Musika Garaikideko Zikloak aniztasun estetiko eta geografikoaren aldeko apustua egingo du

Musika Garaikideko Zikloa Musika Hamabostaldiak musika-proposamen berrienentzat, berritzaileenentzat, eta sarritan arriskutsuenentzat eta esperimentalenentzat gordetzen duen espazioa da. Mota eta jatorri ezberdineko talde eta bakarlariak protagonista dituela, bere programazioak euskal zein nazioarteko konposizioaren azken joeretako batzuk aurkeztu nahi dizkio publikoari. Zikloak lau kontzertu proposatuko ditu berriro abuztuaren 5, 7, 15 eta 16an, musika garaikidean espezializatutako talde batzuen eskutik, eta aurtengo proposamenen berezitasun gisa estilo aniztasuna izango dutenak. Horrela, izaera abangoardista eta abstraktua duten lanekin batera, Errenazimentuari, Barrokoari, Schuberten musikari eta baita jazzari ere keinu egiten dieten piezak entzun ahal izango dira. Nabarmentzekoa da, halaber, euskal sortzaileen musikaren presentzia handia, eta, horien artean, Garazi Zabaleta Beasaingo konpositorearen Oximoronen erabateko estreinaldia, Musika Hamabostaldiak enkargatutako lana. Kontzertu guztiak zikloaren ohiko agertokian izango dira, Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoetan, eta 20:00etan hasiko dira.

Musika Garaikideko Zikloa abuztuaren 5ean hasiko da KamBrass metal boskotearen emanaldiarekin, "Un recuerdo al futuro" izeneko programarekin, Luciano Berio konpositore italiarraren mendeurrena omentzen duena. Berioren musikarekin batera, Bartzelonako boskoteak Thimothy Jackson, Dieter Ammann, Francesca Gaza eta Joan Guinjoan egileen lanak interpretatuko ditu, eta Garazi Zabaletaren Oximoron estreinatuko du. Oximoron Musika Hamabostaldiaren enkargua da, eta bere bost mugimenduak kontzertuko gainerako lanen artean tartekatzen dira. Bi egun geroago, abuztuaren 7an, Ensemble Bayonak "El ocaso de los pétalos" aurkeztuko du, melodia berarekin ireki eta ixten den programa, Franz Schuberten Heriotza eta dontzeila, hasieran Schubertek idatzi zuen bezala eta amaieran George Crumbek Vietnamgo gerran konposatutako Black Angels hari elektrikoen laukote zirraragarrian sartu zuen moduan. Tartean, Eros Jaca biolontxelo jotzaile zaragozarrak gidatzen duen taldeak Helga Arias, Gabriel Erkoreka eta György Kurtág artisten piezak ere interpretatuko ditu.
 
Abuztuaren 15ean, Zikloak bere ibilbidea jarraituko du Ensemble C Barréren eskutik, zeinak Luciano Beriori beste omenaldi bat egingo dion bere Instrumentu bakarlarientzako soloak (saxofoi sopranoarentzat idatzi zuena) lan birtuosoarekin. Gainera, egoitza Marseillan duen taldeak Birke Bertelsmeier, Yann Robin eta bi estreinaldi abstoluturen obrak interpretatuko ditu: David Lynch zinemagileari eskainitako Frédéric Pattarren Affectionate light bulb eta Mikel Urquiza bilbotarraren Eguzkitan, paisaia irekiei buruzko ziklo baten hirugarren atala. Egun bat geroago, abuztuaren 16an, Silboberri Txistu Elkarteak itxiko du Zikloa hirukote formatuan, José María Sánchez-Verdú, Alicia Díaz de la Fuente, Carlos Satué (Itzaletatik IIren estreinaldia) eta David Cantalejo, Félix Ibarrondo eta Carlos Ibarra euskal konpositoreen sorkuntzekin.

Musika Garaikideko Zikloko kontzertuetarako sarrerek 15 euroko prezio bakarra dute eta Kursaal Auditorioko leihatiletan eros daitezke.

 

 

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.