Ganberako Musika Zikloak euskal interpreteen eta interprete espainiarren alde egingo du apustu uda honetan

  • Formatu txikiko musikak berriz beteko du San Telmo Museoko klaustroa, abuztuaren 6tik 25era bitarteko bost kontzerturekin.
  • Proposamenak askotarikoak izango dira: bakarlarien errezitaletatik hari laukoteetara, eta XVIII. mendetik gaur egun arteko obrak biltzen dituen errepertorioarekin.

Donostiako San Telmo Museoak berriz ere emango dio aterpe Musika Hamabostaldiaren uda honetako Ganberako Musika Zikloari, abuztuaren 6tik 25era bitarteko bost proposamenekin. XVIII. mendetik gaur egun arteko musikan zehar ibilbidea egingo da. Ziklo hau da jaialdiaren ziklorik gazteenetako bat da eta programazio mistoaren alde egiten du apustu. Haren bidez gozatu ahal izan dute entzuleek, aurreko edizioetan, duo, trio, laukote, kantu errezital, tango ikuskizun, proposamen garaikide eta abarrez. Zikloak, era berean, solista garrantzitsuen arteko topaketa sustatzen du, elkarrekin ganberako musika egin dezaten, bereziki euskal musikari eta musikari espainiarrei dagokionez: aurtengo 5etatik 4 kontzertutan izango dira protagonista. Bost hitzorduak abuztuaren 6, 10, 16, 18 eta 25ean ospatuko dira eta 20:30ean hasiko dira.

Jarduten lehena, abuztuaren 6an, Iñaki Alberdi euskal akordeonista izango da. “Suite diacrónica” originala aurkeztuko du garai klasikoko (Antonio Soler) eta XX. mendeko (Astor Piazzolla) dantzak uztartuz. Abuztuaren 10ean, Albéniz Tríok “El resurgir del Ave Fénix” izeneko programa eklektikoa emango du, artistak bere burua etengabe berrasmatu beharrari buruz, nortasun propioaren bilaketan. Turina, Ravel eta Murphy konpositoreen obrak emango dituzte. Abuztuaren 16an Joaquín Riquelme biolistak eta Enrique Bagaría pianistak osatutako duoak bere azken lan diskograikoa aurkeztuko du, “Encounters”. Disko horretan Schumann, Brahms, Enescu eta Hindemith konpositoreen obrak bildu dituzte. Espainiako hari laukote esanguratsuenetako bate, Cuarteto Quiroga, Musika Hamabostaldira itzuliko da abuztuaren 18an. Anbizio handiko programa emango dute, Haydn, Brahms eta Manuel Canales konpositoreen obrekin, azken hori XVIII. mendeko Espainiako ganbera musika egile garrantzitsuena. Ganberako Musika Zikloko azken kontzertua abuztuaren 25ean izango da eta Quartetto Adorno izango du protagonista. Talde italiarrak festibalean debutatuko du eta, Beethoven eta Debussy konpositoreen obrez gain, David del Puerto konpositore madrildarraren azken hari laukotea estreinatuko du.

Kontzertu guztiak ospatzeko erabiliko den leku paregabea San Telmo Museoko klaustroa izango da. Azken urteetan argi erakutsi du bere aire zabaleko akustika bikaina eta formatu txikiko musikaren xehetasunez gozatzeko espazio ezin hobea dela. San Telmoren eta Musika Hamabostaldiaren arteko lankidetza 2017an hasi zen abuztuko ostegunean kontzertu txikiez gozatzea ahalbidetzen zuen egitaraurekin. Lankidetza hori hazi egin da ordutik eta hasieran “Ostegun Musikalak San Telmon” zena Ganberako Musika Zikloa bilakatu da, zeinak arrakasta handia duen entzuleen artean: jaialdiko lehena izan ohi da zikloko sarrera guztiak agortzen.

