskal konpositore garaikideren lanak ezagutzera emango dira zikloan zehar, tartean direla Gabriel Erkoreka, María Eugenia Luc eta Mikel Chamizo. Hauek dira Musika Garaikideko Zikloan antolatutako 3 kontzertuak:
Trío Zukan – abuztuak 4, 19:30ean – Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoak
“Soinuzko begiradak” izenburupean, askotariko proposamenak biltzen ditu Trío Zukan taldeak bere kontzertuetan, txistua, akordeoia eta perkusioa osagai dituen formazio instrumental berezi baten gaineko gogoetatik abiatuta. Musika Hamabostaldiko debutean, “Begiratuak 2” programa aurkeztuko du hirukoteak, zeinetan ageri baitira María Eugenia Luc, Francisco Domínguez eta Mikel Chamizok taldearentzat berariaz idatzitako lau obra; Zuriñe F. Gerenabarrenaren Harri, Haize, Harea lanaren erabateko estreinaldia, eta José María Sánchez-Verdúren eta Gabriel Erkorekaren bi obra.
Soinu-berrikuntza da Trío Zukan taldeak bere errepertorioa sortzeko erabili ohi duen abiapuntuko irizpidea, eta, bere instrumentuen arteko konbinazioa ez ezik, beste baliabide berezi batzuk erabili izan ditu, objektu ezohikoak; esate baterako, zaldi-barailezurrak, ahotsa eta performancea, elektronika, bideo-proiekzioa eta dantza, zenbait obratan. Hirukotea 2014an sortu zen, eta, harrezkero, erreferentziazko hainbat ziklotan parte hartu du: Fundación Juan March, Bernaola Jaialdia, Musikagileak Musika Garaikidearen Zirkuitua, Musika Garaikideko BBVA Zikloa, Attacca Festival Basel, Kuraia Jaialdia eta Rotterdamgo Classical:NEXT.
Seldom Sene – abuztuak 7, 19:30ean – Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoak
Seldom Sene flauta gozoen boskoteak Antzinako Musikako Zikloan kontzertua eman, eta, hurrengo egunean, oso bestelako tankera batean egingo du agerraldia Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aroetan. Hain zuzen ere, askotariko egileek taldearentzat berariaz idatzitako obra sorta bat eskainiko du. Eta, Aspasia Nasopoulou (Grezia), Fulvio Caldini (Italia), Mischa Käser (Suitza), Sören Sieg (Alemania) eta Paul Leenhouts (Herbehereak) musikagileen lanez gainera, Musika Hamabostaldiak Félix Ibarrondo oñatiar musikagileari eskatutako obra bat estreinatuko du: Au-delà. Baina Seldon Senek Musika Garaikideko Zikloan emango duen kontzertuak badu beste erakargarri bat: flauta gozoen familiaren baitako instrumentu ugari ezagutzeko parada emango du, flauta sopraninoa eta flauta baxu erraldoiak direla tartean.
Seldom Sene izenak “oso gutxitan ikusitakoa” esan nahi du eta Christopher Tye ingelesak (ca.1505-1572) sortutako fantasia instrumental labur baten izenburutik dator. Pieza labur horretan, lerro lasai eta harmoniatsuak ageri dira hasieran, baina konplexutasun erritmiko ikusgarri batek eteten du baretasun hori azken pasartean. Hain zuzen ere, kontraste horrek laburbiltzen du taldearen filosofia, zeinari jarraituz uztartzen baititu antzinako musika nahiz abangoardiakoa, flauta gozoen familiaren askotariko erregistroen lekukotasuna ematen duten programen baitan. Agertoki eta jaialdi askotan aritua da taldea, hala nola Brujasko Musica Antiqua Jaialdian, Amsterdameko Concertgebouwn eta Utrechteko Antzinako Musikako Jaialdiaren Denboraldian. 2014az geroztik, Brilliant Classics holandar etxearekin argitaratzen dituzte grabazioak. Concerto Barrocco dute azken diskoa: Bach, Händel eta Vivaldiren kontzertuen bilduma bat, Matthias Havinga teklista birtuoso gonbidatuarekin grabatua.
L'oiseau bleu – abuztuak 11, 19:30ean – Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoak
Olivier Messiaenek Görlitzeko atxilotze-eremu batean idatzi zuen Denboren amaierarako kuartetoa obra, Bigarren Mundu Gerraren hasieran gudaroste alemanak atxilotu ondoren. Esparru hartan igarotako denboran, bere sinesmen kristau sakonak bultzatuta idatzi zuen Itun Berriko Apokalipsiaren liburuan oinarrituriko partitura hau, zeinetan oso modu berezian konbinatzen baitira musikagileak une hartan eskura zituen instrumentu bakarrak: klarinetea, biolina, biolontxeloa eta pianoa. Atxilotze-eremuan bertan estreinatu zuten obra, 1941eko urtarrilean, 400 bat ofizial aleman eta gatiburen aurrean; ganbera-musika entzuten zuten lehen aldia izan zen haietako askorentzat. Obra sortu zen testuingurua eta hura osatzen duten zortzi mugimenduen musika bikaina direla-eta, XX. mendeko ganbera-musikako obra ospetsu eta interpretatuenetako bat da Denboren amaierarako kuartetoa.
L'oiseu bleu taldeak Olivier Messiaenek txoriekiko zuen maitasunetik hartu zuen izena (konposizio askotan sartzen zuen txorien kantua musikagileak). Eta Messiaenen obra adierazgarriena bide denaren interpretazioan bat egingo dute taldeko lau bakarlari eta ganbera-musikako interprete bikainek: Víctor de la Rosa, musika garaikidearen esparruko espainiar klarinetista dinamikoenetako bat; Marta Zabaleta, azken hamarkadetan ibilbide bikaina osatu duen euskal pianista, Musikeneko irakaslea; Josep Colomé biolinista eta Musika Hamabostaldian arrakasta handiz jarduna den The Brahms Project ganbera-musikako taldearen burua; eta Laia Puig biolontxelista, Kataluniako musikari oso lotua eta Aragoiko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko irakaslea.
