• Juajo Menak zuzenduko du kontzertua, erretiratuko dela iragarri ostean ematen ari den agur-kontzertuen artean.
• Arriagak bere ibilbidean zehar landutako generoetan barrena, egitarauak Arriagaren sormenaren eta talentuaren alderdi ezberdinak ezagutzeko aukera emango du.
• Euren ibilbideetan toki nabarmena bete duen konpositore horren omenaldian ariko dira, halaber, Euskadiko Orkestra eta Easo Abesbatza.
• Sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko zein Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.
Juan Crisóstomo Arriaga hil zeneko bigarren mendeurrena dela eta, abuztuaren 12an, 20:00etan, Victoria Eugenia Antzokian, Musika Hamabostaldiak Bilboko maisuari eskainitako kontzertua programatu du: “Arriaga harrigarria”. Emanaldi monografiko horretan, Euskadiko Orkestrak, kontzertuaren antolakuntzan Hamabostaldiaren lankide denak, Easo Abesbatzak eta Juanjo Mena zuzendariak agerian jarriko dute musikagilearen ibilbide labur bezain distiratsua, eszenarako lehen sorkuntzetatik hasi eta heldutasuneko obra sinfoniko eta erlijiosoetaraino. Kontzerturako sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan daude salgai.
2026an berrehun urte bete dira Juan Crisostomo Arriaga (Bilbo, 1806 - Paris, 1826) hil zenetik. Euskal musikaren historiako funtsezko musikagilea eta Europako lehen erromantizismoaren izen berezienetako bat izan zen berau. “Mozart espainiarra” ezizenez ezaguna, hogei urte eskaseko bizitzan obra oparoa utzi zuen: musika lirikoa, sinfonikoa eta ganbera-musika, baita erlijio-musikako lan nabarmenak ere. Bere obretan, Haydn, Mozarten eta Beethovenen ondarea berezko nortasun melodiko eta dramatikoaren bidez adierazten du. Arriagaren heriotza goiztiarrak kondairazko kutsua eman dio eta haren musika interpretatzen jarraitu da urteetan zehar; eta artistaren bigarren mendeurrena dela eta, hainbat omenaldi egiten ari da, baita haren errepertorioa Euskadiko agertoki nagusietan berreskuratzeko eta zabaltzeko ekimenak ere.
Egitaraua. Kontzertua Arriagaren lanik ezagunenarekin abiatuko da, Los esclavos felices operarako Obertura; hamalau urte besterik ez zituela idatzi zuen, bi ekitaldiko opera erdi-seriorako eta obertura eta zenbait atal solte baino ez dira iritsi gaurdaino; agerian uzten ditu Arriagaren ibilbidea marraztuko duten antzerki-zentzua, indar dramatikoa eta irudimen melodikoa, eta baita Haydn eta Mozarten eskutik jasotako lengoaia klasikoa bereganatu izana. 1821ean Parisen sortutako Obertura re maiorren, op. 20 lanak forma menderatzean beste urrats bat erakusten du eta konpositorearen berezko ezaugarriak gero eta argiago irudikatzen ditu, oraindik klasizismoan errotutako estiloaren baitan. Egitarauko hirugarren atal sinfonikoa izango da nabarmenena: orkestra handirako Sinfonia ren; Arriagaren katalogoko gailurretako bat da, klasizismo berantiarraren zein lehen erromantizismoaren arteko trantsizioaren adibide paradigmatikoa. Eta kontzertuan aurrera eginda, Easo Abesbatza Euskadiko Orkestrarekin batera ariko da egitarauko bi obra erlijiosoetan: Stabat Mater eta O Salutaris Hostia motetea; bilbotarrak Parisko École Royale de Musique eskolan ikasten ari zen garaian sortu zituen biak eta Luigi Cherubini bera, ikastetxeko zuzendaria, liluratuta agertu zen Stabat Mater lanarekin, maisulantzat jo zuen. Adierazkortasun handiko eta ahots-idazkera fin zein landuko partitura horietan, Arriagak minaren, erreguaren eta itxaropenaren adierazpideak jorratzen ditu. Horrela osatzen da sortzaile goiztiar bezain harrigarriaren musikazko erretratua.
Arriagari eskainitako omenaldi honen zuzendaria Juanjo Mena gasteiztarra izango da, nazioartean ospe handien duten espainiar orkestra-zuzendarietako bat. Bilbao Orkestra Sinfonikoko eta BBC Philharmonic Orchestrako zuzendari titularra izana, Cincinnati-ko May Festival delakoaren buru ere izan zen 2023ra arte. Bere ibilbidearen hasieratik, euskal musikarekin lotura estua izan du Menak eta arreta bereziz zabaldu ditu, besteak beste, Arambarri, Guridi, Isasi, Usandizaga, Escudero, Erkoreka eta, bereziki, Arriagaren lanak. Eta azken horren musika lagun izango du Menak musika-gau honetan; 2026ko martxoan eszenatokietatik erretiratuko zela iragarri ostean, hain gertukoa izan duen Musika Hamabostaldian egingo duen azken agerraldia izango da.
Menak emanaldi honetan zuzenduko duen Euskadiko Orkestrarekin egitasmo ugari partekatu ditu hogeita hamar urtean, 1998tik 2001era zuzendari laguntzaile izatetik Gabriel Erkorekaren lana bilduta Miramonen egindako azken grabaketaraino. 1982an sortu zenetik, euskal orkestra nazionala beti izan da Musika Hamabostaldiaren programazioan. Erreferentziazko talde sinfonikoa estatu mailan, Euskadiko Orkestraren denboraldia sendo errotuta dago Euskal Herrian. Uda honetan, Arriagari omenaldiaz gain, beste bi hitzordu izango ditu Hamabostaldian: abuztuaren 7an Senperen aritu zen, musika barrokoari eskainitako egitarauarekin; eta hilaren 19an, Erik Nielsenen zuzendaritzapean, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin, Donostiako Orfeoiarekin, Easo Abesbatzarekin eta John Matthew Myers tenorrarekin batera ariko da, Berliozen Requiem monumentala interpretatzeko.
1940an Donostian gizonezkoen abesbatza gisa sortua, Easo Abesbatza euskal koru-kantagintzaren erreferente nagusietako bat bilakatu da, nazioarte-mailan jasotako sari ugariei eta Europako hainbat herrialdetan egindako birak barne hartzen dituen ibibide aberatsari esker. Gaur egungo abesbatza mistoa 2006an sortu zen, emakumeen abesbatza eta jatorrizko abesbatzako ahots grabeak bat eginda. Ehun bat abeslari inguru biltzen ditu eta polifonia, folklorea —bereziki euskal folklorea— zein obra sinfoniko-koral handiak biltzen dituen errepertorioa lantzen du.
