Eduardo Chillida eta Nestor Basterretxea omenduko ditu Musika Hamabostaldiak euren jaiotzaren mendeurrenean

  • Bi artistek, Hamabostaldiko kartelen egileek, lotura berezia izan zuten jaialdiarekin.
  • Chillida Lekuko eta Hondarribiko Itsas Etxeko kontzertuak izango dira omenaldi honen hitzordu nagusiak. Inaugurazio Eguneko Kresala dantza konpainiaren ikuskizuna, Organo Zikloko hitzorduetako bi eta Arantzazuko ohiko kontzertua ere bi artistei eskainiak dira.

Musika Hamabostaldiak bat egin du aurten Eduardo Chillidaren (1924-2002) eta Néstor Basterretxearen (1924-2014) jaiotzaren mendeurrenarekin; sortzaile gipuzkoarrek euskal artearen historian erreferentziazko sortzaile izateaz gain lotura dute Donostiako Musika Hamabostaldiarekin.

1990ean abiatutako enkargu-politikaren esparruan, Musika Hamabostaldiaren kartel bat egin  duten euskal artistetako bi dira. Eduardo Chillidak egin zuen 57. edizioko kartela, 1996an, eta 2003an Néstor Basterretxeak diseinatu zuen 64. Musika Hamabostaldiko kartela.

Gainera, biek jaialdiarekiko izandako harremana haratago doa. Néstor Basterretxearen kasuan, 1979an hasi zen, urte hartan Hamabostaldiaren ezohiko edizio batean, abenduan, parte hartu baitzuen; berak sortu zituen Oldarra – Biarritzeko Ballets Basques konpainiak abenduaren 17an Victoria Eugenia Antzokian eman zuen ikuskizunaren "Gernika" atalerako dekoratuak. Hurrengo urtean, 1980ko Hamabostaldian, Anoetako Belodromoan programatu ziren bi ikuskizunak osatu eta zuzendu zituen Iñaki Beobiderekin batera: "Zaldiko" Euskal Dantzaren Gala (horretarako kartela ere diseinatu zuen) eta "Txorittua" Euskal Kantuaren Gala. Eduardo Chillidaren kasuan, 2001ean, inauguratu eta urtebetera, Chillida Lekuk ateak ireki zizkion Hamabostaldiari, eta edizio hartako XX. Mendeko Musika Zikloko lau kontzertu Zabalaga baserrian egin ziren, horietako bat Francisco Escudero konpositorearen omenez; orduz geroztik, Chillida Leku jaialdiaren Musika Aitzaki zikloko ohiko egoitzetako bat bihurtu da. Horrela, aurten, Gerhard laukoteak Zabalagan amaituko du Shostakovichen hari laukoteen integrala, jaialdiaren azken edizioetan Chillida Lekun interpretatzen ari dena.

OMENALDI KONTZERTUAK

Abuztuaren 9an, ostirala, Chillida Lekun DAB Dantza Konpainiak Noeud aurkeztuko du, Marina Eskisabelen jatorrizko ideia baten gainean sortutako ikuskizuna, German eta Alai Ormazabalen musikarekin, Naia Iturriozen jantziekin eta Hodei Arrastoaren dramaturgiarekin. Noeud, frantsesez "lotua", joan den martxoan estreinatu zen eta Eduardo Chillidari bere jaiotzaren mendeurrenean egindako omenaldia da. Bere koreografia eta proposamen eszenikoan, DAB Konpainiak Eduardo Chillidak eta Cristóbal Balenciagak erabilitako lan-metodologia antzekoetan sakondu du, bai eta biek beren sorkuntza-prozesuetan esploratzen zituzten kontzeptuetan ere, hala nola espazioetan eta figura lerromakurretan. Abuztuaren 10ean, larunbata, Getariako Cristóbal Balenciaga Museoan izango da ikusgai Noeud.

Eduardo Chillidaren omenaldiari gehitu behar zaizkio abuztuaren 1ean Kresala dantza konpainiak Haizearen Orrazian estreinatu zuen Hiru ikuskizuna eta Karol Mossakowskik abuztuaren 3an Koruko Andre Mariaren Basilikan Bach & Chillida & Widor izenburupean eman zuen organo kontzertua.


Abuztuaren 21ean, asteazkena, Hondarribiko Itsas Etxea Auditorioan Nestor Basterretxearen omenezko kontzertu-ekitaldia egingo da. Pello Ramirez biolontxelo-jotzaileak eta Nacho Soto pianistak osatutako bikoteak Néstor Basterretxea, erroen modernitatea dokumentalaren inguruan eskainiko duten kontzertua izango da; emanaldiaren ondoren, Pello Ramirezek dokumentalari ematen dion musika joko dute zuzenean. José Ángel Irigaraik sustatuta, Arteolak ekoitzitako eta Pamielak 2008an Littera & Musika bildumaren barruan argitaratutako lekukotza bideografiko hori Néstor Basterretxearen bizitzaren eta obraren laburpen bat da: elkarrizketa, irudi, poema, kantu eta musikaren bidez egindako ibilbide biografiko eta artistikoa.

Kontzertu honekin batera, Néstor Basterretxea gogora ekarriko da, Organo Zikloaren baitan, abuztuaren 11n Usurbilgo Salbatore elizan Susanne Kujala organistak eta Veli Kujala akordeoi jotzaileak emango duten Bakearen usoa izenburudun kontzertuan.

Ospakizuna osatzeko, abuztuaren 29an Arantzazuko Santutegian Abraham Cupeiro musikari galiziarrak eta Ensemble Música Práctica taldeak Oiasso Kamerata, Oreka TX, Eñaut Elorrieta eta Agus Barandiaranekin batera eskainiko duten kontzertua Eduardo Chillidaren eta Nestor Basterretxearen oroimenari eskainia izango da.

Sarrerak. Néstor Basterretxearen omenezko kontzerturako sarrerak eros daitezke Hondarribia Kulturaren web orrian (https://www.hondarribia.eus/eu/-/musika-hamabostaldia-nestor-basterretxeari-omenaldia); Organo Zikloko kontzertuetarako sarrera doakoa da lekua bete arte eta gainerako emanaldietarako sarrerak eros daitezke Kursaal y del Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus. webgunean.

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.