• Ganbera Musika eta Antzinako Musika zikloez gain, Museoan izango dira "Gozamenerako gakoak", Kontzertuaren bizipena aberasteko hitzaldiak.
• Hamabostaldiak Museoari egindako dohaintza ere aurkeztu da: Mari Puri Herreroren lan sorta.
Ohi bezala, San Telmo Museoko klaustroak Ganbera Musika (gaur bertan abiatuko dena) eta Antzinako Musika (abuztuaren 7tik aurrera) zikloak hartuko ditu eta, horrez gain, aurten estreinakoz, Museoan izango dira "Gozamenerako gakoak" hitzaldiak: Hamabostaldiak programatzen dituen kontzertuen esperientziaren atariko edo osagarri gisa sortuak, kontzertu horiek aberasteko, publiko orokorrari musika klasikoaz gozatzeko zenbait gako emateko. Hitzaldiak Mari Jose Cano kazetari, musika kritikari eta Musikeneko irakasleak emango ditu eta San Telmo Museoko ekitaldi aretoan izango dira. Doan izango dira eta sarrera librea izango dute aretoa bete arte.
- “Bakarlari bikaina ala interprete ona?” - abuztuaren 4a, 19:00
Adibide gisa aurtengo Hamabostaldian ariko diren hainbat bakarlari hartuta, Juan Diego Flórez tenorra, Grigory Sokolov eta Daniil Trifonov pianistak edo Bomsori biolinista kasu, musikari bat erreferentzia zerk bihurtzen duen ulertzen saiatzeko gakoak emango dira.
- Kursaalen ezkutatutako bitxiak” - abuztuaren 6a, 19:00
Hitzaldi honetan aurten Kursaalen interpretatuko diren eta gutxi ezagutzen diren hainbat obra aztertuko dira, Juang Jae-ilen Inferno (2025), John Adamsen The Wound-Dresser (1988) edo Giuseppe Verdiren Lau pieza sakratuak (1898), esate baterako.
Gaur aurkeztu da, halaber, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenaren harira, Musika Hamabostaldiak San Telo Museoari egiten dion dohaintza: aurten, Mari Puri Herrero artista bilbotarrak 2026ko Hamabostaldiaren kartelerako egindako margolana eta zortzi marrazkik osatutako bilduma.
Interes handiko dohaintza da, eta Mari Puri Herrerok euskal ondare plastikoari egindako ekarpenari balio handiagoa ematera gonbidatzen gaitu. Hirurogeiko hamarkadako zortzi marrazki horiek teknika asko menderatzen duen artista bat eta estilo oso pertsonala, modetatik guztiz kanpo dagoena erakusten dute. Bere jenialtasuna irudimena errealitate hurbilenarekin konbinatzeko duen gaitasunean datza. Begirada hori Mari Purik Musika Hamabostaldiaren edizio honetako kartela egiteko erabili zuen jatorrizko obrara zabaltzen da; lan horretan kolore urdinaren erabilera nabarmentzen da, eta kontraste interesgarria eskaintzen du hirurogeiko hamarkadako arkatzezko marrazkiekin. (Marrazki horietako batzuk Museoko "Modernitatea marraztu (1964-1968)" erakusketan daude ikusgai, irailaren 27ra arte).
Mari Puri Herrero jardunean dagoen euskal artista ospetsuenetakoa da, sendoa eta ibilbide artistiko luzea duena. Artista gisa duen posizioa sendotuz joan da denboran zehar, eta erakusketa indibidual eta kolektibo ugaritan hartu du parte. Hainbat sari jaso ditu, azkena 2022an, Gure Artea, bere ibilbide artistiko oparoagatik. Artista horren obrak museo eta bilduma ugaritan aurki daitezke: ARTIUM-Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Biblioteca Nacional, MNCARS-Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Bilboko Arte Ederren Museoa, etab. Zalantzarik gabe, bere belaunaldiko funtsezko erreferentea da eta euskal arte garaikidearen ezinbesteko figura.
Hamabostaldiaren dohaintzari esker, hauek dira 2021tik gaurdaino San Telmo Museoaren funtsetan sartu diren obrak:
2021 Xabier Erkizia: Los puentes son heridas, las heridas cicatrices, las cicatrices nombres (2016-2020). Ikus-entzunezko instalazioa.
2022 Susana Talayero: El grito (2014), Ser cráneo II (2020) y Planta 1 (2020). Formatu handiko lanak
2023 María Paz Jiménez: izenbururik gabeko lana (1960-1962)
2024 Néstor Basterretxea: Viento Oeste (1959). Erliebe baxua
2025 Jose Zugasti: Desarrollo y vuelo de la forma (2003). Alanbrezko eskultura, hagaxka eta pintura.
2026 Mari Puri Herrero: 8 marrazkiko sorta (1960) eta 87 Musika Hamabostaldiko kartelaren jatorrizko obra (2025)
