• Barrokoaren eta kale erritmoak uztartzen dituen zuzeneko dantza eta musika ikuskizuna da, Merzouki eta Frank-Emmanuel Comte, Le Concert de l 'Hostel Dieu taldeko buruaren arteko topaketatik sortua.
• Sarrerak salgai Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus-en.
Bihar igandea (abuztuak 25) dantzaren eguna izango da Kursaal Auditorioan, Mourad Merzouki koreografoak sortu eta zuzendutako Compagnie Käfig frantziarraren Folia ikuskizunaren eskutik. Barrokoaren eta kaleko erritmo eta dantzen arteko zuzeneko dantza eta musika muntaia hau, XVII. mendeko Gaztelako gorteko dantza herrikoi baten izena hartzen duena, mestizajeari eta Merzoukiren eta Le Concert de l 'Hostel Dieu taldeko buru Frank-Emmanuel Comteren arteko topaketari esker sortu zen. Ikuskizun honetarako sarrerak Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean eros daitezke.
2018ko ekainean Lyongo Théâtre Antique de Fourvière-n estreinatu zen Folia ikuskizunaren inguruan, honako hau dio Mourad Merzouki zuzendari artistiko eta koreografoak: "A priori elkarren aurkakoak gerta daitezkeen bi munduren arteko ustekabeko topaketak nire ikuspegi artistikoaren parte dira. Nire sorkuntzetan, hip-hopa etengabean eraman dut beste mundu batzuetara, beste unibertso musikal eta gorputzekin alderatzera. Folian, hip-hop dantzak Concert de l 'Hostel Dieu taldearen musika barrokoarekin egiten du topo, baina hori ez da dena: dantza garaikidea, dantza klasikoa eta derbitxe birakaria ere elkartzen dira. Benetako apustua da: publiko zabalak gutxi ezagutzen duen musika herrikoi hau soinu elektronikoekin konbinatu nahi izan dut, ikuspegi erabat berria eskaintzeko. Elkarrizketa berezia eta ustekabekoa da, eta musika gehigarria erabiltzeak bilatzen dudan dinamika ematen dio Foliari. Dantzariak eta musikariak sarritan banatzen dituen hesia ere hautsi nahi izan dut, azken horiek koreografian integratuz. Abentura honen erronka publikoa harritzea eta estereotipoak haustea da. [...] Aniztasun handia eta modernitate zoroa dago XVII. eta XVIII. mendeen arteko errepertorio barrokoan. Musika batzuk errepertorio kultukoak dira, Vivaldiren musika bezala, eta beste batzuk dantzatik datoz, Tarentelles edo Chaconnes delakoen kasu. Tarantela bat oinarri hartuta, partitura barrokoak sampleatu ditugu berrerabiltzeko, musika elektronikoa gehitu eta, guztia fusionatuta, horren gainean dantza egiten dugu. Garrantzitsuena bi munduak aurrez aurre jartzea da, talka egitea, elkarren artean komunikatzea".
Frank-Emmanuel Comteren, Foliari zuzeneko musika emango dion Le Concert de l 'Hostel Dieu taldeko liderraren hitzetan, "Folia asko daude... Vivaldirena bertutetsuenetako bat da. Eromen-modu asko daude... Eromen sortzaileak gidatzen ditu artistak. Foliak eta erokeriak dira gure unibertso musikalaren funtsa: Italiako hegoaldetik mundu berrira egindako bidaia, errepertorio barrokotik musika elektronikora".
Emaitza dantza klasikoaren, garaikidearen eta musika herrikoiaren, barrokoaren eta hip hoparen nahasketa harrigarria da; ikuskizuna "in crescendo doa [...] estiloak, dantzariak eta musikariak nahastuz [...], azkenean energia jarkiezineko espiral batean kondentsatzeko", Le Figaro egunkariaren arabera.
