Operaren hastapenetatik Bachen musikara, Barrokoa protagonista Antzinako Musika Zikloan

• Antzinako Musika Zikloko lau kontzertuak San Telmo Museoan izango dira abuztuaren 3tik 28ra bitartean.
• Errepertorioa errenazimenduaren amaieratik abiatzen da, Dowland eta d 'India aitzindariekin, eta Bach, Haendel, Telemann eta abarren musikarekin amaitzen da.
• Sarrerak: quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan.

San Telmo Museoan egoitza duen Musika Hamabostaldiko Antzinako Musika Zikloak abuztuan zehar izango diren lau kontzertu hartuko ditu aurten. Lehen hitzordua abuztuaren 7an izango da eta gainerakoak abuztuaren 18, 21 eta 23an. Guztiak 20:30etan hasiko dira eta Museoko klaustroan egingo dira. Antzinako Musika Zikloa Musika Hamabostaldiko lehen ziklo espezializatuetako bat izan zen; jaialdiak errepertoriorik urrunena eta interprete historizistak berreskuratzearen aldeko apustua egin zuen, penintsulako agertokietan haien presentzia oraindik ohikoa ez zenean; 1991n egin zen lehen aldiz, eta laster bildu zuen publiko leiala, urtero etortzen dena nazioarteko zein Espainiako zirkuituko talde espezializatu interesgarrienetako batzuez gozatzera, bai nabarmentzen ari direnak bai jada finkatutakoak.

Abuztuaren 7an hasiko da Antzinako Musika Zikloa, edizio honetan parte hartuko duten Espainiako hiru taldeetatik lehenengoarekin, La Real Cámara, eta ohikoa ez den instrumentu bat aurkeztuko du, viola da braccio, ganba biola batekin eta klabezin batekin batera, J.S. Bachen eta bere inguruko konpositoreen (Telemann edo Goldberg) musiken edertasuna erakusteko. Abuztuaren 18an, Collegium Musicum Madrid taldea San Telmon izango da, John Downland konpositore britainiarraren bizitzaren errepasoa egiteko, haren heriotzaren 400. urteurrenean. Bere musika orri ezagunenak bere biografia bikainaren kontaketarekin uztartzen dituen programa zaindua aurkezteko, talde madrildarrak Martín Llade musika kazetaria izango du lagun.

Abuztuaren 21ean, Gli Incognitik, musikari frantses eta italiarrak biltzen dituen taldeak, "A Charming Rarity" deritzon kontzertuan, Georg Philipp Telemann eta Georg Friedrich Händel elkartu zituen adiskidetasuna emango du ezagutzera, barrokoko bi jenioen kontzertu, sonata eta fantasien interpretazioaren bidez.

Azkenik, abuztuaren 23an, Capella de Ministrersek, Beatriz Lafonten ahotsarekin batera, operaren oinarriak sortu zituen Camerata Fiorentina zeritzon italiar artista eta pentsalarien taldearen ideiak errepasatuko ditu; jatorri horien bila, talde valentziarrak d 'India konpositorearen monodiak eta deitoreak interpretatuko ditu Frescobaldi, Kapsberger, Ortiz eta Rossiren pieza instrumentalekin batera.

Sarrerak, 16 eta 18 euro bitartekoak, quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.

Prentsa-oharra

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.