Lau koreograforen proposamenek osatuko dute Tabakalera Dantzan jaialdiaren laugarren edizioa

• Lehen aldiz, sorkuntza-egoitza bat izango da zikloan; Blanca Arrieta da artista egoiliarra eta "That Time. Arte Ederren Bilboko Museoa – Tabakalera " erakusketaren inguruan dihardu lanean.
• Gainera, Vera Tussingek, Poliana Limak eta Dani Hernándezek parte hartuko dute zikloan.

Tabakalera Dantzan zikloaren laugarren edizioa aurkezten dute Musika Hamabostaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Kursaal Auditorioarekin batera, hori izango da 84. Donostiako Musika Hamabostaldiko dantza eskaintzaren erreferentziazko egoitza. Sorkuntza koreografikoaren eta ikusizko arteen arteko fusioan, Patioa, Plaza eta "That Time. Arte Ederren Bilboko Museoa-Tabakalera" erakusketak muntaia bana hartuko dute, eta laugarrena, ikuskizun ibiltaria, Plazako eskaileratik abiatuko da. Gainera, zikloak sorkuntza-egoitza bat hartuko du lehen aldiz; horren bidez, koreografo bati lan-espazio bat eskaini zaio, Tabakalerako espazioekin lotutako proiektu bat gara dezan. Edizio honetan, Blanca Arrieta koreografoak "That Time. Arte Ederren Bilboko Museoa – Tabakalera " du lanerako abiapuntu eta oinarri.

Olatz de Andrés zikloaren koordinatzailearen hitzetan, "programa osatzen duten piezak testuinguru eszenikotik atera eta beste aurkezpen-espazio batzuk betetzen dituzten sorkuntza bereziak dira eta helburu dute begiradak ikuspegi berrietara zabaltzea. Gainera, tokiko zein nazioarteko proposamenak aurkezten dira".

Poliana Lima, Dani Hernández eta Blanca Arrietaren ikuskizunak doakoak dira, eta sarrera librea dute lekua bete arte. Vera Tussingen konpainiak emango duen saio bikoitzerako sarrerak salgai daude www.quincenamusical.eus webgunean.

Honako hau da aurtengo Tabakalera Dantzan zikloko programazioa:

Vera Tussing, “The Palm of Your Hand #2” – abuztuak 17. 18:30 / 21:00 - Patioa
Belgikako Vera Tussing konpainiak "The Palm of Your Hand #2" lanaren bi saio emango ditu. Piezak performer-en eta publikoaren arteko negoziazio aktiboa proposatzen du, ukimena erabilita eta konprometitua proposatzen du, eta bertan, elipse batean kokatuta, espazio eszenikoa mugatzen du. Definizioz, interpreteek eta publikoak elkarrekin deskubritu eta egiten duten bidaia da. 2015ean muntaia honen lehen bertsioa estreinatu ondoren, orain haren inguruan Human Body Project-ek enkargatutako birlanketa proposatzen dute.

Poliana Lima, “Las cosas en la distancia” – abuztuak 18, 12:00 / 19:30 – Plaza
Poliana Limak, Madrilen bizi den koreografo brasildarrak, bitan eszenaratuko du "Las cosas en la distancia" bere lana. Site specfic erako dispositibo koreografikoa da, zortzi dantzariren presentzian oinarritua, eta dantzaren berezko dramaturgia proposatzen du: "Mugitzen ez diren haien gorputzetatik, hainbat norabidetan astindutako zutabeetatik, indarkeriaz eta kontrolik gabe jaurtitako besoetatik, zutik dirauten emakumeen gorputzen poetika da nagusi. Indar eta intentsitateak zeharkatzen dituzten gorputzak; azken batean, bere antzinako erresilientzia munduan egoteko modu gisa aurkezten duen emakumeen gorputz kolektiboa".

Dani Hernández, “Córdoba Drone”- abuztuak 18, 19:00 - ibiltaria (abiapuntua: Plaza)
Dani Hernández Alacanteko sortzaile-performerrak "Córdoba Drone" (2022) lana aurkeztuko du, Isaac Albenizen "Cordoba" partitura begirada garaikide batetik berrikusten duen pieza. Tradizioa berrikusi eta berrinterpretatzen duen sorkuntza izanik, jakinduriaren herentzia eta soinu, estetika eta kezkak ageri dira horretan: "Oroimenetik, nire haurtzarotik eta nerabezarotik. Etapa horretako nahiak berreskuratuz eta orain nagoen ikuspegitik begiratuz. Espainiako musika eta dantza tradizionalaren klasiko batekin topo egin eta berau nire ibilbide artistikoan zehar izandako kezkak eta bizitako esperientziak aintzat hartuta lantzea. Betidanik izan dudan bihozkadatik abiatuta berraztertzen eta berridazten dut".

Blanca Arrieta, “Eso” – abuztuak 19-20-22, 20:30 “That Time. Arte Ederren Bilboko Museoa – Tabakalera” erakusketa
Blanca Arrietak publikoarekin partekatuko du uztailaren 27tik abuztuaren 22ra bitartean zikloaren lehenbiziko sorkuntza-egoitzan garatutako lanaren emaitza: Bere proiektua Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumaren zati garrantzitsu bat barne hartzen duen erakusketan oinarritu du. Koreografoaren hitzetan, "Eso gorputz baten erritmo eta isiltasunen bidez gertatzen den oro da, leku honetan eta denbora horretan. Zer, orain? Denbora ez dagoelako geldirik, lekuak, ordea, bai. Eso isiltasunetik abiatzen da. Gorputzen lasaitasuna inguratzen duen isiltasuna eta elkarri begiratu eta entzuten diren gauzak. Zerbait edo norbait mugitzen den unean, hemen, kokapenaren kontzeptua aldatu egiten da. Lan honek mugimenduaren lengoaiaren inguruko galdera batzuk planteatzen ditu: zein indarrek bultzatzen dute eta zer zentzu du? Nola definitzen da betetzen duen espazioa? Nola elkarreragiten du eta zer harreman sortzen ditu? Zein gorputz, obra horien aurrean?

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.