Hauek dira 2022an Ganbera Musika Zikloa osatzen duten 5 emanaldiak:

Iñaki Alberdi – Abuztuak 6, 20:30

2019an “Todo Piazzolla” monografikoa Ensemble 442rekin batera eman ondoren, Iñaki Alberdi euskal akordeoi-jotzailea Ganbera Musika Ziklora itzuliko da, bakarrik oraingoan, “Suite diacrónica” izeneko programa emateko. Berriz ere izango du protagonista konpositore argentinarra, hura Antonio Soler klasizismoko konpositoreari lotuz oraingoan. Soler nahiz Piazzolla dantza folkloriko ezberdinen erritmoetan inspiratu ziren, fandangoan edo tangoan esaterako. Suite bakar batean dantza ezberdinak biltzeko ohitura barrokoari jarraituz, Alberdik denborarekin eta espazioarekin jolastu du “Suite diacrónica” hau sortzean”, zeinaren baitan baden lekua ere J.S. Bachen Biolinerako txakona ezagunerako, akordeoirako moldaketa harrigarri baten bidez.

Iñaki Alberdi, besteak beste, La Fenice Antzokian (Venezia), Musikverein-en (Viena), Arsenal Aretoan (Metz), Madrilgo Auditorio Nazionalean, Duke Hall-en (Londres), Hermitage-n (San Petersburgo), Ostertoene Festibalean (Hanburgo), Kairoko Operaren Antzokian, San Petersburgoko Filarmonikoan, Staattsoper Stuttgat-en eta antzeko beste hainbat areto eta jaialditan aritu da. Bakarlari bezala nabarmentzekoa da akordeoi eta orkestrarako musika zabaltzen egin duen lana, eta bakarlari aritu da Espainiako Orkestra Nazionala, Royal Liverpool Philharmonic, Tampere Chamber Orchestra, Orquesta Ciudad de Granada, Orquesta de RTVE, Filarmonía de Galicia, Orquesta Filarmónica de Buenos Aires, Filarmónica de Montevideo eta Euskadiko Orkestrarekin. Era berean, J. Mena, J. Pons, P. González, C. Halfter, V. Petrenko, P. Halfter, B. Sudjic, B. Brönnimann eta J.R. Encinar zuzendariekin kolaboratu du.

Albéniz Trío – Abuztuak 10, 20:30

Paula Birzuela biolontxelistak, Luís María Suárez biolinistak eta Javier Rameix pianistak osatutako Albéniz Tríok “El resurgir del Ave Fénix” programarekin debutatuko du Musika Hamabostaldian. Hegazti mitiko honen etengabeko birsortzearen eta artistak bere nortasuna bilatu eta bere artea hobetzearen artean paralelismoa ezartzen dute. Joaquín Turina konpositore sevillarra izango da programako protagonista nagusia, formatu honetarako idatzi zituen lau obretako biren interpretazioarekin: Trioa pianoarekin fan (1904) eta Zirkulua… Piano, biolin eta biolontxelorako fantasia (1936). Bigarren obra horretan eguzkiaren zikloa (egunsentia-eguerdia-iluntzea) islatzen da musika egitura zirkular baten bidez. Albéniz Tríok Maurice Ravel konpositorearen Trioa pianoarekin la minorrean ere interpretatuko du, Turinaren garaikide izan zenarena, baita Kelly-Marie Murphy konpositorearen egungo obra bat ere, Fenix hegaztiaren mitoan inspiratutakoa.

Egoitza Amsterdamen eta Madrilen duen Albéniz Trío Espainiako Auditorio Nazionalean, Sony Auditorioan, Madrilgo Juan Marchen, Amsterdameko Het Concertgebouwn eta Muziekgebouwn, Baden-Wurtembergeko (Alemania) Tauberphillharmonien eta Utrechteko Tívoli Vredengurgen aurkeztu da, besteak beste. Hirukoteko kideek Madrilgo Reina Sofia Goi Mailako Musika Eskolan ezagutu zuten elkar. Taldekideak beren diziplinetan sarituak izan dira eta eskolako “Ganbera Musikako talderik aipagarrienaren” saria jaso zuten G. Pichler, H. Müller et M. Gulyás irakasleen tutoretzapean. Trioak izaera propioa eraiki du egindako ibilbidean zehar: errepertorioa ia osorik buruz interpretatzen dute, publikoarekin elkarreragiten dute eta beren profesionaltasun handiagatik eta haien estilo gaztegatik nahiz belaunaldi berriekiko hurbiltasunagatik bereizten dira.

