Organo Zikloak 15 kontzertu eskainiko ditu Gipuzkoa osoko elizetan

  • Organo Zikloari hertsiki lotuta dagoen Organo Erromantikoaren XXXVIII. Nazioarteko Ikastaroa gaur astelehena, abuztuaren 2an hasiko da. Thomas Ospital organista izango da aurten ikastaroko irakaslea.
  • Zikloaren barruan Alicia Díaz de la Fuente eta Stefan Kaglen bi obra estreinatuko dira, eta ez dira faltako ere bestelako proposamenak, hala nola abesbatza-emanaldiak, musika elektronikoa edota zinema-proiekzioak.

Organo Zikloa, atzo, abuztuaren 1ean hasi eta 8an amaituko dena, Musika Hamabostaldiko oparoenetarikoa da. Hori gutxi balitz bezala, aurreko edizioetako marka guztiak hautsiko ditu: izan ere, jaialdiak 15 kontzertu antolatu ditu aurten, Gipuzkoako organo-ondare aberatsa ezagutarazteko. Hala, eta Zikloaren egoitza nagusia Donostia izango bada ere, kontzertuetako zazpi hiriburutik kanpo egingo dira, Ataun, Usurbil, Azpeitia, Zumaia, Tolosa, Azkoitia eta Debako elizetako organoek duten kalitatearen erakusgarri. Pandemia aurreko edizioetan, ziklo honek jendearen babes handia izan du beti ─4500 ikus-entzule baino gehiago urtero-urtero─, eta aurten ere, prestatutako programazio aberats hau tarteko, nazioartearen ahobatezko onespena duen Gipuzkoako organo-ondarearen bultzatzaile izan nahi du beste behin. Datozen egunetan martxan jarriko diren instrumentuetako batzuk benetako maisulanak dira, hala nola Ataungo organo barroko iberikoa (Lorenzo de Arrázola), Donostiako Andra Mari Basilikako eta San Bizente Elizako bi Cavaillé-Coll-ak, Tolosako Andre Mari Elizako Sotlz-Frères-a edo Debako Grenzing garaikidea.


Aurtengo zikloa, gainera, azken urteetako nazioartekoenetako bat izango da, Estatu Batuetako, Italiako, Austriako, Errusiako, Frantziako, Alemaniako, Eslovakiako eta Belgikako organista ospetsuek parte hartuko baitute bertan. Askotariko errepertorioaaurkeztuko dute, eta nabarmentzekoa da organistetako bakoitzaren jatorrizko herrialdeetako konpositoreek sortutako obra asko daudela tartean. Hori aukera paregabea dugu, inondik ere, hemen gutxi ezagutzen diren estilo eta autoreak hobeto ezagutzeko. Zikloak, gainera, bi erabateko estreinaldi eskainiko ditu. Lehena Organo Hispanoaren Elkarteak Alicia Díaz de la Fuente konpositoreari egindako enkargua da, eta Liudmila Matsyurak egingo du horren estreinaldiko interpretazioa, abuztuaren 3an, Zumaiako San Pedro elizan. Bestalde, Stefan Kagl organista eta konpositoreak Musika Hamabostaldiaren enkarguz idatzi duen Suite vasca obraren estreinako interpretazioa eskainiko du abuztuaren 5ean Donostiako Artzain Onaren Katedralean.


Bakarlari kontzertuez gain, Zikloak beste zenbait proposamen original eskainiko ditu aurten, organoa beste instrumentu eta forma artistiko batzuekin uztartuz haren askotariko aukerak erakusteko. Atzo bizi izan zena eta abuztuaren 7an izango dena, esaterako, abesbatzen bi gau-emanaldi bikain dira; abuztuaren 3an, musika elektronikoz eta argiz lagundutako organo ikuskizun bat; abuztuaren 6an, organo eta Panen flauta errezital bat; eta abuztuaren 8an, W.F. Murnauren Amanecer (Egunsentia) film klasiko mutuaren proiekzioa, Thierry Escaich konpositore handiak zuzenean inprobisatutako soinu bandak lagunduta.


