[Translate to Euskera:]

[Translate to Euskera:]

Quartetto Maurice eta SIGMA Project izango dira Musika Garaikideko Zikloko azken bi hitzorduetan, abuztuaren 17an eta 24an

  • Quartetto Maurice-k bere kontzertuan Pablo Sorozabal Hari Laukoterako Nazioarteko Konposizio Lehiaketako obra irabazlea estreinatuko du: Egemen Kurt turkiarraren Loquela Codex.
  • SIGMA Project taldeak 1972ko Iruñeko Topaketak ekarriko ditu gogora beren 50. urteurrenean eta Nuria Gimenez Comas konpositore kataluniarraren azken obra ere estreinatuko dute: Clarobscur.

Musika Garaikideko Zikloak urtero jasotzen ditu Musika Hamabostaldiko proposamen berritzaileenak, bertako zein nazioarteko konposizioaren azken joerak ezagutzeko interesa duen publikoaren topagune bihurtuz. Urtez urte, Espainiako eta Europako artista esanguratsuenak pasatzen dira Ziklotik, euskal konpositoreen musikari beti leku garrantzitsua gordez. Uda honetan, lau proposamen izan ditu egitarauak, horietako bi dagoeneko igaro direnak (Bilbao Sinfonietta eta Ensemble Sonido Extremo), zikloaren ohiko eszenatokian, Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoan, 20:00etan hasita.

Zikloa osatzeko, abuztuaren 17an, Quartetto Maurice taldeak Pablo Sorozabal Nazioarteko Konposizio Lehiaketaren obra irabazlea estreinatuko du; Kurt Egemen turkiar sortzaile gaztearen Loquela Codex. Horrez gain, Helmut Lachenmann eta Francesca Verunelliren obrak ere interpretatuko ditu. Zikloa abuztuaren 24an amaituko da SIGMA Project saxofoi laukotearen emanaldiarekin. Bertan, 1972ko Iruñeko Topaketekin lotutako egileen musikak jorratuko dira, Gaur!! Iruñeko Topaketen 50. urteurrena programarekin, hala nola Luis de Pablo, John Cage edo Iannis Xenakis-renak; Helga Arias eta Gabriel Erkoreka garaikideak eta Nuria Gimenez Comas konpositorearen erabateko estreinaldiarekin.

Musika Garaikideko Zikloko kontzertuetarako sarrerek 10 euroko prezioa dute eta Kursaal Auditorioko nahiz Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke, baita www.musikahamabostaldia.eus webgunean ere.

Quartetto Maurice – Abuztuak 17, 20:00 – Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoa

Quartetto Maurice taldeak, Musika Hamabostaldian aurkeztuko duen kontzertuari hasiera emateko, Helmut Lachenmann alemaniarraren 3. laukotea, “Grido” aurkeztuko du, ziurrenik milurteko berrian idatzi den hari laukoterik garrantzitsuenetako bat. Konpositorea «musika instrumental zehatz» delakoaren sortzailea eta azken hamarkadetako abangoardiako musikan eragin handiena izan dutenetako bat da. Ondoren, Quartetto Mauricek Loquela Codex-en erabateko estreinaldia egingo du. Egemen Kurt (2002) turkiar konpositore gaztearen sorkuntza, Pablo Sorozabal Nazioarteko Hari Laukoterako Konposizio Lehiaketaren azken edizioa irabazi zuena, Gipuzkoako Aldundiak eta Euskal Herriko Musikagileen Elkarteak antolatua. Konpositoreak berak obra osatzen duten lau mugimenduak «mintzamenaren egoera eta nahasmendu ezberdinekin» lotu du. Hala, «entzumenaren esperientzia etengabe desorekatua eta asimetrikoa» proposatzen du. Emanaldia amaitzeko, Francesca Verunelli konpositore toskanarraren Flowers#3 (Dripping) lana emango dute, Quartetto Maurice-rako idatzia.

