Hamabostaldia Tabakalera: Tabakalera Dantzan eta Musika Garaikidea

Gaur goizean aurkeztu dira Tabakaleran datozen egunetan Tabakaleran garatuko diren Musika Hamabostaldiaren zikloak: Tabakalera Dantzan eta Musika Garaikidearen Zikloa, aurten lehen aldiz Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan egingo dena. 

Tabakalera Dantzan: dantza bere ohiko testuinguru  eszenikotik harago

  • Ion Munduate da aurtengo edizioko sorkuntza-egonaldiko artista eta abuztuaren 11n “Hafuura” proiektua aurkeztuko du, Blanca Calvo eta Iñar Sastrerekin elkarlanean. 
  • Zikloa Paula Quintanaren "Atlas de Anatomía" eta Lorena Nogalen (2024ko Dantza Sari Nazionala) "PICASSa"  emanaldiek osotuko dute. 

Abuztuaren 11n, 13an eta 14an, Donostiako Musika Hamabostaldiak eta Tabakalerak, Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroak sustatutako Tabakalera Dantzan zikloak Tabakalerako hainbat espazio hartuko ditu bere zazpigarren edizioan. Olatz de Andrésen koordinaziopean, zikloak helburu ditu dantza garaikidearen alorrean sorkuntza sustatzea eta diziplina artistiko horren hedapena eta ikusgarritasuna lortzeko plataforma izatea. Koordinatzailearen hitzetan, "Urtez urte, Tabakalera Dantzan sendotuz doa, dantza garaikidearen eta ikerketa-dantzaren unibertso zabala hartzen duen espazio gisa. Bilaketa artistiko berezietan diharduten sortzaileen lanak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Zikloak dantzarako leku esanguratsua eraikitzen du Musika Hamabostaldiaren baitan, musikarekin, soinuarekin eta espazio arkitektonikoarekin duen harreman zuzena ardatz hartuta. Horrela, dantza bere ohiko testuinguru eszenikotik harago kokatzen du”. 

Ion Munduate da aurtengo Tabakalera Dantzan programaren barne Tabakalerak eta Musika Hamabostaldiak babestutako sorkuntza-egonaldian parte hartzen duen koreografoa. Egonaldi horrek ibilbide luzeko sortzaileei beren lana garatzeko espazioa eta gaur egun lantzen ari diren bilaketa artistikoak partekatzeko erabateko askatasuna eskaintzen dizkie. Zentroko instalazioetan hainbat jardunaldi egin ondoren, Blanca Calvorekin (Munduateren kolaboratzaile estua denbora luzez) eta Iñar Sastre pianistarekin batera, abuztuaren 11n, koreografoak "Hafuura" lana aurkeztuko du. Obrak ideia hau dauka abiapuntu: dena esentzietara itzul daitekeela. «Zerbait beste zerbait bihurtzen da mugimenduan dagoelako, une baten eta hurrengoaren arteko tartean kokatzen delako», idatzi du Ionek.

Abuztuaren 13an, Paula Quintanak “Atlas de Anatomía” aurkeztuko du. Horretan, abesbatzaren ahotsak beste gorputz baten moduan aritzen dira, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko espazioa sortuta. Jakintzen polifonia eta nortasun poliedriko zein hibridoa ditu ardatz, izateko modu berriak zabalduta. Testuinguru horretan, flamenkoa, sasikoa, eta kultura latinoa, ezpurua, nortasun-mosaiko baten berezko osagai bihurtzen dira.

Abuztuaren 14an, 2024ko Dantza Sari Nazionala jaso zuen Lorena Nogal dantzari eta koreografoak “PICASSa” eskainiko du Tabakalerako hainbat espaziotan. Proposamenak Pablo Picassoren lanaren zatikatzeak zein haustura bisualak ditu inspirazio eta artistaren obraren hiru garai islatzen dituzten hiru espazioz osatutako ibilbidea proposatzen du. Gure errealitatea, bai maila fisikoan bai emozionalean, nola hautematen eta onartzen dugun azaltzen du eta estetika kubistarekin eta hark mundua ikuspegi askotatik ikusteko egiten duen gonbidapenarekin zuzenean konektatzen duen esperientzia murgiltzailea da. Bizipen artistikoa obraren eta publikoaren arteko topagunean bertan gauzatzen da. Ikusle izatea eta sorkuntza artistiko batek gugan pizten duena arakatzea etengabeko esperientzia bilakatzen da.

