Organo Zikloak instrumentu honen mugak zabaldu eta dantzarekin, kantu koralarekin edo beste instrumentu batzuekin uztartzen du

  • Zikloa atzo hasi zen Ataungo Tourseko San Martin Elizan eta Donostiako Artzain Onaren Katedralean emandako kontzertuekin, eta abuztuaren 13an amaituko da, Azkoitian.
  • Guztira 14 kontzertu izango dira, doakoak, eta sarrera librea izango da lekua bete arte.
  • Organo Zikloarekin batera, gaurtik abuztuaren 7ra arte, Organo Erromantikoari buruzko Nazioarteko 42. Ikastaroa egingo da. Thomas Ospital izango da irakasle eta 28 ikasle ariko dira.
  • Montserrat Torrent organista kataluniarraren mendeurrena ospatuko da Koruko Andre Mariaren Basilikan.

Gure ondare organistikoak duen balio aparta gidatzat hartuta eta bere proposamenaren nazioarteko izaera azpimarratuta, Musika Hamabostaldiaren Organo Zikloa Gipuzkoako soinu-geografia aberatsean zehar egindako ibilbide zirraragarri gisa aurkezten da. Abuztuaren 2tik 13ra bitartean, zenbait herrialdetatik etorritako hamabost bakarlarik Gipuzkoako hainbat tenplu abangoardia eta tradizioa elkarrekin bizitzeko agertoki bihurtuko dituzte. Aurtengo edizioaren helburua hesiak kentzea eta instrumentua entzulego handi batekin lotzea da, urtez urte organo kontzertuetara puntualki joaten dena fidelizatzeaz gain. Dimentsio berriak aztertzen dituzten diziplinarteko elkarrizketa iradokitzaileen bidez, zikloak inprobisazioaren, pedagogiaren eta interpretazioaren arteko orekan aurkitzen du bere pultsua. Europan inprobisazioaren erreferentea den Wolfgang Seifen edo Parisko Saint-Eustache historikoaren titularra den Thomas Ospital bezalako maisuak dira Ana Belén García Musika Hamabostaldiko Nazioarteko Organo Ziklo eta Ikastaroaren koordinatzaileak diseinatutako programazioaren buru. Gainera, Juan Crisostomo Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrena eta Valentín Larrearen jaiotzaren 150. urteurrena ospatuko ditugu, Samuel Máynez Vidalen erabateko estreinaldiekin batera.

Thomas Ospitalek zuzenduko du Musika Hamabostaldiko Organo Erromantikoko Nazioarteko Ikastaroaren 42. edizioa, abuztuaren 3tik 7ra. Irakaskuntzaren zale amorratua, Ospital, Parisko Saint-Eustache elizako organo handiaren titularra, sarri aritzen da interpretazio eta inprobisazioko eskola magistralak ematen; 2017tik 2023ra, teklatu-harmoniako irakaslea izan zen Parisko Goi Mailako Musika eta Dantza Kontserbatorio Nazionalean, eta 2021az geroztik, organoko irakaslea da erakunde berean. Ikastaroa batez ere Donostiako Koruko Andre Mariaren Basilikako (1863) Cavaillé-Coll organoan egingo da, eta ikasleek Gipuzkoako beste organo garrantzitsuenetako batzuk bisitatuko dituzte. Bertan, klaseak ere jasoko dituzte: Azpeitiko Loiolako Santutegia, Azkoitiko Santa Maria La Real eta Bergarako San Pedro. Ikastaroaren azken eguna Koruko Andre Mariaren Basilikan emango duten kontzertuarekin osatuko da, Organo Zikloaren barruan.

Organo Zikloarekin batera, abuztuaren 3tik 14ra, "Montserrat Torrent. 100 años al servicio de la música" erakusketarekin Musika Hamabostaldiak Montserrat Torrenti omenaldia egingo dio. Mònica Pagès kazetariak komisariatu duen erakusketak organista mitikoaren biografia eta organoaren historiari egindako ekarpenak jaso eta ilustratzen ditu.

Prentsa-oharra

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.