Grigory Sokolovek Beethoven eta Schuberten sonata handiak interpretatuko ditu Kursaalen

• Egitarauan, Beethovenen gaztaroko 4. Sonata eta Sei bagatelak op. 126, lehenengo zatian, eta Schuberten 21. Sonata ikaragarria, bigarrenean.
• Sokolov egungo pianista onenetako bat da eta, Hamabostaldiaren lagun leiala, 2021ean eta 2023an jo zuen azkenekoz jaialdian.
• Sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan salgai.

Daniil Trifonovek, Mahler Chamber Orchestrarekin batera, Daniel Hardingen zuzendaritzapean, abuztuaren 6an Kursaalen emandako kontzertu arrakastatsuaren ondoren, ostegun honetan, abuztuaren 13an, Kursaal Auditorioan (20:00etan) Musika Hamabostaldiak pianoarekin beste hitzordu garrantzitsu bat izango du, Grigory Sokolovekin, hain zuzen. Trifonov oinordeko duten pianista handien belaunaldi baten ordezkari eta gaur egungo musikaririk mirestuenetako bat den Sokolovek klasizismoaren eta lehen erromantizismoaren arteko trantsizioan oinarritutako errezitala emango du, Beethovenen eta Schuberten lanekin.

Grigory Sokolovek (Leningrado, 1950) 1966an Moskuko Tchaikovsky Lehiaketa ospetsua irabazi zuen, eta lehiaketaren historiako irabazlerik gazteena izaten darrai. Garaipen haren ondoren, pianoaren mito bizi bihurtu zen pixkanaka, eta bere jotzeko moduagatik nabarmendu zen: instrumentuaren tinbre-kalitateak lehentasuna du beti, interpretazioen adierazpen-genialtasunaren zerbitzura, purismo estilistikoaren zerbitzura baino gehiago, iraganeko pianista handien modura (hala nola Emil Gilels, Sokoloven hastapenetan garrantzizkoa; Maria Yudina, Arturo Benedetti Michelangeli edo Arthur Rubinstein, Sokolovek bere erreferente nagusitzat jotzen dituenak). Bere errepertorioa zabala da garai eta estiloetan, baina oso hautatua – inoiz ez ditu grabatu ez integralak ez inongo egileren ziklo osoak – eta horretan, klasiko handiekin batera, leku nabarmena betetzen dute barrokoko konpositoreek: Rameau, Couperin, Byrd edo Bach. Sokolovek pianoan interpretatzen darrai egun nagusiki klabezinistek interpretatzen duten errepertorio hori.

Sokolov Europako kontzertu areto eta jaialdi ospetsuenetako ohiko gonbidatua da, eta munduko zuzendari garrantzitsuenekin lan egin du. Lan egin duen orkestren artean, nabarmentzekoak dira New Yorkeko Orkestra Filarmonikoa, Montrealgo Orkestra Sinfonikoa, Municheko Orkestra Filarmonikoa, Leipzigeko Gewandhaus, Londresko Philharmonia edo Amsterdamgo Concertgebouw. Sokolovi buruz esan ohi da artista iheskorra dela, bere ibilbideko etapa luze batean ez baitzuen ia estudioko diskorik grabatu, ezta elkarrizketarik eman ere. Musika-negozioaren alderik mediatikoenetik urrun egoteak musikarekiko erabateko kontzentrazioz jokatzeari erantzuten dio, bere interpretazioen trinkotasun intelektualari, eta horrek Sokolov publikoak ez ezik pianistek ere mirestea eragin du; izan ere, sarri izaten dira haren kontzertuetan. Gainera, bere errezitaletan oso eskuzabala izateagatik da ezaguna: hiru ordu inguru irautera ere iristen dira eta bis ugari eskaini ohi dizkio entzulegoari.

Grigory Sokolov laurogeita hamarreko hamarkadan aritu zen Donostian estreinakoz eta Musika Hamabostaldian 2005, 2007, 2011, 2015, 2021 eta 2023ko edizioetan izan da. Bere azken errezitaletan, Sokolovek bi egileren lanaren inguruan osatu ditu egitarauak eta oraingoan klasizismoaren eta erromantizismo alemaniarraren artean zubia eraiki zuten bi konpositore hautatu ditu: Beethoven eta Schubert. Sokoloven programetan sarritan elkarrekin izaten dira, eta 2020an disko bat eskaini zien Deutsche Grammophon zigiluan. Errezital honetarako aukeratu dituen obrak, ordea, askoz ere lehenago interpretatu zituen, 1991n grabatu baitzituen Beethovenen sonatak, eta handik urtebetera, Schubertena. Kontzertuaren lehen zatian, Sokolovek Beethovenen piano-katalogoko bi mugarri jorratuko ditu: 4. Sonata mi bemol maiorrean, op. 7, bere garaian "Sonata handia" bezala ezaguna, bere ezohiko hedapen formal eta handinahiagatik, eta Sei bagatelak, op. 126, konpositoreak pianorako argitaratu zituen pieza laburren azken zikloa. Bigarren zatia Schuberten 21. Sonata si bemol maiorrean piezari eskainiko dio oso-osorik. Schuberten pianorako sonatetan azkena, errepertorio erromantikoaren gailur eztabaidaezinetako bat da. Elkarrekin entzunda, Beethovenen eta Schuberten bi sonata horiek XIX. mendeko lehen hamarkadetan musika-hizkuntzan, eta bereziki piano-hizkuntzan, gertatu zen bilakaera ikaragarriaren irudi argigarria eskaintzen dute.

Sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.

Prentsa-oharra

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.