Prentsa-oharra

Musika Garaikideko Zikloa Tabakalerara lekualdatu da eta aurten emakume musikagileen obretan jarriko du arreta

•    Kontzertuak abuztuaren 10ean, 14an eta 16an izango dira, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan.
•    Errepertorioaren erdia baino gehiago jatorri askotariko emakume konpositoreek sortutako obrek osatzen dute.
•    SIGMA Project-ek Jon Esnaola musikagilearen Zurrumurru obra estreinatuko du eta Quatuor Bélaren eskutik izango da Pablo Sorozabal Konposizio Lehiaketaren azken edizioko lan irabazlearen, Pablo Franchelliren "Surcando un mar de sueños inmemoriales" obraren estreinaldia.


Musika Hamabostaldiaren Musika Garaikideko Zikloak jaialdiko musika-proposamen berritzaile eta ausartenetako batzuk biltzen ditu, egungo eta azken urteotako sorkuntzan oinarritutako errepertorioarekin batera. Bere programazioak lehen mailako taldeen eskutik, Euskal Herriko zein nazioarteko konposizioaren azken joeretako batzuk publikoari aurkeztea du helburu. Konpromiso horri jarraipena emateko eta hura sendotzeko, zikloa Tabakalerara, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentrora, iritsiko da aurten. Horrenbestez, jaialdiaren musika eta dantza garaikideko programa osoa bertan Tabakalerako gainerako diziplina artistikoekin elkarrizketan eta harremanetan izango da.

Estilo ugariko kontzertuak abuztuaren 10, 14 eta 16an izango dira: askotariko jatorri eta estetiketako musikak egongo dira entzungai: gaur egungo sorkuntza berrienak zein errepertorio historikoko lanak. Programazioak, gainera, emakume konpositoreen presentzia nabarmena izango du; izan ere, haienak dira programatutako obren %60 inguru. Horrez gain, Jon Esnaola tolosarraren Zurrumurru lanaren erabateko estreinaldia jaialdiko une aipagarrienetako bat izango da.

Abuztuaren 10ean, ziklo honen ibilbideari estu lotutako SIGMA Project saxofoi-laukotea arituko da. Duela 18 urte Musika Hamabostaldian eskaini zuen lehen kontzertua eta ordutik nazioarteko erreferentziazko taldeetako bat bilakatu da. Laukoteak Glass, Haas eta Shawren lanak biltzen dituen programa aurkeztuko du, baita duela gutxi sortutako bi partitura ere: Chaya Czernowinen Undersongs lanaren aukeraketa bat, duela gutxi estreinatua eta Jon Esnaolaren Zurrumurru lanaren erabateko estreinaldia.

Abuztuaren 14an, Quatuor Béla hari-laukote frantsesak lehen aldiz parte hartuko du zikloan. Estreinaldi eta enkargu berrien aldeko jardun oparoa duen taldeak munduko lau bazterretako lau emakume konpositoreren lanak interpretatuko ditu. Egitarauan Rebecca Saunders britainiarraren, Misato Mochizuki japoniarraren, Sofia Avramidou greziarraren eta Selim Jeon hegokorearraren lanak izango dira entzungai. Horrez gain, Pablo Sorozabal Konposizio Lehiaketaren azken edizioko partitura irabazlea estreinatuko dute: Pablo Franchelli konpositore argentinarraren Surcando un mar de sueños inmemoriales.

Duo Cassadó bikoteak abuztuaren 16an amaiera emango dio Musika Garaikideko Zikloari, XIX. mendearen hasieran Erromantizismoaren garapenean funtsezko izan zen Jenako Zirkuluari eskainitako omenaldiaren bidez. Biolontxeloz eta pianoz osatutako bikoteak iraganeko nahiz gaur egungo sortzaileen lanak bilduko ditu, espiritu erromantiko horrekin bat egiten duten egileak, besteak beste: Pärt, Tanaka, Richter, Boulanger eta Price. Martina Ampuero artistaren esku-hartze bisualek ere parte hartuko dute emanaldian.

*Sarrerak Kursaal zein Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean eros daitezke. Sarrerarik geratuko balitz, kontzertu bakoitza hasi aurretik Tabakaleran eskuratu ahal izango dira (eskudirutan soilik).

Prensa-oharra

 

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.