- Myriam Perez Cazabon izan da edizio honetan egoiliar izatera gonbidatutako koreografoa eta bertan sortu du "Isiltasuna zizelkatzen", koreografiaren eta musika-konposizio garaikidearen arteko hurbilketa, bihar, abuztuaren 13an, estreinatuko duena.
- Gainera, zikloan ariko dira Hotel Col.lectiu Escènic, Javier Arozena eta Cía. Mal Pelo.
Musika Hamabostaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Tabakalera Dantzanen bosgarren edizioa aurkezten dute. Tabakalera 85. Donostiako Musika Hamabostaldiko dantza eskaintzaren erreferentziazko egoitza da, Kursaal Auditorioarekin, Victoria Eugenia Antzokiarekin, Chillida Lekurekin edo Cristóbal Balenciaga Museoarekin batera.
Abuztuaren 13an, Myriam Perez Cazabon irundarrak, aurtengo edizioko koreografo egoiliarrak, Sofia Martínez Gasteizko konpositoreak eta Lallement-Marques gitarra-duo frantsesak ziklorako berariaz sortutakoa aurkeztuko dute: "Isiltasuna zizelkatzen", dantza garaikidearen eta musika-konposizio garaikidearen arteko lankidetza. Abuztuaren 14an, Hotel Col.lectiu Escènic konpainia katalanak "Aquí" aurkeztuko du, Tabakaleran barrena mugituko den planteamendu koreografikoa. Eta hilaren 16an, ostirala, Javier Arozena kanariarrak eta Cía. Mal Pelok, katalana hori ere, solo bana eskainiko dute leku ezberdinetan: "Schwanengesang" eta "Bach".
Olatz de Andrés zikloaren koordinatzaileak programaren oharretan azaltzen duenez, "aurtengo edizioak eraikineko hainbat txoko hartuko ditu, hala nola Patioa, Plaza eta Prisma, musikak, soinuak eta espazioak garrantzi berezia izango duten proposamenak abiapuntu dituela. Testuinguru eszenikotik ateratzen diren sorkuntza bereziak dira guztiak ere, ikuspegi berrietatik begiradak aktibatzen jarraitzeko helburuz beste aurkezpen espazio batzuk hartzen dituztenak. Zikloak formatuen eta sortzeko moduen konbinazio bat aurkeztuko du; hala, bi solo, berariazko lankidetza artistiko bat, transmisio koreografiko bat eta talde-proposamen ibiltari bat hartuko ditu. [...]. Dantza aurkezten den tokiaren arabera nola eraldatzen den ikusteko eta espazio arkitektonikoak mugimenduan dagoen gorputzarekin nola hitz egiten duen ikusteko hainbat aukera".
Myriam Perez Cazabonen "Esculpiendo el silencio" saio bikoitzerako sarrerak quincenamusical.eus webgunean eros daitezke. Cía. Mal Peloren "Bach" doakoa da gonbidapenarekin (Tabakalerako informazio gunean jaso ahal izango dira gonbidapenak, abuztuaren 16an bertan, 18:30etik Aurrera). Eta Hotel Col.lectiu Escènic-en eta Javier Arozenaren ikuskizunak doakoak dira, lekua bete arte.