Antzinako Musika Zikloak Europako musikaren 700 urte ikertuko ditu San Telmo Museoan

  • Antzinako Musikako Zikloaren barruan 5 kontzertu egingo dira aurten, abuztuaren 4tik 20ra, eta gonbidatu nazionalak eta nazioartekoak bilduko ditu.
  • Kontzertu horietan, askotariko proposamenak aurkituko ditu publikoak, hala nola Erdi Aroko musika siziliarra eta Espainian inspiratutako musika barroko frantsesa, tartean direla Francesco Manciniren eta Henry Purcellen omenaldiak.

Musika Hamabostaldiko Antzinako Musika Zikloa San Telmo Museoan egingo da abuztuaren 4tik 20ra bitartean; ziklo honetan, bost kontzertu eskainiko dira guztira, 1750 baino lehenagoko errepertorioa oinarri hartuta. 1991n sortu zenetik, Antzinako Musika da jaialdian arrakasta gehien duten zikloetako bat, eta jarraitzaile leial ugari erakartzen ditu, urtez urte, musika historikoetan espezializatutako Espainiako eta Europako bakarlari eta talde onenak entzuteko, baita errepertorio horren euskal interprete bikainenak ere.

La Ritirata euskal taldeak emango dio hasiera zikloari abuztuaren 4an, Francesco Mancini musikagile barroko ezezagunari eskainitako monografiko batekin, haren jaiotzaren 350. urteurrenarekin bat etorrita. Abuztuaren 9an, Ludovice Ensembleren txanda izango da: Frantziako gorteko musikariek Espainiaren seiehuneko eta zazpiehuneko urteetako Espainiari buruz sortutako idealizazioa islatzen duen «À l’Espagnole» proposamena aurkeztuko du, hain zuzen. Antzinako Musika Zikloan aspalditik ezaguna den Al Ayre Español taldeak Henry Purcellen sonatak ardatz dituen programa bat joko du abuztuaren 12an. Abuztuaren 19an, Lucía Martín-Maestro buru duen Egeria taldeak debuta egingo du jaialdian, eta Erdi Aroko Siziliara eramango du publikoa, Cataniako Troparioan kontserbatutako musikaren bidez. Zikloa abuztuaren 20an itxiko du Ensemble Diderot taldeak, "Parisko epaiketa" proposamenarekin, zeinetan berreskuratuko baitute genero ia ahantzi bat, hiru biolinerako sonata, konbinazio instrumental horretarako idatzitako Europa osoko sorkuntzekin.

Zikloko kontzertuak ohi ez bezalako erritmoan emango dira oraingoan: orain arte bezala astebetean kontzentratuta egon beharrean, hamabost egun baino gehixeagoko tartea hartuko dute aurten. Bestalde, uda honetan, hiru hamarkadaz egoitza izan duen Santa Teresa Komentutik behin betiko aldatuko da zikloa San Telmo Museora: hantxe egingo dira, hain zuzen, zikloko kontzertu guztiak. Aldaketa hori San Telmo Museoa eta Musika Hamabostaldia azken urteotan eraikitzen ari diren lankidetza estuaren erakusgarri da, beste urrats bat bide horretan.

Antzinako Musika Ziklorako sarrerak Donostiako Musika Hamabostaldiko webgunean eta Kursaal nahiz Victoria Eugeniako leihatiletan eros daitezke, baita San Telmo Museoan ere, kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenagotik. Sarrera guztiek prezio bera dute: kontzertuko 10 euro.