Iaz bertan behera gelditu ostean, aurten berriro egingo da Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaroa (XXXVIII. edizioa). Zikloarekin batera egingo da, eta Thomas OspitalPariseko Goi Mailako Musika Kontserbatoriokoirakasleak emango du. Munduko hainbat herrialdetako ikasleak izango dira bertan, eta beren dohainak erakusteko aukera izango dute abuztuaren 7an Donostiako San Bizente elizan emango duten kontzertuan.

Kontzertuetako batzuek Zikloak bisitatzen dituen udalerrietako udalen laguntza jasoko dute.


Hona hemen Zikloko 15 kontzertuak:


Joan Seguí – Abuztuak 1, 18:00 – Tourseko San Martin eliza (Ataun)
Tourseko San Martin elizako organo barroko iberikoa Gipuzkoako musika-ondarearen harribitxi zahar eta baliotsuenetako bat da. Joan Seguík, azken urteotan Kataluniako zirkuitutik sortu den organista gazte talentudunetako batek, paregabeko instrumentu horretarako berariaz diseinatutako programa bat interpretatu zuen atzo, Errenazimenduko eta Barrokoko egile iberiar batzuek ─Cabanilles, Bruna, Cabezón, Alberc Vila, Correa d'Arauxo eta Aguilera de Heredia─ antzeko organo-modeloetarako idatzi zituzten lan batzuk hautatuta.


Craig Williams – Abuztuak 1, 20:00 – Salbatore eliza (Usurbil)
Craig Williams New Yorken iparraldean dagoen West Pointeko Akademia Militarreko organista titularra eta abesbatzaren zuzendaria da. Hango kaperak munduko eliza organo tutudun handiena izateko ohorea du. Williamsek sarritan jotzen du errege-erreginen familia eta ahaideentzat, ofizial jeneralentzat, Kongresuko kideentzat eta gobernuko beste goi-kargu batzuentzat, eta, errepertorio amerikarrean eta musika solemne eta arranditsuetan espezializatu da. Horren erakustaldi bat eskaini zuen atzo Usurbilgo Salbatore elizako Cavaillé-Coll/Mutin organoan, Dupré, Thayer, Hampton, Diemer, Purvis, Wice eta Purvisen piezak joz emandako kontzertuan.


Eskola&Gurutziaga abesbatza / Donostiako Musika Eskolako Abesbatza / José Antonio Pascual – Abuztuak 1, 20:30 – Atotxako Frantziskotarren Eliza (Donostia)
Atotxako Frantziskotarren elizak, Aquilino Amezuaren konpainiak 1929an eraikitako organo bikain bat duenak, gau-ekitaldi eder bat hartu zuen bart, non ahotsak eta instrumentuak organo-soinuekin batu ziren. Bi abesbatzek ─Eskola &Gurutziaga abesbatzak eta Donostiako Musika Eskolakoak─, bost ahots-bakarlarik eta hainbat instrumentu-jotzailek, Jose Javier Etxeberriaren zuzendaritzapean denak, eta organoan Jose Antonio Pascual zela, musika-emanaldi askotarikoa eskaini zuten, Arcadelt, Elgar, Busto, Jenkins, Cohen, Fauréren piezez osatua. Emanaldiko obra nagusia Charpentierren Te Deum bikaina izan zen; haren Preludioa oso ezaguna da Eurovisionen sintonia izategatik.


Giulia Biagetti – Abuztuak 2, 20:00 – San Inazio eliza (Donostia)
Donostiako San Inazio elizako Walcker organoa tresna berezia da Alemaniako etxe horrek eraiki zituenen instrumentuen artean, besteak beste tradizio frantseseko organoen ezaugarri batzuk dituelako. Mundu desberdinen arteko erdibideko sonoritate hori baliatuta, Giulia Biagetti organistak, Luccako San Martina Katedraleko organista titularrak, programa heterogeneo bat eskainiko du gaur, musika-tradizio oso ezberdinetatik datozen lanak interpretatuz: alemaniarrak (Bach, Stamm), holandarrak (Zwart), frantziarrak (Becker), britainiarrak (Fletcher) eta amerikarrak (Williams).


