Musika Aitzaki zikloa Euskal Herrian barrena ibiliko da abuztuaren 6tik 29ra

•    Gipuzkoa, Lapurdi eta Araba zeharkatuko ditu eta geldialdiak egingo zikloarentzat bereziki esanguratsuak diren hainbat gunetan: Senpere, Hondarribia, hainbat arabar herri txiki, Iekora edo La Puebla de Arganzón kasu, eta Chillida Leku edo Arantzazu.
•    Genero eta formatu desberdietako 15 hitzordu izango dira eta horietan antzinako musika, ganbera zein orkestra musika, kantu-errezitalak, eta musika klasikoaren zein herri-musikaren arteko zubia eraikitzen duten proposamenak izango dira entzungai.
•    Sarrerak salgai quincenamusical.eus webgunean eta Kursaal zein Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan.

Musika Aitzakik, Musika Hamabostaldiaren ziklo ibiltariak eskaintza zabala dakar, Gipuzkoa, Lapurdi eta Arabako hainbat herritan izango diren estilo eta formatu desberdinetako 15 emanaldi, gaur bertan Arabako San Vicente de Aranan hasita: kantu-errezitalak, ganbera-musika, orkestra-musika eta abar entzun eta gozatzeko aukera. Azken urteotan Hamabostaldiak bere jardun-eremua zabaltzeko erakutsi duen konpromisoaren eutsita, zikloak musika klasikoa Euskal Herriko hainbat guneetara eta publiko berrietara eramatea du helburu.

Senperen, abuztuaren 7an Larreko Kultur Gunean, Euskadiko Orkestrak Lina Tur Bonet antzinako musikan adituaren zuzendaritzapean barroko estiloko obra-sorta aurkeztuko du. Abuztuaren 8an, KamBrass Quintet metal-boskoteak Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean Errenazimenduko eta Barrokoko lanak zein gaur egungo musikako obrak interpretatuko ditu, tartean Garazi Zabaleta beasaindarraren partitura bat. Abuztuaren 9an, Zumaiako San Pedro elizan Manuel Ruiz kontratenorrak eta jatorrizko instrumentuak jotzen dituen Íliber Ensemble taldeak “Héroe desvelado” izenburudun kontzertua interpretatuko dute, barroko garaiko operetan heroia nola irudikatzen den azaltzea ardatz hartuta.

Etenaldi labur baten ostean, Musika Aitzaki Senperera itzuliko da abuztuaren 14an, oraingoan Saint Pierre elizara. Bachcelona Akademieko Bakarlariek eta Bachcelona Consort taldeak J. S. Bachen zenbait aria interpretatuko dituzte, hark mirestutako Graupner, Telemann eta beste hainbat konpositoreren obrekin batera. Abuztuaren 20an Oñatiko Arantzazuko Santutegian urtero egiten den emanaldiaren txanda izango da: Natxo de Felipe, Oskorriren fundatzaileetako bat abeslari ohia izango da protagonista; Kuarteto Philiperenaren laguntzaz talde Oskorrik inoiz grabatu ez zituen edo jendaurrean eskaini ez zituen hamabost kantu eta hainbat doinu berri aurkeztuko ditu.

Abuztuaren 21ean izango da Hernaniko Chillida Lekun antolatutako bi ahots-errezitaletako lehena. Vincenzo Capezzuto kontratenor italiarra eta Giancarlo Bianchetti gitarristak Bachen kantatatako eta Vivaldiren operatako ariak interpretatuko dituzte. Abuztuaren 23an, Orioko San Nikolas elizan, Miriam Hontana eta Sònia Benavent antzinako musikan adituek europar musika barrokoaren errepertorioaren baita bi biolinerako idatzitakoaren lagin bat erakutsiko dute. Abuztuaren 27an, berriz Chillida Lekun, Musikako Sari Nazionala merezi izan zuen María José Montiel mezzosoprano madrildarrak Manuel de Fallaren jaiotzaren 150. urteurrena gogoan hartuta prestatutako errezitala aurkeztuko du; Cádizko musikagilearen kantuez gain, Montielek Espainiako, Frantziako eta Euskal Herriko beste hainbat konpositoreren lanak interpretatuko ditu, hala nola Guridiren eta Sorozabalen obrak.

Hamabostaldia Araban ekimenak, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, sei arabar herritan egingo diren beste horrenbeste emanaldi ekarriko ditu aurten. Abuztuaren 6an hasiko da zikloaren ibilbidea Araban: Iñaki Bermúdez saxofonistak eta Yume Takasaki pianistak San Vicente de Aranako elizan Ravel, Guinovart, Guridi eta Miquel de Jorgereren obrak interpretatuko dituzte. Hurrengo egunean, abuztuaren 7an, KamBrass Quintet boskoteak Iekorako elizan emango du kontzertua eta Hondarribian eskainiko duen egitarau berdina, hau da, Jan Bach, Juan del Encina, Manuel de Falla, Lully eta Garazi Zabaletaren obrak interpretatuko ditu. Abuztuaren 15ean, La Puebla de Arganzón-go Arganzón elizan, Maria Zubimendik eta Garazi Navasek osatutako Expressio Duo akordeoi-bikoteak Elementuak disko berriko errepertorioa interpretatuko du; egitarauan, Aita Donostiaren, Guridiren, Rameauren, Rebelen eta Lullyren moldaketak aurkituko. Abuztuaren 21ean Berganzoko Larreko Andre Mariaren baselizan, Edurne Ruiz mezzosopranoak eta Iñar Sastre pianistak Manuel de Falla, Granados, Ginastera, Ravel, García Lorca eta Pedrellen obrak aurkeztuko dituzte. Abuztuaren 28an, Trío Rodin taldeak “Romeo & Julieta 2.0” ikuskizuna eramango du Zalduondoko San Saturnino elizara; Prokofieven Romeo eta Julieta balleteko eta Leonard Bernsteinen West Side Story musikaleko pasarteak biltzen ditu emanaldiak. Abuztuaren 29an amaituko da Hamabostaldia Araban zikloa, Aramaioko Ibarra Kultur Etxean: Seikilos Laukoteak “Tradición europea, voz vasca” egitasmoa aurkeztuko du; taldeak hari-laukoterako musika izango du ardatz eta Usandizaga, Schubert zein Serranoren obrak interpretatuko ditu. 

Azkenik, Musika Hamabostaldiak urtero antolatzen duen musika-ibilaldia Gipuzkoako barnealdeko Donejakue Bidearen laugarren etapan barrena egingo da aurten, Frantzesillagatik Astigarragara, bidean barrena, abuztuaren 23an, goizeko 10:00etan hasita: Errenteriako Frantzesillaga probalekutik abiatu eta Astigarragaraino, bost kilometrotik gorako ibilbidea egingo da, Santiagomendiko ermitarako igoera barne; txangoan zehar, ohi bezala, musika bidelagun izango dute ibiltariek. Musika Hamabostaldiak bertan parte hartu nahi dutenen eskura autobus zerbitzua eskainiko du (13 €); autobusa Donostiako Autobus Geltokitik irtengo da, 9:30etan.

Prentsa-oharra

 

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.