- Zikloa hilaren 1ean hasi zen eta abuztuaren 13ra arte luzatuko da. Kontzertu guztiak doakoak dira lekua bete arte.
- 40. Nazioarteko Organo Erromantikoko Ikastaroa, Organo Zikloari lotua, abuztuaren 5etik 9ra izango da, Thomas Ospital izango du irakasle eta 22 ikaslek eman dute izena.
Donostiako Musika Hamabostaldia osatzen duten zikloen artean ezagunenetakoa eta zabalenetakoa den Organo Zikloak guztira 15 kontzertu eskainiko ditu abuztuaren 1etik 13ra bitartean. Euskal Herriko eta nazioarteko organista ospetsuen eskutik, Zikloak munduan bakarrak diren organoez osatutako Gipuzkoako organo-ondare aberatsaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Horrela, 15 organo-jotzaile handiren eskutik, aurtengo edizioak Donostiako hainbat elizatako organoak (San Bizente, Iesu, Artzain Ona eta Koruko Andre Mariaren Basilika) eta Gipuzkoako hainbat herritan banatutako beste batzuk (Tolosa, Loiola, Deba, Ataun, Azkoitia eta Usurbil) berriro entzuteko aukera emango du. Organoa ardatz duen musika-proposamena hainbat kolaboraziok aberastuko dute: bertsolariak, perkusioa, haize-metala, etab., omenaldiak eta ezusteko bisualen bat Santa Marian eta Usurbilen.
Aurten 40. ediziora iritsi den Nazioarteko Organo Erromantikoko Ikastaroari dagokionez, beste urtebetez hainbat herrialdetatik iritsitako 22 ikaslek parte hartu dute. Ikastaroa gaur bertan hasiko da eta abuztuaren 9ra arte luzatuko da. Parisko Saint-Eustache elizako organo handiaren titularra den Thomas Ospital irakasleak emango du, eta bost egunetan zehar, Donostiako Koruko Andre Mariaren Basilikako Cavaillé-Coll (1863) organoan egingo da, batez ere. Gainera, partehartzaileek hiriko beste organo batzuk gertutik ezagutzeko aukera izango dute, baita Loiolako Santutegiko Cavaillé-Coll eta Azkoitiko Santa Maria Elizako Cavaillé-Coll organoak ere. Ikastaroa amaitzeko, ikasleek kontzertu bat emango dute hilaren 9an, Koruko Andre Mariaren Basilikan.