2002an sortu zenetik, soinuari buruzko ikerketa etengabe eta nekaezina izan da Quartetto Maurice ondoen bereizi duen ezaugarria. Errepertorio klasiko tradizionala sakon aztertu ondoren, laukoteak XX. eta XXI. mendeetako musika bere errepertorioaren erdigunera ekarri zuen, askotariko lengoaia garaikideak jorratzeko. Kuartetoak “Franco Abbiati” Italiako Musika Kritikaren 35. saria irabazi zuen, baita 2016ko 48. Ferienkurse fur Neue Musik-eko Kranichsteiner Stipendium Preis ere, Darmstadt-en. Urteotan zehar, laukoteko kideek musika garaikideko errepertorioan prestakuntza sakona jaso dute nazioarteko konpositore handienekin batera. Besteak beste, Márta eta György Kurtág, Helmut Lachenmann, Philippe Manoury, Marco Stroppa, Beat Furrer, Mauro Lanza, Chaya Czernowin, Simon Steen-Andersen, eta abar.

SIGMA Project – Abuztuak 24, 20:00 – Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoa

1972ko Iruñeko Topaketak, Luis de Pablo konpositoreak eta Jose Luis Alexanco artistak zuzendu zituztenak polemika handi baten erdian, inflexio-puntutzat jotzen dira frankismoaren azken urteetako Espainiako bilakaera artistikoan. SIGMA Project saxofoi laukoteak ospakizunaren 50. urteurreneko ekitaldi hura gogoratuko du, topaketetan zehar musika interpretatu zuten musikagileen lan sorta batekin, hala nola John Cage, Iannis Xenakis edo Luis de Pablo bera. Horiekin batera, SIGMAk egungo egileak sartu ditu programan, hala nola Gabriel Erkoreka eta Helga Arias euskal konpositoreak, Swirls eta Milk spilt on a stone lanekin. Azkenik, Kataluiniako Nuria Gimenez Comas konpositorearen azken sorkuntza estreinatuko da, Clarobscur, SIGMA Project-en eta Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalaren (INAEM) enkarguz egina. Kontzertuan, horrez gain, Javier Larreinaren proposamen eszenikoa oinarri hartuta, César Barrio artista plastikoak kolaboratuko du, Iruñeko Topaketen katalogoan azaltzen zen manifestuaren zentzua berreskuratuz: «Egungo artearen abentura abentura kolektibo bat da». Izan ere, José Luis Alexancok zioen bezala, asmoa «abangoardia eta tradizioa uztartzea zen, plastikoa eta soinuduna», abangoardiaren eta herri-tradizioaren arteko elkarrizketari erantzuteko, baita artisten eta publikoen artekoari ere, ikusleak ere parte-hartzaile bihurtzeko asmoarekin.

SIGMA Project saxofoi kuarteto bat baino gehiago da, XXI. mendeko musikarentzat ezinbesteko ibilgailua da. Hari laukotea izan bazen aurreko mendeetan nagusi, SIGMA Project-ek paper hori bera aldarrikatzen du saxofoi laukotearentzat, XXI. mendean. SIGMA Project saxofoiaren ‘Ardittis’ autentikoak dira (Scherzo aldizkariak hala izendatu zituen) eta 200 kontzertu baino gehiago eman ditu mundu zabaleko auditorio eta jaialdietan. 2022. urtean nazioarteko birak berreskuratu dituzte Kanada, Kolonbia, Mexiko, Luxemburgo eta Italian; sei kuarteto berri estreinatu dituzte eta konpositore mexikarren CD monografiko berri bat argitaratu dute New Yorkeko Mode Records zigilurekin. 2023ko lehen hilabeteetan ekingo diote euren hamabosgarren urteurreneko birari (2008-2023) eta kontzertu berriak emango dituzte Madrilgo Teatros del Canal-en eta Fundación Juan March-en, Latinoamerikan bira berria egiteaz gain (Kolonbia eta Perun).

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.