Franz Danksagmüller – Abuztuak 3, 20:00 – Artzain Onaren katedrala (Donostia)
Artzain Onaren Katedraleko organo neoklasikoa, Gipuzkoan den instrumenturik handiena ─bost esku teklatu, oin teklatu bat eta 125 erregistro─, tresna paregabea dugu Zikloko saiorik abangoardistena den honetarako. Franz Danksagmüller musikagile eta organista austriarra, instrumentu honen mugak zabaltzeko diziplinarteko proiektuetan espezializatua, izango du protagonista. Donostian "Broken Bach: Future Music" ikuskizuna aurkeztuko du, Vivaldi, Bach eta Haendelen musika barrokoa soinu elektronikoekin eta argi- eta kolore-proiekzioekin nahastuta.


Pol Álvarez – Abuztuak 3, 20:00 – Loiolako santutegia (Azpeitia)
Loiolako Santutegiko Cavaillé-Coll paregabea Musika Hamabostaldiko Organo Zikloaren programazioan inoiz falta ezin den beste organo horietako bat da. Kontzertu hau Pol Álvarezek emango du, hasiera batean iragarritako Giampaolo di Rosa organojotzailearen ordez. 1999an Terrassan jaioa, Pol Álvarezek 7 urterekin ekin zion organoa jotzen ikasteari. 2017tik Stuttgart-eko Alt Heumaden elizako organo-jotzaile titularra eta abesbatza-zuzendaria da. 2019an Burgoseko Francisco Salinas Organo Lehiaketako irabazlea, bakarlari aritzen da Frantzian, Italian, Alemanian eta abarretan. Loiolan Bach, Dupré eta Widor-en lanak interpretatuko ditu.


Liudmila Matsyura – Abuztuak 3, 20:30 – San Pedro eliza (Zumaia)
Zumaiako San Pedro elizako Stoltz-Fréres organoa tamaina ertaineko baina ondo orekatutako instrumentu bat da, ezin egokiagoa Liudmila Matsyura jatorri errusiarreko organistak, ia 20 urtez Irkutskeko Filarmonikako bakarlariak hautatutako programa interpretatzeko. Albinoni eta Bachen pieza barrokoak, Dubois, Guridi eta Piernéren erromantikoak eta Juliáren eta Matsyuraren beraren obra garaikideak ez ezik, Profeziak II izeneko obraren ─Organo Hispanoaren Elkarteak Alicia Díaz de la Fuente konpositoreari enkargatutako lana─ erabateko estreinaldia ere entzun ahal izango da bertan.


Thomas Ospital – Abuztuak 4, 20:00 – San Bizente eliza (Donostia)
Thomas Ospital frantses-euskaldun organista gaztea, duela urte batzuetatik hona Musika Hamabostaldiko Organo Zikloari lotua egon dena, musikaldiko programaziora itzuli da berriro, Parisko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko organo-irakasle izendatua izan ondoren. Frantziako organo onenetako baten titularra ere baden organista honek ─Pariseko Saint-Eustache elizakoarena, hain zuzen─ programa frantses bat interpretatuko du, bereziki, ezin egokiagoa Donostiako San Bizente elizako Cavaillé-Coll organoan joa izateko. Hala, beraz, Dupré eta Guridiren piezak eskainiko ditu, Widorren Seigarren sinfonia monumentalari ekin aurretik.


Giulia Biagetti – Abuztuak 4, 20:00 – Santa Maria eliza (Tolosa)
Giulia Biagetti organista italiarrak beste kontzertu bat emango du abuztuaren 4an Tolosako Santa Maria elizan, hango 1885eko Stoltz-Frères organo erromantiko bikainean. Egitaraua abuztuaren 2ko emanaldian interpretatutako bera izango da: Bach, Stamm, Zwart, Becker, Fletcher eta Williamsen pieza koralen, kantilenen, tokaten eta beste pieza labur batzuen bilduma.


Stefan Kagl – Abuztuak 5, 20:00 – Artzain Onaren katedrala (Donostia)
Artzain Onaren Katedraleko organo neoklasiko monumentala berriz jarriko da martxan, hainbat katedral garrantzitsutan ─Parisko Notre-Damen, Londresko San Paulon─ jotzen aritutakoa den Stefan Kagl organista eta konpositore alemaniarraren eskutik oraingoan.. Kaglek Donostiako organoaren tinbreen eta testuren aberastasuna erakutsiko digu, Mussorgskiren Erakusketa baterako margolanak obra koloretsuaren transkripzio baten bidez; gainera, Musika Hamabostaldiaren enkarguz hark berak idatzia duen Euskal suitea obraren erabateko estreinaldiaz gozatzeko aukera ere izango da.

