• Daniel Harding zuzendari britainiarrak gidatuko du, Claudio Abbadoren ekimenez sortua, hogei herrialde baino gehiagotako musikariek osatzen duten orkestra.
• Haiekin batera, Daniil Trifonov pianista ospetsua ere Brahmsen 1. Piano Kontzertua interpretatzeko Hamabostaldian izango da.
• Sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko nahiz Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan salgai daude.
2019an Musika Hamabostaldian azkenekoz aritu ondoren, Mahler Chamber Orchestra (MCO) bihar itzuliko da jaialdira, abuztuaren 6an, ostegunean. Daniel Harding zuzendari sarituaren gidaritzapean, MCOk errepertorio erromantikoa izango du ardatz. Horretarako, elkar ezagutu eta elkar miretsi zuten bi konpositoreren obra bana interpretatuko ditu. Egitarauan izango dira Brahmsen 1. Pianorako kontzertua (Daniil Trifonov pianista errusiar-estatubatuarra bakarlari dela) eta Dvořáken 8. Sinfonia. Kontzertua 20:00etan izango da, Kursaal Auditorioan.
Daniel Harding 2023an izan zen azken aldiz Hamabostaldian, Chamber Orchestra of Europe ganbera-talde ospetsuaren zuzentzen. MCOrekiko duen konpromisuaz gain, Harding Erromako Accademia Nazionale di Santa Ceciliako zuzendari da eta, 2027/28 denboralditik aurrera, Gustavo Dudamelen lekua hartuko du Los Angelesko Orkestra Filarmonikoaren zuzendari titular gisa. Daniel Hardingena kasu berezia da, 17 urte besterik ez zituela hasi baitzen nazioarte-mailan nabarmentzen, Simon Rattlek bere laguntzaile hartu zuenean. Harrezkero, Harding nazioarteko zuzendari entzutetsuenen artean kokatu da eta, besteak beste, Vienako Orkestra Filarmonikoa, Amsterdamgo Royal Concertgebouw Orkestra eta Bavariako Irratiko Orkestra Sinfonikoa nazioarteko prestigiodun orkestrekin dihardu sarritan; eta, musikaria izateaz gain, Air France konpainian hegazkin komertzialetako pilotu ere bada.
Daniil Trifonov pianistak goi-mailako teknika eta sentsibilitate pertsonala berezko naturaltasun zein berezkotasun handiz uztartzen ditu. 2010/11 denboraldian lortutako honako hiru sari garrantzitsuei esker, nazioarte-mailan izandako ospea are gehiago handituz joan zen: hirugarren postua Chopin Varsoviako Lehiaketan eta lehen sariak Tel Aviveko Arthur Rubinstein Lehiaketan zein Moskuko Txaikovski Lehiaketan. Horren ondorioz, Deutsche Grammophonen eskutik grabazio-ibilbide sendoa garatu du. 2018an musika-gailurrera iritsi zen, Liszten musikari eskainitako Transcendental diskoari esker Bakarkako Disko Instrumental Onenaren kategorian Grammy saria jaso zuenean. Trifonov pianista ez ezik konpositorea ere bada.
Mahler Chamber Orchestrak (MCO) urte askotako lotura dauka Musika Hamabostaldiarekin. 2015ean azken aldiz izan zen jaialdian: Manfred Honecken zuzendaritzapean eskainitako bi kontzerturekin hasiera eman zion urte hartako edizioari; eta 2019ko udan ere bitan jardun zen, Jakub Hrůšaren gidaritzapean. Mahler Chamber Orchestra (MCO) 1997an Gustav Mahler Jugendorchester gazte-orkestratik abiatuta eta Claudio Abbadoren laguntzari esker sortua, laster bihurtu zen Europako ganbera-orkestra entzutetsuenetako bat. Orkestra nazioarteko izaeradun ensemble autonomoa da eta etengabean dihardu: urtean 180 kontzertu inguru ematen ditu. Garai klasikoko eta erromantikoko lanak bere errepertorioaren ardatzetako bat dira; tradizio sinfoniko handiari eusten diote, baina, aldi berean, antzinako musikaren mugimenduak ekarritako irizpide estilistikoak ere txertatzen dituzte emanaldietan. Horrez gain, musika garaikidearen aldeko konpromiso sendoa dute eta mundu mailan maiz estreinatzen dituzte obra berriak.
Egitaraua. Robert eta Clara Schumann ezagutu eta hilabete gutxira, 1854ko udaberrian, Johannes Brahmsek 1. Pianorako kontzertua idazteari ekin zion. Brahms hasieran bi pianorako sonata handi bat idazten hasi zen, Clarak eta berak jotzeko. Baina Beethovenen 9. Sinfonia lehen aldiz entzun ondoren, eskuartean zuen lana handituz joan zen, izaera sinfoniko nabarmeneko piano-kontzertu bihurtu arte. Horrela sortu zen, gainera, Brahmsen lehen obra orkestral nagusia. 1859an Leipzigen estreinatu zenean harrera gorabeheratsua izan bazuen ere, partitura maisulana da eta ez dauka, inolaz ere, lehen lan baten itxurarik. Musika dramatiko eta indartsua biltzen du, guztiz heldutako hizkera sinfoniko baten erakusgarri. Horri esker, zenbait unetan, garai hartan ohikoa ez zen pianoaren eta orkestraren arteko elkarrizketa zein lankidetza molde berritzailea proposatzen du. Kontzertuak aukera ugari eskaintzen dizkio bakarlariari, bere maisutasuna ez ezik, alderdi lirikoena ere erakusteko.
Kontzertuaren bigarren zatian, Mahler Chamber Orchestrak Antonín Dvořáken 8. Sinfonia sol maiorrean interpretatuko du. 1889an idatzia eta Frantzisko Jose enperadorearen Bohemiako Akademiari eskainia, Dvořáken ziklo sinfonikoko lan argitsu eta alaitsuenetako bat da. Sarritan sinfonia pastoral gisa ulertu izan ohi da, konpositoreak horretan, 7. Sinfoniaren izaera zorrotza eta 9. Sinfonia “Mundu berriarena” ospetsuaren handitasuna alde batera utzita, giro argitsuago, berezkoago eta askatasun handiagokoa landu baitzuen. Lau mugimenduetan zehar, Dvořákek Bohemiako herri-musikan oinarritutako doinu ugari erabiltzen ditu. Tonalitate nagusiak eta txikiak txandakatu bitartean, valsaren zein Txekiako dantzen erritmoak uztartzen ditu. Horri esker, naturarekiko ospakizuna eta landa-giroko alaitasuna dira obraren ezaugarri nagusiak. Obrak berezkotasuna transmititzen badu ere, xehetasun handiz landua dago. Horren erakusgarri argiena azken mugimenduko bariazio-gaia da: tronpeten fanfarre dramatiko batekin hasteaz gain, pasarte horretan ageri da argien Dvořáken maisutasuna.
Sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko zein Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.
MAHLER CHAMBER ORCHESTRA
DANIEL HARDING zuzendaria
DANIIL TRIFONOV pianoa
Abuztuaren 6a, osteguna. 20:00. Kursaal Auditorioa