Hauek dira Antzinako Musika Zikloak aurten dakartzan 5 proposamenak:

La Ritirata & Josetxu Obregón – abuztuaren 4an, 20:30ean– San Telmo Museoa

2022an beteko da Francesco Mancini napolitarraren jaiotzaren 350. urteurrena. Musikagile emankorra izan zen, Alessandro Scarlattiren belaunaldiaren eta Napoliko opera Europa osora zabaldu zuten konpositoreen belaunaldiaren arteko trantsizio-aldian kokatua, estiloari dagokionez. La Ritiratak, Josetxu Obregon biolontxelo-jotzaile bilbotarra buru duen antzinako instrumentuen taldeak, emango dio hasiera Antzinako Musika Zikloari, “Festeggiando Mancini” programaren bidez. Apenas ezagutzen den egile italiar horren ekoizpenari errepasoa egitea proposatzen du programa horrek: haren klabe bakarlarirako tokatak, operako oberturak eta, bereziki, flauta gozorako hiru kontzertu, Tamar Talo israeldarrak interpretatuko dituenak.

Josetxu Obregonek Barrokoko, Klasizismoko eta Erromantizismoaren hasierako errepertorioak berraurkitzeko xedez sortu zuen La Ritirata. 14 urteko ibilbidean, 300 kontzertu baino gehiago eman dituzte 22 herrialdetan, eta Espainiako antzinako musika talderik sarituenetako bat da. 2018an Madrilgo Erkidegoko Kultura Saria jaso zuen musika klasikoaren kategorian. RNEren Begi Kritikoa 2013 saria ere jaso du Musika Klasikoaren modalitatean –historian lehen aldiz lortu zuen antzinako musika talde batek sari hori–, eta bost aldiz saritu dute GEMA Sarietan.

Ludovice Ensemble – abuztuaren 9an, 20:30ean – San Telmo Museoa

Ludovice Ensemble taldeak 2013an jauzi egin zuen nazioarteko agertokira, Frantziako kantata barrokoei eskainitako lehen CDarekin, eta orduz geroztik herrialde hartako musika-errepertorio interpretatuz lortu ditu bere arrakasta handienetako batzuk, publikoari nahiz kritikari dagokienez. Musika Hamabostaldiko emanaldi honetarako, koska bat gora egin dute programaren diseinuan, eta seiehuneko eta zazpiehuneko urteetako Espainian inspiratutako musika frantsesak aurkeztuko dituzte. Hala, zarabandak eta kalejirak urrunean eta kriskitinik gabe eta frantses kutsu bereizgarriaz entzuten diren paseo delikatu baterako irudizko soinu-banda moduko bat da “À l’Espagnole” proposamena.

Ludovice Ensemble talde portugaldarra antzinako musikaren interpretazioan espezializatuta dago, eta 2004an sortu zuten Fernando Miguel Jalôtok eta Joana Amorimek. Portugalgo jaialdi nagusi guztietan aritzen da, eta ohikoa da haren presentzia Lisboako bi areto nagusietan: CCBn eta Calouste Gulbenkian Fundazioan. Belgikan, Herbehereetan, Frantzian, Txekian, Irlandan, Espainian, Letonian eta Israelen izan da, eta RDP-Antena 2rako (Portugal) eta Txekiar Irrati Nazionalerako grabatu du, baita Frantziako MEZZO telebista-katerako ere.

Al Ayre Español – abuztuaren 12an, 20:30ean –San Telmo Museoa

Al Ayre Español taldeak hainbat aldiz bisitatu izan du Antzinako Musika Zikloa, eta, oraingoan, hari-instrumentuek eta organoak osatutako formatuan itzuliko da, Henry Purcellen sonatak oinarri dituen «In Aeternum» ikuskizuna aurkeztera. Eduardo López Banzo taldearen zuzendariaren aburuz, Europa astindu zuten hainbat epidemia handiren ondorioz kontinentean aztarna oso traumatikoak utzi zituen mende bateko nahigabeak gogoratzen dituzte programako sonata zirraragarriek. Musika ingelesak XVII. mendearen amaieran jaso zituen eraginen isla ere badira eta, testuinguruan jartzeko, Arcangelo Corelli, Domenico Gabrielli eta John Blowren sorkuntza garaikideak interpretatuko ditu Zaragozako taldeak.

