Ostiral honetan, abuztuak 1, Inaugurazio Jardunaldiaren barruan programatutako doako kontzertu eta ikuskizunek markatuko dute Donostiako 86. Musika Hamabostaldiaren hitzaurrea. Bost ekitaldiak doakoak dira, eta sarrera librea dute, lekua bete arte.
12:00etan, Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan, Sofia Huerta donostiar piano-jotzaile gazteak Ludwig van Beethovenen Pianorako sonata 17 zki. re minorrean op. 31. 2 zki. "Ekaitza", Fantaise-Improptu op. 66 eta Frédéric Chopinen Vals do sostenitu minorrean op. 64. 2 zki. eta Enrique Granadosen Allegro de concierto op. 46 interpretatuko ditu. Piano-jotzaile donostiar gazteak, Elisabeth Leonskajaren aholkularitzapean 2023ko amaieratik, Anastasia Chernyavskayaren klaseak jasotzen ditu, eta aldizka Alba Venturarenak eta Elisabeth Leonskajarenak. Sevillako Barenboim-Said Fundazioak piano ikasle hautatu du 2025-2026 ikasturterako.
17:30ean, San Telmo Museoko klaustroan, Lasala Dantza Konpainiak "Humana" ikuskizuna aurkeztuko du. Konpainiaren sortzaile Judith Argomanizen koreografia eta zuzendaritzarekin, "Humana"-k konpainiaren pieza enblematikoenetako batzuen ibilbidea eskaintzen du, San Telmo Museoa bezalako espazio ikoniko batera egokituz, bere lana giro hurbilago batean ezagutzeko aukera paregabea eskainiz, non ingurunea mezuaren parte izatera pasako den. Jantzien diseinua Xabier Mujikak egin ditu, argazkiak eta bideoa Renata L. Etanowskirenak dira. Dantzariak: Jone Amezaga, Ines Costa, Garazi Etxaburu, Ioar Labat, Miren Lizeaga eta Leire Otamendi. Sarrera doan da museorako sarrera duenarentzat.
18:00etan, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre pianistak "Ravelen dantza" izeneko kontzertua eskainiko dute. Maurice Ravelen jaiotzaren 150. urteurrena dela eta, konpositorearen irudia hainbat ikuspegitatik aztertzeko aukera ematen digun errepertorioa diseinatu dute: bere haurtzaroko abesti eta soinuak, oro har musika herrikoiarekiko atxikimendua, eta bereziki euskal musikarekiko atxikimendua; Espainiako exotismoarekiko interesa eta antzinako forma eta musikekiko maitasuna, guztiek izendatzaile komun bat aurkeztuz: dantza eta bere erritmoak. Bi interpreteak instrumentista eta sortzaile anitzak direnez, euren proposamena Ravelen lanen interpretazio soiletik haratago doa eta bere sormen mundura hurbiltzea bilatzen dute, berak erabiltzen zituen oinarrizko materialetatik. Horrela, Ravelen beraren piezak, Gervasse edo Garbizu bezalako egileenak, egile ezezagunen lanak eta konposizio propioak interpretatuko dituzte.
Ordu berean (18:00etan) Kursaal Auditorioko Foyer-ean, Verdini Dantza Taldeak "Sustraiak eta hegoak" interpretatuko du. Konpainiaren zuzendari Isabel Verdinik sortutako koreografia berritzaile eta kolaboratiboen bidez, kultur aniztasunaren aberastasuna mugimenduaren hizkuntza unibertsalaren bidez ospatzen duen ikuskizuna da, eta jatorri desberdinetako dantzariak biltzen ditu, bakoitzak bere herentzia kulturala eta bere historia pertsonala agertokira ekarriz. Lanak "sustraien" kontzeptua aztertzen du, gure antzinako loturen eta definitzen eta lotzen gaituzten tradizioen sinbolo gisa. Erritmo bizietatik eta dantzari bakoitzaren adierazpenetatik abiatuta, ekitaldi bakoitza herentzia kulturalaren eta giza aniztasunaren ospakizuna da. Eta "hegalek" gure nahiak, ametsak eta erabat adierazteko askatasuna irudikatzen dituzte. Zuzendaritzako laguntzaileak: Jesus Murua eta Aizpea Múgica. Jantziak: Rosi Mirás. Dantzariak: Jon Alonso, Nerea Astarbe, Ainhoa Bakaikoa, Miriam Corrionero, Maria Isasti, Idoia Machimbarrena, Aitor Manterola, Ohiane Mateos, Aizpea Mugica, Nekane Prieto, Alex Santesteban, eta Isabel Verdini.
Hamabostaldi Solidarioak berriro irekiko du jaialdia, oraingo honetan Donostiako Berra eta Aldakonea egoitzetan. Soprano eta piano bikote banak ahots-pieza sorta bat eskainiko dute egoiliarrentzat eta haien senideentzat. Goizean, Berran, Ametsa Bikotea, Ainhoa López de Munain (sopranoa) eta Leyre Sáenz de Urturi (piano-jotzailea) gasteiztarrek osatua, Mozart, Donizetti, Sorozabal, Lecuona edo Guridiren piezak interpretatuko dituzte. Arratsaldean, Aldakonean, Lorea López sopranoak eta Lucía Arzallus pianistak Lavilla, Boulanger, Turina, Schumann, Puccini, Bellini, Donizetti eta abarren obrak interpretatuko dituzte.
Organo Zikloa, halaber, abuztuaren 1ean hasiko da, Donostiako San Ignazio Elizan Ana Belen García organistak eta Miren Urbieta-Vega sopranoak eskainiko duten kontzertuarekin (20:00etan). "Euskal arimaren oihartzunak" izenburupean, Felipe Gorriti, Israel López Estelche, Jesús Guridi eta Pablo Sorozabalen piezak interpretatuko dituzte.
Doako kontzertu horiez gain, jaialdiaren programazioaren lehen eguna Kursaal Auditorioaren zikloaren irekierarekin, Ballet Preljocajen "Requiem (s)" dantza-ikuskizunarekin, osatuko da.