Joaquín Riquelme / Enrique Bagaría – Abuztuak 16, 20:30

Ganbera Musika Zikloak hasieratik egin du apustu ganbera taldeen alde bezalaxe, solista handien alde, bakarrik nahiz duo moduan aritu daitezen. Kasu honetan, Joaquín Riquelme biolistak eta Enrique Bagaría pianistak berriki Encounters izendatutako diskoan bildu dituzten musikak aurkeztuko dituzte. Disko horretan kantuan aritzen dira, elkarrizketan, sentsibilitateak gurutzatu eta besarkatzen dituzte zentzumenetan sakon sartzen den atmosfera sortuz, biola eta pianoa protagonista eta konplize direlarik. Errezitalaren lehen zatia Erromantizismo alemaniarren bi egile erraldoiri eskainia izango da: Robert Schumann eta Johannes Brahms konpositoreei. Bigarren zatian XX. mendean murgilduko dira, George Enescu eta Paul Hindemith konpositore eta biolistaren piezekin. Azken honek biolaren errepertoriorako orrialde garrantzitsuenetako batzuk idatzi zituen.

Berliner Philharmoniker-eko kidea da 2010etik Joaquín Riquelme. Ganberako musikan oso aktiboa da eta Emmanuel Pahud, Daishin Kashimoto, Christian Zacharias, Jörg Widmann, Hartmut Rohde eta Enrique Bagaría musikariekin kolaboratu du, besteak beste. Bagaríarekin, hain zuzen, 2021ean “Encounters” diskoa grabatu zuen. Bakarlari bezala hainbat orkestrarekin aritu da, besteak beste: Baden-Baden Philharmonie, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Murtziako Orkestra Sinfonikoa, Asturiasko Printzerriko Orkestra Sinfonikoa eta abar. Juanjo Mena, Pinchas Steinberg, Nuno Coelho, Manuel Hernández Silva, eta beste hainbat zuzendarirekin egin du lan.

Bartzelona, Paris, Madril eta Munichen ikasi ondotik ohikoa da Enrique Bagaríaren presentzia eszenatokietan: Bartzelonako Palau eta L’Auditorin, Madrilgo Auditorio Nazionalean, San Petersburgoko Philharmonian, Milango Teatre dal Vermen, Parisko Alfred Cortot aretoan, eta abar. Ganberako musikari dagokionez, duo moduan aritzen da Aitzol Iturriagagoitiarekin biolinistarekin nahiz Joanquín Riquelme biolistarekin. Era berean, Luzernako Jaialdi Orkestrako musikariek osatutako ]W[ Ensemble proiektuarekin jardun du, baita Elias String Quartet, Cuarteto Quiroga, Lucas Macías eta beste hainbatekin ere.

Cuarteto Quiroga – Abuztuak 18, 20:30

Gaur egun publikoak ia gogoratzen ez badu ere, Manuel Canales izan zen, ziurrenik, XVIII. mendeko ganbera musika konpositore garrantzitsuena Espainian. Emanaldiaren lehen zatian, Cuarteto Quirogak, zeinak betidanik egin duen lan konpositore espainiarren laukoterako musika berreskuratzen, Canalesen Hari laukotea sol maiorrean interpretatuko du, Joseph Haydn konpositorearen Hari laukotea op. 74 obrarekin batera. Esan genezake Haydn izan zela Canalesen garaikide gailenena Europa mailan. Bigarren zatian, Cuarteto Quirogak 100 urteko jauzia egingo du Johannes Brahms konpositorearen 2. hari laukotea op. 51 obrari aurre egiteko. Brahmsek berebiziko garrantzia ematen zion hari laukotearen generoari eta soilik bere opus 51ko bi kuarteto argitaratzeko eman zuen baimena, bere aurreko 20 kuarteto inguru suntsitu ondoren. Hori dela eta, kuarteto honek garrantzia handia du bere ganberako musikaren konpositore ibilbidea ulertzeko.

