• Sei kontzertuak San Telmo Museoan izango dira abuztuaren 3tik 28ra bitartean. Ez ohiko moduan, gaur, hilaren 5ean, Bachcelona Consort eta Salvat Beca Bach bakarlariek, Bruno Delgadoren proiekzioekin emango duten kontzertua 21:00etan izango da elizan (sarrera abuztuaren 31 kaletik); gainerakoak 20:30ean izango dira, San Telmoko klaustroan.
• Italiako eta Espainiako antzinako musikak presentzia nabarmena izango du Zikloaren programazioan, eta bi proposamenetan poesiak eta arte garaikideak bat egingo dute musikarekin.
• Sarrerak salgai Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean.
Antzinako Musika Zikloa 1991n egin zen lehen aldiz, eta publiko leiala izaten du urtero, nazioarteko talde historizista interesgarrienetako batzuez gozatzeko, baina baita espainiar interpreteez gozatzeko ere, gorabidean daudenak zein jada ibilbide luzea dutenak. Aurten sei kontzertu izango dira, abuztu osoan zehar banatuak, Aste Nagusiaren aurretik hiru hitzordu (abuztuak 3, 5 eta 9) eta ondoren beste hiru (abuztuak 21, 26 eta 28). Hilaren 5eko kontzertua 21:00etan izango da elizan (sarrera abuztuaren 31 kaletik); gainerakoak 20:30ean izango dira San Telmoko klaustroan.
Eduardo López Banzo klabezinista buru duen Al Ayre Español taldeak eman zion hasiera zikloari, abuztuaren 3an, eta taldeak berreskuratu dituen Corelliren imitatzaile erromatarren partiturak aurkeztu zituzten. Abuztuaren 5ean Bachcelona Consorten txanda izango da: Bruno Delgado bideoartista gonbidatu du Bachen kantata sorta bat arte garaikideak jantzita interpretatzeko. Proposamen original horren ondoren, abuztuaren 9an Egeriaren txanda izango da, 2022ko Antzinako Musika Zikloan inpresio atsegina utzi zuen emakumezko ahots taldearen txanda.
Abuztuaren 21ean, The Minister of Pastime instrumentu eta ahots talde gazte batek debuta egingo du Musika Hamabostaldian, XVI. eta XVII. mendeetako musikarien immigrazioari eta mugimendu horrek musika-estiloen garapenean izan zuen eraginari eskainitako programarekin. Abuztuaren 26an beste talde frantziar baten txanda izango da: Le Concert de l 'Hostel Dieu, XVII. mendeko italiar eta frantziar musikagileen musika ahaztua berreskuratuko duena. Azkenik, abuztuaren 28an, Sara Agueda harpa jotzaileak eta Pepe Viyuela aktoreak amaiera emango diote Zikloari, Gonzalo de Berceo, gaztelaniaz ezagutzen den lehen olerkariaren inguruko musika eta poesia errezitaldi batekin.
Kontzertu bakoitzerako sarrerak Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean eros daitezke, 13 eta 16 euro bitarteko salneurrian.