Conductus Ensemble-ak kontzertua emango du abuztuaren 23an Arantzazuko Santutegiko hormen artean

Hamabostaldiak Oñatiko santutegiarekin duen ohiko hitzordua Vivaldi eta Bachen musika erlijiosoari eskainia izango da oraingoan


Hamabostaldia aitzaki zikloaren barruan, Musika Hamabostaldia Donostiatik kanpoko leku eta espazioetara iristen den zikloan, esanguratsuenetakoa Arantzazu Santutegiko hitzordua izan ohi dugu. Edizio honetan, abuztuaren 23an, asteazkena, Andoni Sierrak zuzendutako Conductus Ensemble ahots eta instrumentu ensemblearen eskutik, Oñatiko santutegian Antonio Vivaldi eta Johann Sebastian Bachen musika sakratua entzungo da. Bakarlarien pasarteak interpretatzeko, honakoek osatuko dute taldea: Ainhoa López de Munain, Irene Fraile eta Saioa Goñi sopranoek; Gabriel Díaz eta Mirari Perez kontraltoek; Ariel Hernández eta Iñigo Fernández tenorrek; eta Jesús García Aréjula eta Francisco Javier Jiménez baxuek. Kontzertua arratsaldeko 19:00etan hasiko da.

Antonio Vivaldiren ahots-musikak instrumentuei dagokien birtuosismoa eskatzen die askotan abeslariei. Hori dela eta, Barrokoko errepertorio ikusgarri eta zorrotzenetako bat da. Berrogeita hamar opera inguru konposatu zituen arren, Vivaldi bere ahots-orrialderik onenetako batzuk obra erlijiosoetan ezkutatu zituen, hala nola Magnificat, RV 610, 1715 inguruan Venezian konposatua, edo Gloria ospetsua, RV 589, musikari veneziarrak konposatutako pasarte koral handienetakoak dituena. Andoni Sierrak zuzentzen duen Conductus Ensemble euskal ahots eta instrumentu taldeak emango die bizia musika orri bikain hauei, interpretazio irizpide historizistei jarraituz.

Vivaldiren bi meza-kantata horien artean, Johann Sebastian Bach kantata-konpositore nagusiaren bi orrialde ere interpretatuko ditu Conductusek. Lehenik eta behin, Ich lasse dich nicht, du segnest mich denn, BWV Anh. 159, Bibliako testuak erabiltzen dituen bi mugimendutako koru bikoitzeko motete bat, Bachek berak edo Johann Christophek, Bachen osaba bigarrenak, sortua den eztabaidatzen dena. Ondoren, Nach dir, Herr, verlanget mich, BWV 150 interpretatuko da, lehenengoetakoa ez bada, Bachek 22 urterekin konposatu zuen elizako kantata. Bibliako testuak eta XVIII. mende hasierako poesia nahastuz, abesbatzari ematen dion paper garrantzitsuagatik nabarmentzen da partitura, obraren zazpi zenbakietatik lautan abesten baitu abesbatzak

Conductus Ensemblea 2002an sortutako talde bokal eta instrumentala dugu. Ogibideak eta bokazioak bat egiten duteneko gogo biziak, gauzak ondo egiteko pasioak eta horiek garai zailenetan ere egiten jarraitzen saiatzeak definitzen dute azken 20 urteotan izen eta formazio ezberdinekin Andoni Sierrak bere fundaziotik zuzendu duen musika taldea. Urteotan 150 kontzertutik gora eman ditu Madrilgo Auditorio Nazionalean, Bilboko Euskalduna Jauregian edo Kursaal Auditorioan; nazioarteko hainbat jaialditan hartu du parte, Toulouse les Orgueseko Nazioarteko Jaialdian, Musika Hamabostaldian, Cuencako Erlijio Musikaren Astean, Santanderreko Jaialdian edo Torroella de Montgriko Jaialdian, besteak beste. Taldeak bere formazioa programa bakoitzera moldatzen du eta bi atal ditu: bat antzinako musikan espezializatua, eta bestea garai guztietako errepertorioa jotzen duena. Kritika espezializatuak eta entzuleek aho batez txalotu dute kontzertu bakoitza publikoarentzako eta bere musikarientzako esperientzia berezi bihurtzen duen taldea, Berpizkundetik XX. menderainoko maisulanez betetako errepertorio zabal baten interpretazio historizista egiten duena

Kontzertu honetarako sarrerek 13 eta 18 euro arteko prezioa dute, eta www.quincenamusical.eus webgunean, Kursaaleko eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta ikuskizunaren egunean Arantzazun bertan eros daitezke, hasi baino ordubete lehenagotik, sarrerak geratzen badira.