2018an Espainiako Musika Sari Nazionala jaso zuen Manuel Quiroga biolinista galiziarra omentzen duen Cuarteto Quiroga laukoteak. Museo Cerralbo Fundazioko egoiliarra da eta Madrilgo Errege Jauregiko Stradivarius Bilduma Palatinoaren arduraduna izandakoa. Nazioarteko lehiaketa garrantzitsuenetan saritu dute (Bordele, Paolo Borciani, Geneva, Pekin, Paris, eta abar) eta RNEren Ojo Crítico saria eta Bartzelonako Palauko Urrezko Domina eman zizkioten. Maiz aritzen da munduko agertoki garrantzitsuenetan eta berekin kolaboratu izan dute M. Argerich, V. Hagen, V. Erben, J. Widmann edo J. Perianes-en tamainako musikariek. Cobra eta Harmonia Mundi zigiluentzat grabatu duen diskografia nazioarteko kritikak txalotu du eta ematen dituzten kontzertuak Europako eta Amerikako irrati kate garrantzitsuenek grabatu eta eman dituzte. Konpromiso sendoa dute sorkuntza garaikidearekin: Peter Eötvös, Cristóbal Halffter, J.M. Sanchez Verdú eta beste hainbaten obrak estreinatu dituzte.

Cuartetto Adorno – Abuztuak 25, 20:30

Musika Hamabostaldira egingo duen lehen bisitan, Cuartetto Adorno talde italiar gazteak askotariko programa heterogeneoa aurkeztuko du, Beethovenen lanetik hasi eta gaur egungo obretaraino. Beraien emanaldia David del Puertoren azken kuartetoaren mundu mailako estreinaldiarekin hasiko dute. Del Puerto konpositore eta gitarrista Francisco Guerrero eta Luis de Pabloren dizipulua izan zen. Horren ondotik, musika frantsesaren inoizko hari kuarteto garrantzitsuenetako baten konplexutasunean murgilduko dira, Claude Debussyk 1893an idatzi zuen horretan. Bere tinbrearen sentsualitateak eta tonuari dagokionez duen anbiguetateak eragin handia izan zuen inpresionismoaren hasieretan. Bigarren zatian, Cuartetto Adonok Beethovenen ganberarako obra gailenetako bati egingo dio aurre, 7. hari laukotea, op.59-ri, “Razumovsky” izenez ezagutzen diren hari laukoteetatik lehenari. 7. kuartetoaren azken mugimenduak Beethovenek Razumovsky Kondearen, Vienan 1806an Errusiaren enbaxadore zena, omenez idatzitako melodia errusiar bat dauka.

Quartetto Adorno nazioartean ezagutzera eman zen 2017ko Reggio Emiliaren “Paolo Borciani” Nazioarteko Lehiaketan, Silvia Colasantiren obra interpretatzeagatik hirugarren saria, publikoaren saria eta sari berezia irabazi zituenean. Lehiaketaren historiako hogeita hamar urteetan ez da beste laukoterik izan horrenbeste aitorpen jaso dituenik. 2018an Quartetto Adornok “V.E. Rimbrotti” hari laukoterako Nazioarteko Lehiaketaren hamargarren edizioa irabaztea lortu zuen; gainera, egonaldi artistikoa eman zitzaion Bruselako “Chapelle Musicale Reine Elisabeth” delakoan. 2019an “Una vita nella musica giovani” sari entzutetsua irabazi zuen eta urte horretatik aurrera CIDIM-ren (Musikaren Zabalkunderako Zentro Italiarra) laguntza izan du. 2019an bertan, Decca Italia zigiluak laukotearen lehen CDa argitaratu zuen, Zemlinsky konpositorearen 3. laukotea op. 19 lanarekin eta Brahms-en Klarinete eta harietarako boskotearekin, Alessandro Carbonare klarinetistarekin batera.