Jan Vermeire – Abuztuak 5, 20:00 – Andra Mari Parrokia (Azkoitia)
Abuztuaren 5ean, Azkoitiko Andra Mari Parrokiko organoaren txanda izango da: Euskal Herriko instrumentu miretsienetako bat da organo hori, Aristide Cavaillé-Coll berak egindako azkena, 1898. urtean. Jan Vermeire organista belgikarrak, Koksijdeko Argiaren Katedrala ospetsu eta abangoardistaren titularrak, Frantzia eta Belgikako konpositorez osatutako programa bat interpretatuko du bertan. Hala, Franck, Saint-Saëns, Bélier, Viinauterierne eta Goemanneren obrak joko ditu, Naji Hakim konpositore frantses-libanoar garaikidearen Inauteria lanarekin amaitu aurretik.

Helmut Hauskeller / Stanislav Šurin – Abuztuak 5, 20:00 – Santa Maria eliza (Deba)
Debako Santa Maria elizak Ziklo honetako beste proposamen originalenetako bat hartuko du; izan ere, hango organoari, haizezko musika-tresna hodidun handi horri, itxuran antzekotasun batzuk izan bai baina hura baino askoz txikiagoa den beste tresna bat batuko zaio: Panen flauta. Helmut Hauskeller berlindarra da Panen flauta musika klasikoan erabiltzearenbultzatzaile nagusietako bat, eta Stanislav Šurin eslovakiar organista nabarmenak lagunduta jardungo du Deban, askotariko programa bat esku artean duela: Praetorius, Bach eta Corretteren musika barrokoa, batetik, eta Vavilov, Schneider- Trnavský, Heeren eta Šurinen beraren XX-XXI. mendeetako obrak, bestetik.


Musika Hamabostaldiko Organo Erromantikoaren XXXVIII. Nazioarteko Ikastaroko ikasleak – Abuztuak 6, 20:00 – San Bizente eliza (Donostia)
Urtero bezala, Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaroan parte hartuko duten ikasleek kontzertu bat emango dute Zikloaren barruan. Aurten, Thomas Ospital Parisko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko organo katedradunarekin landu dituzten lanak aurkeztuko dituzte, Donostiako San Bizente elizako Cavaillé-Coll organoan interpretatuta.


Donostiako Orfeoia / Gerardo Rifón – Abuztuak 7, 20:00 – San Bizente eliza (Donostia)
Zikloaren azken zatian euskal musika izango dugu protagonista, abesbatza-kontzertu handi batekin. Donostiako Orfeoiak eta Gerardo Rifon organistak bi obra eskainiko dizkigute, biak ala biak Jose Antonio Sáinz Alfaroren zuzendaritzapean: batetik, Francisco de Madinaren (Aita Madina) Aita Gureaezaguna, eta, bestetik, Tomas Garbizuren obra erlijioso hoberenetako bat, Benedikta Meza, non abesbatza bereziki nabarmentzen den. Gau-ekitaldiari amaiera emateko, organistak Louis Vierneren pieza ikusgarri bat interpretatuko du, Westminsterreko karriloia, bakarlari gisa arituz.

Thierry Escaich – Abuztuak 8, 20:00 – Artzain Onaren katedrala (Donostia)
Zikloak bere egoitza nagusietako batean egingo du amaiera-ekitaldia, Artzain Onaren Katedralean, hain zuzen, organoz lagundutako zinema mutuko saio batekin. Proposamen horrek arrakasta handia izan du 2019ko udan lehen aldiz egin zenetik. Oraingo honetan, Alemaniako zinemaren klasiko handienetako bat proiektatuko da, F.W. Murnauren Egunsentia. Soinu-banda Thierry Escaich sortzaile bikainak ─nazioarteko ospeko organista eta Frantziako konpositore garaikide garrantzitsuenetako bat─ erabat inprobisatua izango da.

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.