Al Ayre Español 1988an sortu zuen Eduardo López Banzok, garai hartan Espainiako musika barrokoaren interpretazioaren inguruan nagusi ziren topikoei aurre egiteko asmoz. Jaialdi eta eszenatoki ospetsuenetan aritu da, eta diskoak grabatu ditu Almaviva, Fidelio, Deutsche Harmonia Mundi, Harmonia Mundi France, Naïve-Ambroisie eta Challenge Records zigiluentzat. Industrias Químicas del Ebro eta Espainiako Kultura Ministerioa ditu babesle, 2004az geroztik egoitza-akordioa du Zaragozako Auditoriumarekin, eta Zaragozako Enbaxadorea da 2011tik.

Egeria – abuztuaren 19an, 20:30ean – San Telmo Museoa

Lucía Martín-Maestrok eta Fabiana Sansek sortu eta Ars Antiquaren garaian espezializatutako Egeria taldeak debuta egingo du Musika Hamabostaldian, «Imperatrix Agatha. Cataniako Troparioa» programarekin. Taldearen filosofiari jarraituz –hau da, Erdi Aroko errepertorioa eskuizkribuaren oinarritik agertokira ekartzea–, Cataniako Troparioko pieza sorta bat aurkeztuko du, sekuentzia goiztiarren –jaiegunetan Alleluiaren ondoren abesten zen Erdi Aroko musika forma nabarmenetako bat– bilduma adierazgarria. Dokumentu preziatu horren bidez, XI. eta XII. mendeetako Siziliako hizkuntza musikala eta errituala ezagutuko du publikoak. Egun bat geroago, abuztuaren 20an, Gesaltza eta Arantzazu artean Inaziotar Bidean zehar egingo den txango musikalean ere parte hartuko du Egeriak.

Sortu zenetik, kritika bikainak jaso ditu Egeriak, eta Antzinako Musikako Espainiako Taldeen Elkarteak (GEMA) ematen duen Erdi Aroko Musikako Talderik Onenaren saria jaso zuen 2020an. 50 kontzertu baino gehiago eman ditu Espainiako jaialdi eta erakunde ospetsuenetan, hala nola Cuencako Musika Erlijiosoaren Astean, FeMäsen (Sevilla), Ubeda eta Baezako Jaialdian, FIASen (Madril) eta CNDMn, besteak beste. Gainera, lehen lan diskografikoa grabatu berri du (2022ko udazkenean aurkeztuko du).

Ensemble Diderot – abuztuaren 20an, 20:30ean – San Telmo Museoa

Antzinako Musika Zikloa abuztuaren 20an amaituko da, Ensemble Diderot talde ospetsuak San Telmo Museoan eskainiko duen emanaldiarekin. Errepertorio ezezaguna edo aintzat hartu gabea berreskuratzeko egindako ahalegina da taldearen bereizgarri nagusietakoa, eta, oraingoan, XVII. mendean oso ezaguna izan baina gero ahaztuta geratu zen konbinazio instrumental baterako sortutako lanen bilduma aurkeztuko du: hiru biolinentzako sonatak. Johannes Pramsohler, Roldan Bernabe eta Mario Konaka biolinistek errepertorio hori berraurkitzeko aukera paregabea eskainiko du Europa osoko musiken bidez, barne direla Gabrieli, Fontana, Schmelzer, Fux, Purcell, Marini, Buonamente, Hacquart, Torelli eta Dornel egileen lanak.

Ensemble Diderot Reinhard Goebelen Musica Antiqua Köln talde ospetsuaren oinordekoetako bat da. Johannes Pramsohler biolinjolea buru duen lau musikariko ensemblea da taldearen oinarria. Parisen du egoitza; Denis Diderot entziklopedista, idazle eta filosofoarengandik hartu zuen izena, eta XVII. eta XVIII. mendeetako errepertorioa jotzea eta berraurkitzea ditu xedeak. Arrakasta handiko emanaldiak egin ditu Frantziako eta Europako oholtza ospetsuenetan, eta egoitza artistikoak egin ditu Royaumonten (Frantzia) eta Aldeburghen (Britainia Handia).