Euskadiko Orkestra Senpereko Larreko Kultur Aretoan ariko da, Musika Aitzaki zikloan

  • Alexandre Da Costa biolinista izango da bakarlari eta zuzendari.
  • Artziniega, Hernani, Getaria, Zumaia, Zuia eta Senperetik igaro ondoren, Musika Aitzaki Leire, Arantzazu, Hondarribia, Lagran, Eltziego, Zalduondo eta Erriberabeitiara iritsiko da, eta Hernanira eta Senperera itzuliko da.

 

Abuztuaren 14an, arratsaldeko 20:00etan Senpereko Larreko Kultur Aretoan, Euskadiko Orkestra izango da Musika Hamabostaldiak bertoko publikoarekin izango duen lehen hitzorduaren protagonista, Musika Aitzaki ziklo ibiltariaren baitan. Kursaal Auditorioan Carmen operan jardun ondoren, euskal orkestrak askotariko programa eskainiko du Larreko Kultur Aretoan: euskal musika (Aita Donostia), herrikoia (John Williams), klasikoa (Beethoven) eta baita garaikidea ere, Chiassonen Ouverture sur un thème de Vitali pour violon et orchestre obraren biolin eta orkestrarako bertsioarekin. Alexandre Da Costa, biolinaren birtuoso kanadarra, bakarlari gisa ariko da Chiassonen obran, eta zuzendari gisa kontzertuaren gainerako ataletan, kontzertinoaren atriletik.

Ondoren, abuztuaren 16tik aurrera, Hamabostaldiaren ziklo bidaiariak hamar kontzertu ekarriko ditu, besteak beste, Hamabostaldia Chillida Lekun ekimenaren hitzordu berri bat, Arantzazuko santutegira eta Leireko monasteriora bisita tradizionalak, Oiartzun eta Errenteria artean Done Jakue Bidea jarraituz musika txangoa, eta Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Arabako hainbat herritan beste proposamen batzuk. Estilo eta formatu guztietakoak izango dira: antzinako musika, ganbera-musika, flamenko-dantza, herri-musikak edo Nestor Basterretxearen omenezko dokumental baten proiekzioa. Abuztuaren 16tik 30era bitartean Hernani, Leire, Arantzazu, Oiartzun, Hondarribia, Senpere, Lagran, Eltziego, Zalduondo eta Erriberabeitia herriak bisitatuko ditu.

Hamar ikuskizunen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Gerhard laukoteak 2021ean Chillida Lekun hasitako Shostakovitxen harizko laukoteen integrala osatzeko azken kontzertua, abuztuaren 16an; Josetxu Obregonek eta Sara Johnson Huidobrok osatutako bikotearen emanaldia, Leireko monasterioan biolotxelorako eta organorako musika barroko italiarra hizpide, abuztuaren 17an; Nestor Basterretxeari Hondarribian abuztuaren 21ean egingo zaion omenaldia, bere bizitzari buruzko dokumental baten proiekzioarekin, zuzeneko musikaz lagunduta; eta Cassadó bikotearen eta Iván Vargas flamenko dantzariaren ikuskizuna, abuztuaren 24an, Senperen.

Arantzazuko santutegiak musika klasikoaren eta herrikoiaren arteko gurutzaketa proposatzen duten ikuskizun berriak hartzen ditu udaro, eta abuztuaren 29an irekiko zaio Abraham Cupeiroren proposamen originalari. Abraham Cupeiro haize-interpretea tresna berezi eta ahaztuetan espezializatuta dago, eta Oiasso Kamerata (bakarlariak), Oreka TX, Eñaut Elorrieta eta Agus Barandiaran euskal artistak batuko zaizkio.

Abuztuaren 20an, jaialdiak musika txango bat egingo du berriz ere, Gipuzkoako barnealdetik igarotzen den Done Jakue Bidean barrena. Ibilbidea joan den udan hasi zen Irunen, eta aurten beste etapa batekin jarraituko du, Oiartzungo Gurutze auzoaren eta Errenteriako Listorreta parkearen artean. Ibilaldi horretan, hainbat musika emanaldi izango dira.

Abuztuko bigarren hamabostaldi honetan, Musika Hamabostaldiaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzak ere aurrera jarraitzen du, eta horrek Hamabostaldia Araban zikloaren lau hitzordu berri ekarriko ditu. Lehenengoa abuztuaren 20an izango da Lagrango Natibitatearen Elizan, Dianto Reed Quintet (Ensemble Emergente FestClásica 2024) haize boskotearen eskutik, «Pour la postérité. Stravinsky eta Piccaso Parisen». Abuztuaren 25ean, La Guirlande antzinako musika bikoteak Johann Sebastian Bach eta bere ondorengoen flautarako musika joko du Eltziegoko San Andres elizan. Abuztuaren 27an, Sara Agueda harpa jotzaileak eta Pepe Viyuela aktoreak Gonzalo de Berceoren testuei buruzko "Los Milagros de Nuestra Señora" ikuskizuna aurkeztuko dute Zalduondoko San Saturnino elizan. Eta, azkenik, abuztuaren 30ean, Erriberabeitiako Quintanilla Kulturgunean, Luis Fernández klarinete jotzaileak, David Apellániz biolontxelo jotzaileak eta Carlos Apellániz pianistak osatutako hirukoteak, Debussy, Ravel, Fauré eta D 'Indyren obrekin, programa frantses hutsari ekingo dio.

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.