Mourad Merzouki koreografoa 90eko hamarkadaren hasieratik hip-hop mugimenduan nabarmendu da, eta diziplina askoren bidegurutzean kokatu du bere obra. Estilo guztietan arakatutako hip-hop dantzaren inguruan zirkua, arte martzialak, arte bisualak, bideoa eta zuzeneko musika txertatzen dira. Mugimenduaren sustraiak eta jatorri sozial eta geografikoak alde batera utzi gabe, borroka honek dantzarako aukera berriak irekitzen ditu eta ikuspuntu berriak zabaltzen. Bere lehen konpainia, Accrorap, 1989an sortu zuen, Kader Attou, Eric Mezino eta Chaouki Saïdekin; 1994an, Athina aurkeztu zuten Lyongo Biennale de la Danse jaialdian, eta kaleko hip-hop dantza agertokira eraman zuen arrakasta handiz. Konpainiaren nazioarteko lehen emanaldiek esploratu gabeko lurraldeetara eraman zuten, Kroaziako errefuxiatu-eremu batera, esaterako, eta Mourad Merzoukik dantza komunikazio-tresna boteretsu gisa esperimentatu zuen. Bere historiari eta sentiberatasunari lotutako unibertso artistiko propioa garatzeko, Mourad Merzoukik bere konpainia propioa sortzea erabaki zuen 1996an, eta lehenbiziko koreografia lana hartu zuen horren izentzat: Käfig hitzak «kaiola» esan nahi du arabieraz eta alemanez; izen horrek berak bere pentsamolde irekia eta estilo bakar batera mugatzeari uko egitea islatzen ditu. 1996tik gaur arte, 32 obra sortu ditu, eta gero eta gehiago antzezten dira. Guztira, 2 milioi ikuslek baino gehiagok bere konpainiaren sorkuntzak aurkitu dituzte Frantzian eta atzerrian egindako 4.000 emanalditan, 65 herrialdetan. Hip-hop sorkuntza bultzatzeko, sorkuntza eta garapen koreografikorako leku bat diseinatu zuen: Centre Chorégraphique Pôle Pik zentroak 2009an ireki zituen ateak Bronen. Leku honen sorkuntzak Karavel jaialdia bultzatu zuen, eszena nazionalean hip-hop dantzarako funtsezko gertaera bihurtu dena. 2009ko ekainean, koreografoa Centre Chorégraphique National de Créteil et du Val-de-Marne zentroko zuzendari izendatu zuten. «Dantza, mundura irekitako leihoa» izeneko proiektua garatu zuen, eta 2013an Kalypso jaialdia sortu zuen, Parisko eskuladean hip-hop dantza-konpainiei ikusgarritasun-plataforma berri bat emateko. 2023an, 13 urtez CCN de Créteil et du Val-de-Marne taldearen buru izan ondoren, Compagnie Käfig Lyongo ekialdera eraman zuen, Bron eta Saint-Priesten. Mourad Merzouki Île-de-France DRACeko eta Auvergne-Rhône-Alpes DRACeko koreografiak sortzeko batzordeko kidea izan da, eta Caisse des Dépôts dantza babesleen batzordeko kidea ere bada.
Sortu zenetik, Le Concert de l 'Hostel Dieu taldeak leku nabarmena du Frantziako eszena barrokoan. Ensemblea XVIII. mendeko ahots eta instrumentu errepertorioaren interpretazioaren ikuspegi sentikor eta dinamikoagatik bereizten da, ikuspegi historiko eta filologikoa sistematikoki sustatuz. Franck-Emmanuel Comte artista sutsu eta pedagogo konprometituaren zuzendaritzapean, taldeak eskualdeko errepertorio baten originaltasuna eta espezifikotasuna defendatzen ditu, Auvernia-Rodano-Alpes eskualdeko liburutegietan gordetako eskuizkribu barrokoetan oinarrituta, batez ere. Musika barrokoaren aberastasuna eta aniztasuna gure garaira ekartzea da Le Concert de l 'Hostel Dieuren indarguneetako bat. Lankidetza artistiko bizigarriek elikatzen dute taldea, eta estetika barroko desberdinak jatorri desberdinetako kultura eta artistekin batzen ditu. Bere sorkuntzek kontzertu-formatua berrasmatzen dute eta adin ezberdinetako publiko berriengana iritsi nahi dute, eremu periferikoetan ere jardunez. Le Concert de l 'Hostel Dieuk ere bakarlari gazteak laguntzen ditu bere karreren hasieran, nazioarteko kantu-lehiaketa edo akademietatik etorriak. Lyongo Hiria, Auvernia-Rodano-Alpeak eskualdea, Kultura Ministerioa, Frantziako Institutua, Bureau Export, ADAMI, SPEDIDAM eta Maison de la Musique Contemporaine erakundeen babesa du.
Folian parte hartzeaz gain, talde honek kontzertu bat emango du San Telmo Museoan abuztuaren 26an, 20:30ean, Hamabostaldiko Antzinako Musika Zikloaren barruan.
