Talde espainiar zein italiarrek Arriagatik Kurtag-era doan errepertorioa jorratuko dute, Ganbera Musika Zikloan

• Lau kontzertuak abuztuaren 3tik 24ra bitartean izango dira San Telmo Museoko klaustroan, hirukotetik hari boskotera doazen taldeekin.
• Programazioak XVIII. mendetik XX. mendera bitarteko autoreak biltzen ditu, Juan Crisostomo Arriaga euskal konpositorearen presentzia nabarmenarekin, haren heriotzaren 200.urteurrenean.
• Sarrerak: quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan.


Donostiako Musika Hamabostaldiak San Telmo Museoko klaustroan ganbera-musikari espazio zabala eskainiko dio Ganbera Musika Zikloan, Espainiako eta Italiako zirkuituetako talde nabarmenetako batzuk biltzen dituzten lau kontzertuko programazioarekin. Abuztuaren 3tik 24ra, XVIII. mendetik XX. mendera bitarteko ganbera-errepertorioko erreferentziazko obretan zehar ibilbidea egingo da, eta arreta berezia jarriko zaio estilo, garai eta musika-hizkuntzen arteko kontrasteari.

Zikloa abuztuaren 3an hasiko da, Francesca Dego, Alessandro Carbonare eta Alessandro Tavernaren emanaldiarekin; nazioarteko ibilbidea duten hiru musikari italiar dira, eta XX. mendeko adierazpen-aniztasun handiko programa bat aurkeztuko dute, Menottiren Trioaren dotorezia lirikoa, Stravinskyren Soldadu baten istorioaren indar narratiboa, Porgy and Bessen Baladen unibertso herrikoia eta Bartóken Kontrasteen energia erritmikoa tartekatuz.

Hurrengo egunean, abuztuaren 4an, Trío VibrArt hirukoteak lehen erromantizismo alemaniarraren hiru zutabeetan oinarritutako programa interpretatuko du. Schuberten Nocturnoaren introspekzio delikatuaren eta Beethovenen "Mamu" trio ospetsuaren giro bereziaren ondoren, VibrArt-ek Mendelssohn-en 1. Trioaren birtuosismo bikainarekin koroatuko du bere emanaldia.

Abuztuaren 9an La Ritirata izango da, interpretazio historikoan espezializatutako euskal ensemblea; Boccherini eta Arriagaren arteko elkarrizketa ardatz duen programa aurkeztuko du. Boccheriniren hainbat kinteto izango ditu, tartean "Fandango" kinteto ospetsua, Arriagaren 2. hari kuartetorarekin batera, guztiak bilbotar konpositore jeinuzkoak lortu zuen heldutasun harrigarriaren erakusle.

Azkenik, abuztuaren 24an, Cuarteto Quiroga laukoteak itxiko du zikloa, berriro ere Arriaga omenduta. Bere 1. eta 3. hari kuartetoak interpretatuko dituzte, György Kurtágen piezekin kontrapuntuan; euskal konpositorearen gaztaroko eferbeszentziaren eta hungariarraren idazkera kontzentratu eta zatikatuaren arteko elkarrizketa liluragarria izango da; izan ere, gaur egungo sorkuntzaren izen handienetako batek 2026an 100 urte bete ditu.

Ganbera Musika Ziklorako sarrerak, 17 eta 19 euro arteko prezioan, quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.

Prentsa-oharra

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.