[Translate to Euskera:]

[Translate to Euskera:]

83. Donostiako Musika Hamabostaldiak doako lau kontzertu eskainiko ditu bere Inaugurazio Egunean

  • Abuztuaren 2ko asteartean ospatuko den Inaugurazio Eguneko egitaraua doako lau kontzertuk osatuko dute: Trio Artio, Liana Gourdjia eta Josu Okiñena, Kea Ahots Taldea eta Oñatiko Ganbara Abesbatza izango dira kontzertuotako protagonistak.
  • Egun berean ekingo dio Hamabostaldiak Kursaaleko kontzertuen zikloari: Monteverdi Choir eta English Baroque Soloists John Eliot Gardiner zuzendariaren gidaritzapean arituko dira auditorioan.
  • Jaialdiko luzeena den Organo Zikloa ere abuztuaren 2an hasiko da, Tolosan Jon Laukvik organista norvegiarrak emango duen kontzertuarekin.

 

Hamabostaldiaren Inaugurazio Egunean, abuztuaren 2ko asteartean, Donostia erdialdeko hainbat txokotara helduko da musika, lau hitzorduren bidez. Doako kontzertuekin gozatzeko aukera izango da eguerditik hasita eta jaialdiaren bereizgarri den abesbatzen protagonismoa islatuko du hogeita bost egunez luzatuko den egitarauaren hasierak, ganberako musika proposamenekin batera: haiek eramango dituzte jaialdiko lehen musika notak Udaletxera, Kursaalera eta San Bizente Elizara.

Eguneko lehen bi hitzorduak eguerdiko 12:00etan hasiko dira, Udaletxeko Batzar Aretoan eta Kursaaleko Foyerran. Udaletxean Trio Artio ganbera taldeak Beethoven eta Brahms konpositoreek piano hirukoterako idatzitako piezak eta Mel Bonis konpositore frantsesak konposatutako Soir - Matin erromantikoa interpretatuko ditu. Judith Fliedl biolinista austriarrak, Christine Roider biolontxelo-jotzaile alemaniarrak eta Johanna Estermann pianista austriarrak osatutako hirukotea nazioartean txalotu dute “agertokian partekatzen duten dibertsioagatik, publikoarekin izan ohi duten elkarrizketa etengabeagatik eta elkarrekin musika modu zintzoan egiteko moduagatik”.

Ordu berean izango da Kursaaleko Foyerran Liana Gourdjia biolinistak eta Josu Okiñena pianistak emango duten kontzertua. Jesús Guridi, Gabriel Erkoreka eta Pascual Aldave euskal konpositoreen lanez gain, George Gershwin konpositorearen Porgy and Bess operaren biolin eta pianorako J. Heifetz-en transkripzioa emango dute, baita Schubert-en Fantasia do maiorrean ere.

Arratsaldeko kontzertuetatik lehena Kea Ahots Taldeak emango du, 18:00etan, Udaletxeko Batzar Aretoan. Sorozabal konpositore donostiarrak bere 125. urteurrenean Musika Hamabostaldian izango duen leku nabarmenaren lehen lekukoa izango da ahots profesionalez osatutako abesbatza, haren hainbat kantu emango baitituzte Enrique Azurza zuzendariaren gidaritzapean eta June Agirreren gitarrak lagunduta.

20:30ean emango du bere kontzertua Oñatiko Ganbara Abesbatzak, San Bizente Elizan. Aitor Biain zuzendariaren gidaritzapean “Inspiratio” izeneko programa eskainiko dute, XVI. mendetik XX.erako obrekin, eta nazioarteko naiz euskal konpositoreen lanekin.

Aipagarria da, halaber, abuztuaren 2an abiatuko direla, batetik, Organo Zikloa Jon Laukvik norvegiarrak Tolosan emango duen kontzertuarekin eta, bestetik, Kursaal Auditorioko kontzertu sinfonikoak, Monteverdi Choir eta English Baroque Soloists-ek John Eliot Gardiner zuzendariaren batutapean emango duten kontzertuarekin.

INAUGURAZIO EGUNEKO PROGRAMA

Trio Artio
Udaletxeko Batzar Aretoa (12:00)

Liana Gourdjia, biolina
Josu Okiñena, pianoa
Kursaaleko Foyerra (12:00)

Kea Ahots Taldea
Enrique Azurza, zuzendaria
June Agirre, gitarra
Udaletxeko Batzar Aretoa (18:00)

Oñatiko Ganbara Abesbatza
Aitor Biain, zuzendaria
San Bizente Eliza (20:30)

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.